Lehenengo murgiltzea

Europako Kirol Hiri izendapena jaso izana ospatzen ari da oraindik Getxo. Eta, horretarako, kirol ekitaldi mordoa antolatu du urte osoan, ohikoak izaten dituen ekintzez gain. Iaz hasi ziren Ur Jaialdia egiten. Eta bihar egingo dute bigarrenez. Hala, urpeko igeriketa, belaontzian nabigatzea, arraunean egitea edo kayak batzuetan ibiltzea izango dira aukeran egongo diren ekintzetako batzuk. Arriluze inguruan eta kirol portuan egingo dira ekintza guztiak. Parte hartzeko, izena eman behar da aurretik, klubetako irakasleek ezingo dutelako nahi beste lagun hartu ikasle modura. Horretarako, getxoaktibatu@getxo.net helbidera idatzi behar da.

Getxo Kirolak kirolaren sustapenerako udal erakundeak koordinatuko du jaialdia, Getxoaktibatu! izeneko programaren barruan. Helburua da herritarrak dinamizatzea eta uretako kirolerako zaletasuna piztea. “Uretan egin daitezkeen kirolak ezagutarazten ditugu egun batez. Getxoztarrek probatzeko aukera izango dute, eta, gustuko badute, agian, kirol horretan jarraitzera animatuko dira”, adierazi dute udaletik. Azken batean, 2014an hiriak duen izendapenaren funtsa hori da: kirolari emandako bultzada eskertu eta aitortzea, baina, era berean, sustapen hori areagotzeko programak martxan jartzea. Horregatik, Getxon dauden ur kiroletako klub guztiek eta inguruko herrietako batzuek parte hartuko dute Ur Jaialdian. Euren egitekoa izango da bakoitzari dagokion kirola ezagutaraztea eta parte hartu gura duten herritarrei kirol horretako doako eskolak eskaintzea. Hau da, jaialdian parte hartuko dutenek bihar kirol horietan zelan aritu ikasiko dute, batere ordaindu barik.

Itxas-Dive urpekaritza kluba izango da horietako bat. Zierbenan dauka egoitza. Urte osoan askotariko ekintzak antolatzen ditu. Besteak beste, era bateko eta besteko ikastaroak: urpekaritza, urpeko arrantza eta urpeko argazkilaritza. Biharko jaialdian, Tutu bidezko urpekaritza eskolak eskainiko dituzte, ur azpian ibiltzen ez dakitenentzat. Parte hartzeko ipini duten baldintza bakarra: hamalau urte beteta izatea.

Egoitza kirol portuan bertan duen Pakea Getxo bela eskolak belaontzietan ibiltzen irakatsiko du. Eskolako kiderik ezagunena, zalantzarik barik, Unai Basurko da. Pakea Bizkaia belaontzian hainbat abentura eta txapelketatan parte hartu izan du. Belaontzian ibiltzen irakastearekin batera, Pakea eskolakoek itsasoak duen bioaniztasunari buruzko kontzientzia pizteko ahalegina egiten dute beti. Eta biharko ere eginbehar hori ipini diote euren buruari.

Baita umeentzako karpa ere

Getxo Arraun eta Getxoko Kayaka Piraguismo klubek itsasorako irtenaldiak antolatu dituzte.Getxo Arraunekoen ikastaroan parte hartu gura dutenek, traineruan egingo dute txangoa. Getxoko Kayaka Piraguismo klubarenean, kayak batean. Belaontzian, traineruan eta kayaketan ibiliko direnek, gutxienez, zortzi urte beteta izan behar dituzte.

Horrez gain, haurrentzako ur kirol ekintzak izango dira. Arriluzen atonduko duten karpa erraldoi batean egingo dira, 11:00etatik 14:30era. Horietan parte hartzeko ez da izenik eman behar, eta, besteak bezala, doan dira.

II. Ur Jaialdia

Itsasoan egin daitezkeen kirolak ezagutu eta parte hartzeko jaialdia antolatu dute biharko Getxon. Arriluzen eta kirol portuan izango da.