Ohiko hormigoizko eraikinetatik haratago, eraikitzeko bestelako modu bat bultzatu dute Irune Uriarte biologoak eta Antxon Alkalde arkitekto teknikoak, natura errespetatzen duena. Getxon antolatutako lehiaketa bati esker, UKnatura (Uribe Kosta natura) ekinbidea martxan jarri zuten iaz. “Gizarteari natura errespetatu behar dela irakatsi behar zaio, eta guk ingurumen hezkuntza eta bioeraikuntza erabiltzen ditugu horretarako”, azaldu du Uriartek. Egunotan, proiektu berri batean murgildu dira Elorrion, eta Txintxirri haur eskolako hormak modu naturalean eraiki dituzte. Ondo bidean, lanak gaur amaitzea espero dute.
Proiektua martxan jarri zutenetik, ingurumena babestea xede duen hezkuntza filosofia sustatzen aritu dira. Batez ere, haur eta helduentzako ikastaroak eta tailer praktikoak antolatu dituzte, zenbait elkarte eta udalen laguntzaz. Horiez gain, hilean behin, beste aditu batzuekin elkartu, eraikinak bisitatu eta hitzaldiak prestatzen dituzte, euren lana ezagutzera emateko. Oraingoan, heziketa lan horri heltzeko, Elorrion ibili dira eraikuntza naturala edo bioeraikuntza sustatzen; hau da, eraldatu gabeko materialak, gertukoak eta ez-kutsakorrak erabiltzen dituen eredua zabaltzen.
Uriartek azaldu duenez, Txintxirri ikastolako arduradunek haur eskolako eraikin berria bioeraikuntzaren bidez eraikitzea erabaki zuten. Euren lana ezagututa, harremanetan jarri, eta Oreka arkitektura bulegoak diseinatu zuen proiektua. Gainera, azken bi asteotan, UKnaturak bioeraikuntzari buruzko ikastaro bat zuzendu du, hormak nola egin irakasteko. “Egun hauetan, hamabi lagun ibili gara iparraldeko eta mendebaldeko kanpoko hormak, hotzagoak direnak, lastozko fardelekin isolatzen. Ondoren, kareberritu egin ditugu”, azaldu du prozesua Uriartek.
Bi gazteek asko bidaiatu behar izan dute, beste aditu batzuen proiektuak gertutik ikusi eta ezagutzak partekatzeko; esaterako, Almerian (Espainia) eta Portugalen izan dira. “Ingurumena errespetatzen duten zentroak badaude, baina guk ez dugu ezagutzen eredu honi jarraitzen dion eskolarik. Ondo legoke apurka-apurka beste ikastetxeetan zabaltzen joatea”. Izan ere, eraikuntza tradizionalarekin alderatuta, bioeraikuntzak onura asko dituela dio Uriartek: “Umeek lasaitasuna nabarituko dute gelan; koloreak lasaiak dira, eta eman dizkiogun forma organikoek beste balio erantsi bat emango diote “.
Bestalde, parte hartzearen aukera azpimarratu du. “Edonork parte har dezake bioeraikuntzan. Gune natural sozialak sortu behar dira ingurumen hezkuntza lantzeko”. Eta ikasleek ere laguntzeko abagunea izango dute.
Baina lan karga handia da. Biologoaren ustez, bioeraikuntza hautatzen denean, esfortzu oso handia egin behar da. “Eskulana aurrezten da, baina bakoitzak egin behar duen lana gogorragoa da, eta gogo itzela izan behar da”.
Eraikitze eredu merkeagoa
Uriarteren arabera, herrietan, hirietan edo landa guneetan eraiki diren hormigoizko eraikin askok “kontraste handia sortzen dute ingurunearekin”. Hori dela eta, “garrantzitsua da naturarekin bat datorren eraikuntza sustatzea eta paisaian eragiten duen eragina gutxitzea”. Helburu horri beste bat gehitu diote: dirua aurreztea. “Abantaila ekonomikoak daude bioeraikuntza aukeratuz gero. Materialak, lurra eta lastoa, hurbileko inguruetatik hartzen saiatzen gara. Baliabide horiek merkeagoak dira, lurra lursail beretik hartzen delako eta lastoa ez delako garestia”.
Erroak bota dituzte Portugaleten, eta lokal bat zabaldu dute hezkuntza proiektu eta tailer berriak egiteko. “Ideia asko ditugu esku artean, eta jendea bioeraikuntza obretara hurbiltzen saiatuko gara”. Ikasteko hamaika aukera proposatzen dituzte: lastozko hormak egiten ikastea, karearekin egindako nahasketak hormetan jartzea, egurrarentzako berniz naturalak prestatzea, pigmentu naturalak erabiltzea… “Elorrion oso gustura ibili gara; denon artean atera dugu proiektua aurrera, eta gauza berriak ikasi dituzte”.