Belaunaldi berriak lehen sektorera erakartzeko praktikak antolatu dituzte

Lehen sektorean belaunaldi berriek egungoen lekua hartzen dutela bermatzeko asmoagaz, gazteentzako praktiken proiektu bat jarri du martxan Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritza Sailak. Hain zuzen, hemezortzi gaztek izango dute praktikak egiteko aukera herrialde historikoko hainbat nekazaritza ustiategitan.

Gazte horietako bat Joseba Andoni Madariaga markinarra da. Berarentzat, “oso aukera ona” dira praktika horiek; “ikasitakoa praktikan jartzeko modu aproposa”. Izan ere, ahal izan duenean nekazaritzagaz lotutako ikastaroak egin ditu; beraz, ikasitakoa praktikan jartzeko aukera izango duela dio.

Denetariko lanak egin behar izan ditu orain artean Madariagak. Bizitza osoan gustuko izan duena, ordea, nekazaritza izan da. Markina-Xemeinen egingo ditu praktikak, Larruzen. “Artzainak dira. Ahuntzak eta ardiak dauzkate, eta esnekiak egiten dituzte. Batez ere gazta egiten dute”, azaldu du. Abuztuan hasiko da han lanean. Bi hilabete egingo ditu haiekaz.

Lana ez zaio oso arrotza egingo. Izan ere, berak ere badauzka ahuntz batzuk. Dozena bat, gutxi gorabehera. Berarentzat garrantzitsuena esnearen transformazioa egiten ikastea izango dela uste du. “Animaliakaz zelan jardun behar duen, parasitoak zelan hil, zein botika eman dakizkiekeen ikasi eta antzekoak ikasteko “gogotsu” dago.

Baldintza zailak

Denboragaz, ustiategi bat martxan ipini gurako luke berak ere. Finantzaketa arazoak dira, beretzat, zailtasun nagusia. Iaz tramiteak hasi zituen, fruta arbola txiki batzuk jarrita marmeladak egin eta, ahuntzak izanda, esnea lagun artean saldu ahal izateko. Administrazioek laguntza eskaini ziotela dio. “Aldundiaren eta udalaren aldetik, babesa izan nuen; diru laguntzak emateko prest zeuden”.

Dena den, azaldu du nekazari gazteentzat diru laguntza “oso onak” dauden arren lehenengo diru hori norberak aurreratu behar duela. Bankuetan, ostera, maileguengatik baldintza zorrotzak jarri zizkiotela dio: “Euro batengatik hiru eskatu zizkidaten”.

Etorkizunari begira sektore horren barruan aurrera egin gura badu, badaki bide bakarra apurka hastea dela. Izan ere, diru laguntzak jasotzeko gutxieneko batzuk eskatzen ditu foru aldundiak. Ezartzen dituzten baldintza horiek gehiegizkoak iruditu zaizkio. “Oiloak jarri gura badituzu, esaterako, 6.000 jarri behar dituzu”, azaldu du.

Berak ustiategi txikiagoa gurako lukeela dio: “Ahuntz batzuk, oilo batzuk eta otzara batzuk betetzeko modua” izan nahiko luke “familia batzuk hornitu ahal izateko”. Azken batean, lehengo baserrien antzeko bat antolatu gurako luke Madariagak: “Ortuari batzuk eta sasoiko produktuak. Etxean ogia ere egin nahiko nuke. Baina horretarako diru laguntza gutxi daude”.

34.500 euro

Praktika horiek finantzatzeko, 34.500 euro emango ditu foru aldundiak. Bi eta hiru hilabete iraungo dute, eta baratzezaintza ekologikoan eta tradizionalean; untxi, hegazti, ardi, ahuntz eta behi hazkuntzan; fruitugintzan, eta basogintzako mintegietan ariko dira gazteak.