Beste urte batez, Zeanuriko ermiten mendi martxa antolatu du Joko Alai elkarteak; biharkoa 27. ekitaldia izango da. Mendizaleak goizean goiz abiatuko dira, frontoitik. 07:30ean dute ordua.
Erantzun zabala jaso ohi duen ekitaldia da Zeanuriko martxa. “Eguraldi ona eginez gero, bostehun pertsona inguru” elkartu ohi dira ibilbidea egiteko, Irune Zuluaga elkarteko kide eta antolatzaileak jakinarazi duenez. Iaz 250 inguru izan zirela gogoratu du, euria egin zuelako.
“Inguruak ikusteko aukerak” bilakatzen du martxa erakargarri, antolatzailearen aburuz. “Jakinda ermitak mendi gailurretan egoten direla, handik dagoen ikuspegia eta igotzerakoan goza daitezkeen paisaiak” arrazoi nahikoa dira mendian ibiltzea gustuko duten zaleentzat. “Bazterrei begira gozatzeko” aukera ezin hobea ematen du, Zuluagaren esanetan.
Bakoitzak dituen gaitasunen arabera, 35, 28 edo 15 kilometroko ibilbidea egitea aukeratu dezakete parte hartzaileek. Joko Alaiko kideak gogorarazi duenez, martxa egiten dutenek ibilbidean bertan erabaki dezakete bata edo bestea egin: “Baliteke laburra egiteko asmoagaz ateratzea, eta bidean animatu eta ertaina egitea erabakitzea; edo ertaina egiteko asmoagaz atera eta osoa egitea”.
Baterako zein besterako, mendizaleak denak batera aterako dira. “Martxa laburra egiten dutenak plazara jaitsiko dira 15. kilometroan; hurrengoa aukeratzen dutenak 28. kilometroan jaitsiko dira plazara; luzean doazenak, berriz, buelta osoa egin ostean itzuliko dira abiapuntura”.
Hemeretzi ermita
Martxa luzea egiten dutenek hemeretzi ermita eta eliza bisitatuko dituzte. Aurten ere, azken urteetan egin duten bezala, ez dute bisitatuko Egiriñako Edurretako Amaren baseliza (Gorbeia).
Ibilbide laburra umeekin ere egiteko modukoa bada ere, zenbait herritarrek martxa geroago hasteko aukera emateko eskatu diete antolatzaileei. Horretarako, baina, “azpiegitura gehiago” beharko luketela dio Zuluagak, eta gaineratu du horretarako modurik ez dutela: “Ez gara jende asko, eta ezinezkoa da”.
Antolatzaileek azaldu dute martxak hasieran zituen helburu berei eusten diela, duela 27 urteko berei: goiza naturarekin harremanetan eta kirola eginez igarotzea, eta herritarrei eta kanpotarrei Zeanuriko inguru zabalak eta kultur ondarea ezagutzera ematea, hain zuzen. Izan ere, osotara, hogei ermita eta eliza daude sakabanatuta herrian.
Parte hartu gura duenak bihar bertan eman dezake izena, 06:45etik aurrera, herriko plazan, 10 euro ordainduta. 14 urtetik beherakoek lau euro ordaindu behar dute, eta beste horrenbeste elkarteko bazkideek. Ibilbidean zehar osasun zaintzarako, jana eta edariak banatzeko eta kontrolerako guneak egongo dira. Helmuga kontrola 15:30era arte egongo da zabalik. Amaieran, parte hartzaile guztiei saria banatuko diete. Frontoiko dutxak zabalik egongo dira.