Krudelkeria jasan dutenen egia, azalera

Jakina zenari frogak gehitu dizkiete Aranzadi zientzia elkarteko teknikariek, Urduñan egin dituzten lanen bidez. Bertako hilerrian egin dituzten indusketetan, 1937. eta 1941. urteen artean herrian egon ziren kontzentrazio esparruan zein kartzelan hildako hamalau presoren hobiak aurkitu dituzte, Jimi Jimenez Aranzadi elkarteko arkeologoak jakinarazi duenez. Gehiago badaudela jakin badakiten arren, hilerrian horma hilobiak eta bestelakoak eraikita daudenez, han behean lurperatuta jarraitu beharko dute.

Banaka ehortzitako gorpuak dira aurkitu dituztenak. “Berretsi egin dugu, beraz, hau ez dela ohiko hobi komun bat; hain zuzen, hilerriko gune bat prestatu zuten bere garaian, kartzelan hiltzen ziren presoak ehorzteko”. Ohikoa zen garai hartan kartzeletan hildako presoak gertueneko hilerrian hobiratzea.

Gorpuak hobitik atera aurreko fasea bukatzen ari zirela azaldu dio euren lana Jimenezek Bizkaiko Hitza-ri. Antropologo baten lana beharrezkoa dute orain. “Gorpuak gizonezkoak edo emakumezkoak ziren, gazteak edo helduak… Hori guztia ikertu beharko du. Informazio horrek ahalbidetuko luke berrestea aurkitutako gorpuak ustez hemen ehortzita dauden pertsonenak direla”.

Izan ere, herritarren lekukotasunak bazituzten adituek. Beraz, bazekiten non hilobiratzen zituzten kartzelan edo kontzentrazio esparruan hiltzen ziren presoak. “Jakina zen hemen kartzela bat egon zela”, zehaztu du Jimenezek. Prisioneros en el campo de concentración de Orduña liburuan jaso zuen haren inguruko historia Joseba Egiguren kazetariak. “Ordura arte Urduñan gertatutakoaren berri ez zuen inork landu, nahiz eta erregistro zibileko agiriak aurretik ere ezagutzen ziren”, salatu du Aranzadi elkarteko arkeologoak.

Kartzeletan gertatzen diren heriotzak erregistratuta geratzeak aurkikuntzak egiteko abantailak dakartzala azaldu du: “Artxiboetan azaltzen dira, eta ez dira eraildako edo desagertutako pertsonak bilatu behar”.

Nor den nor ebaztea, zaila

Asteburuan atera dituzte hobitik gorpuak, antropologoak bere lanari ekin ahal izateko. Guztira 12 metro luze eta 2,30 metro zabal den lur lagina da hilerrian aztertu dutena.

Jimenezen ustez, zaila izango da gorpuen identitatea ezagutzea. “Kartzelan zein kontzentrazio esparruan hil ziren pertsona guztien gorpuak berreskuratzerik ez dagoenez, oso zaila da ebaztea nortzuk diren atera ditugunak. Guztira, 225 inguru izan ziren, eta oso portzentaje txikia berreskuratuko dugu. Zaila izango da nor den nor argitzea”.

Egigurenek, bestalde, gogora ekarri du zelako egoera “penagarrian” bizi ziren presoak: “Gose izugarria zeukaten, lehenengo kontzentrazio esparruan, eta, gero, kartzelan. Elikadura baldintzak asko okertu ziren. Miseria handia bizi izan zuten: kolpeak, mehatxuak, tortura psikologikoa… denetarik. Beti besteen mende zeuden, zer etorriko zitzaien jakin gabe. Babesgabetasun egoera izugarria zen. Gerra bateko galtzaileak ziren”.