Munduko saskibaloi koparen aitzakian, milaka atzerritar ibili da azken bi asteotan Barakaldo eta Bilbo artean. Batez ere, Finlandia eta Turkiako taldeen jarraitzaileak etorri dira euren jokalariak animatzera. Ekonomiarentzat lagungarri izan dela uste dute erakunde publikoek. Eta era berean erakusleiho gisa baliagarri izan daitekeela sinetsita daude. Aurtengo udan bisitariak erakarri dituen ekitaldi nagusienetako bat izan da atzora arte BECen jokatu den kirol norgehiagoka. Baina ez bakarra. Bilboko BBK Live jaialdiarekin hasi, eta Aste Nagusiarekin jarraitu: 2014ko uda bereziki ona izan da Bizkaiko turismoarentzat.
Hiru hilabeteon balantze zehatza egiteko, irailaren 19ra arte itxaron behar da, orduan emango baititu Eustatek Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako abuztuko datuak. Baina turismo bulegoetan eta hoteletan argi dute aspaldiko urterik onena izan dela. Kasurako, uztailean Bilboko okupazioak %40 egin zuen gora, iazko hil berberarekin alderatuta. Mercedes Rodriguez Bilbo Turismoko zuzendariak honako zenbaki hau gehitu du: urtarriletik uztailera bitartean, Bilboko Udalaren turismo bulegoetara 2013ko lehen zazpi hiletan baino %38,76 gehiago joan dira informazio eske. “Turista guztiak ez dira bulegoetara joaten. Baina doazenen zenbatekoak gora egitea adierazle argia da. Bisitariek, oro har, gora egin dutela esan gura du”.
Ekonomiaren Sustapenerako diputatu Imanol Pradalesek Guggenheim museoaren uztaileko bisitarien kopurua nabarmendu du: 122.437 lagun etorri dira. Aurtengoa, bada, inauguratu zenetik izan diren uztail jendetsuenen artean bigarrena izan da. “Turismoaren datuak nondik nora joango diren aztarna garrantzitsu bat ematen digu horrek. Aurtengoa uda bikaina izan da”, nabarmendu du.
Rodriguezek argi dauka: aldaketa nabarmen bat gertatu da hirian. “Bilbo hiri turistiko bihurtzea lortu dugu. Hau da, jendeak atseden egunak non igaroko dituen erabakitzen duenean, bere aukeren artean Bilbo egoten da. Lehen ez zen horrela gertatzen”. Beste era batera esanda, bisitariak bereziki negozio kontuengatik datozen gizon-emakumeak izaten ziren lehen, baina apurka oporretara datozenak nabarmentzen hasi dira estatistiketan. Eta horrek beste arlo garrantzitsu batean ere izan du eragina. Lanagatik etortzen direnek egun gutxi egiten dituzte Bilbon. Batez beste, gau bakarrean lo egiten dute. Udatiarrek, ordea, denbora gehiago behar dute inguruak bisitatu, ikusi eta ezagutzeko. Gutxi gorabehera, bost bat egun igarotzera etortzen dira. “Oporretara datozenen zenbatekoak gora egin duenez, gurean igarotako gauen batez bestekoak ere gora egin du aurten. Hiru gautara iritsi da”.
Madrildik eta Kataluniatik etortzen dira bisitari gehienak. “Krisiak eraginda”, azken urteetan kataluniarren kopurua “dezente” apaldu da. Aurten, baina, ohiko datuetara gerturatu dira. “Badirudi hango egoera ekonomikoa arean hobetu dela. Eta guk ere lan handia egin dugu. Hainbat kanpaina abiatu ditugu Katalunian azken bi urteetan”. Aspaldion, gainera, erruz ugaritu dira Europako beste herrialde batzuetako bisitariak. Uda partean edozein hizkuntza entzun daiteke. “Guggenheim museoak mundu mailako turismo mapan kokatu gintuen. Hari esker ezagutzen gaituzte, eta hiriaren eraldaketa ikustera etortzen dira asko”. Gertutasunagatik, frantsesak gailentzen dira. Ondoren, urteko sasoiaren arabera, italiarrak edo ingelesak ageri dira zerrendan. Hurrengoak dira alemaniarrak.
Bilbora datozen bisitariek hiria bilatzen dute. “Badakite hemen nekez aurkituko dutela egunero hondartzara joateko eguzkirik”. Horregatik, hiriburuak lau kontzeptu landu eta eskaini behar dituela dio Rodriguezek: kultura, gastronomia, merkataritza eta nortasuna. “Kultura eskaintza zabala daukagu, museo, erakusketa areto, antzoki eta jaialdiekin”. Hala ere, aitortu du ostalaritza eta merkataritza arloetan hainbat urtez herren ibili direla. “Garai batean, Bilbo hutsik geratzen zen abuztuan, eta ostalari eta merkatariek negozioa itxi eta oporrak hartzeko aprobetxatzen zuten. Gaur egun ere askok hala egiten dute, baina apurka joera aldatzen ari da. Guk ezin dugu inor behartu. Datuak ematen dizkiegu. Zenbat turista etortzen diren erakusten dugu. Esaten diegu hor badutela merkatu bat. Eurek erabaki behar dute zer egin. Era berean, ez ixtea erabakitzen dutenak saritu egiten ditugu”.
Kasurik nabarmenena Aste Santukoa da. Duela bizpahiru urtera arte, Bilbon 25 ostalaritza lokal baino ez ziren zabalik egoten bost jaiegunetan. Gaur egun, 400 inguru dira. “Aisialdi eta kultur eskaintza bermatu dugu Basque Fest jaialdiarekin. Eta aprobetxatzea erabaki dute”. Udan gehixeago kostatzen ari zaie. Aitortu du abuztuko lehen astean Bilbo lokartuta egon dela. Aste Nagusiaren osteko astea ere motela izaten da. “Aurten, bereziki eskatu diegu zabalik jarraitzeko, saskibaloi kopa dela eta”. Horri esker, askok, aste osoan jai hartu ordez, lehen bizpahiru egunetan baino ez du atseden hartu.
Bizkaia ez dago halakoetara ohituta. Erronka izan da guztientzat. Barakaldok eta Bilbok kontzertu eta enparauak antolatu dituzte. Rodriguezen esanetan, kirolak erakarri ditu zaleak, baina, horrez gain, kulturarako tartea izan dute, gastronomia dastatzeko gogoz etorri dira, eta erosketak ere egin dituzte. Aurretik, Bilbo Bizkaia turismo markako arduradunak Istanbul eta Helsinkin izan dira turismo eskaintza saltzen. Astelehenean atseden eguna izan zuen kopak, eta, beren beregi antolatuta, Bizkaian zeharreko txangoak izan zituzten, gustuen araberakoak.