Getxo folk doinuek hartuta dago atzotik, Nazioarteko Folk Jaialdiaren eskutik. Domekara bitartean, hainbat kontzertu izango dira aukeran. Adibidez,Chambao entzun ahal izango da gaur Areetako Geltoki plazan, 21:00etatik aurrera. Hogei euro ordaindu beharko da sartzeko. Dena den, hainbat herritako musikaz doan gozatzeko aukera ere ematen du jaialdiak. 19:00etatik aurrera, Gaztela-Leongo Hexacorde y Vanesa Muela taldeak ikuskizuna emango du Geltoki plazako aparkalekuan.
Karibeko eta Afrikako doinuak iritsiko dira bihar, Osibisa taldearen eskutik. Taldea aitzindaria izan da leku horietako musika tradizionala beste soinu batzuekin batzen. 21:00etan hasiko dute kontzertua, Geltoki plazan. Sarrerak hamar euro balio du. Doako ikuskizunari dagokionez, Gaztela-Leondik iritsitako beste talde bat ariko da bihar ere: La Bazanca. 19:00etan hasiko du ikuskizuna.
Zelten musika doinuek amaituko dute Getxoko aurtengo jaialdia. Capercaillie Eskoziako taldeak melodia tradizionalak eta gaelikozko abestiak interpretatuko ditu. 20:00etan hasiko da kontzertua. Hamabost euro ordaindu behar da sartzeko.
Horren aurretik, baina, tangoaren erritmora dantzatu ahal izango da plazako aparkalekuan. Argentinako Fernando Valsega & Exilio New Tango taldeak 18:00etan ekingo dio ikuskizunari.
Horrez gain, Munduko Terrazako saioen barruan, La Niña del Cabo (Madril) ariko da gaur, 23:00etan. Bihar, Mallorcako BOC taldeak emango du kontzertua, leku eta ordu berean. Eguerdi aldera, bestalde, Ene Kantak taldeak haurrentzako Liburu magikoa ikuskizuna taularatuko du.
Urdufolk, gaur eta bihar
Urduñan II. Urdufolk jaialdia eta lehiaketa izango dituzte aurten. Gaur, 21:30etik aurrera, Feten Feten bikoteak eta Iñaki Plaza Band talde gonbidatuak emango dituzte kontzertuak, Foru plazan.
Bihar, bestalde, folk lehiaketa egingo dute, leku eta ordu berean. Triskele taldea eta Keltiar ariko dira lehian. Musika irlandarra eta zelta interpretatuko dituzte.
Folkez blai
Datorren eguenean hasi eta domekara bitartean, bestalde, IX. Folkez Blai jaialdia hartuko dute Ermuan, Orbe Kardinalaren plazan. Besteak beste, Coruña, Mallorca, Caceres eta Sevillako taldeen musika doan entzuteko aukera egongo da. Asteburu osoan, gainera, musika tresnen tailerrak izango dira.