Flamenkoaren izaera ezagutarazteko ekitaldiei txokoa egin diete Bilbon

Bilboko Ibaiondoko barrutian askotariko erritmoak entzuten ari dira egunotan. Gitarra espainiarraren soinuak airean dira Bilboko Udalak antolatutako 9. topaketa flamenkoa dela eta. Irailaren bukaerara arte, publikoak musika estilo hori ezagutzeko aukera izango du hiriburuan prestatu diren zenbait jardunaldi eta ikuskizunekin. Gainera, ikusi eta ikasi ahal izango da. Besteak beste, dantza, gitarra, kanta eta txalo-konpas ikastaroak antolatuko dira.

Eskaintza oparoa izango da, eta kontzertuak ez dira faltako. Musika emanaldi horiek larunbatero egingo dira, 20:00etan hasita. Bihar, aurten hil den Paco de Lucia gitarra jotzaile andaluziarraren omenez, doako kontzertu bat eskainiko dute zenbait artistak Bilboko Elizbarrutiaren Museoan. Emanaldiaz gain, musikariaren ibilbide artistikoa aztergai duten jardunaldia ere egingo da.

Irailaren 20an, New flamenco project izeneko errezital didaktikoa izango da Bidebarrietako liburutegian. Oscar Manuel musika zuzendariaren agindupean, bi musikari taldek tradizio flamenkoa eta klasikoa nahastuko dituzte pieza berriak sortzeko.

Topaketei eta kontzertuei amaiera emateko, hilaren 27an, tradizioa eta modernotasuna uztartzen dituen Emakumea eta flamenkoa izeneko zikloaren barruan, ikuskizun bikoitza eskainiko da Bilborock aretoan. Lehenengo, Maria Vargas flamenko kantariak errezitala eskainiko du. Ondoren, Ana Fargas artistaren eta Paco Jimeno musika eta arte zuzendariaren Más que palabras ikuskizuna izango da. Berbak konpas flamenkoekin eta Noelia Sabarea dantzariaren mugimenduekin lagunduko dituzte.

Emanaldi guztiak doakoak izango dira, azkena izan ezik; ekitaldi horretako sarrerak 15 eurotan salduko dituzte musika aretoan bertan.

Flamenko estiloko tailerrak

Musika ikuskizunez haratago, publikoak gorputza astintzeko ekitaldiak ere prestatu dituzte. Horien bidez, flamenko erritmoak ikasi, kantatu eta oinarrizko ezagupenak barneratzeko aukera izango du hil bukaera arte egingo dituzten tailer didaktikoetan.

Ekintzak asteartean hasi ziren jada. Dantza, gitarra, kanta eta txalo-konpas tailerretarako hastapeneko jardunaldiak antolatu zituzten musika eta flamenko dantzaren oinarrizko ezagupenak dituzten pertsonentzat. Helburu nagusiak perkusio flamenkoaren oinarri erritmikoak eta melodikoak gertutik ezagutzea eta dantzaren oinarrizko mugimenduak ikastea izan ziren.

Baina musika estilo hori gustukoa dutenek ikastaro gehiago izango dituzte eskura. Hurrengo tailerra astelehenean izango da, hilak 15, San Frantziskoko Udaltegian. Bertan, gazte eta helduentzako flamenko dantza eskolak eta txalo-konpas tailerra izango dira.

Irailaren 22an, ostera, parte hartzaileek kantan eta gitarra jotzen ikasteko aukera izango dute. Tailerretan izena emateko epea zabalik dago Bilboko Udaleko webgunean. Ikastaroetan parte hartzeko, 25 euro ordaindu beharko dira. Baina eskainitako plaza kopurua baino eskari handiagoa badago, zozketa bat egingo du udalak; lehentasuna izango dute barrutian eta Bilbon oro har erroldatutakoek.