“Egungo baliabiderik gabe, neskatila gisa lan gogorra genuen”

Norbaitek bizitza osoa itsasoari begira igaro badu, Ane Miren Sustaeta da hori (Lekeitio, 1944). Gazte-gazte hasi behar izan zuen kontserba enpresa batean lanean. Gero, goiz ezkondu, eta neskatila lanetan jardun zuen. Hiru seme itsasontzietan ari zaizkio beharrean, eta alabak bere bideari jarraitu dio: hura ere neskatila lanetan ari da.

Kontserba enpresan ari zen garaiko esperientziatik abiatuta, eta lan horretan luzeago ibili zen koinatak irakatsitakoa baliatuta, asteon hegaluzeen kontserbarako ikastaro bat eman du Kofradian, Lekeitioko VIII. Hegaluzealdiaren barruan.

Martitzen eta eguazten iluntzean eman zituen eskolak Sustaetak. Dozena bat lagun elkartu ziren, hegaluzea kristal potoetan, jateko prest, zelan prestatu ikasteko irrikaz. “Lau gizon ere tartean ziren. Bertokoak izan ziren gehienak, baina udatiarrak ere egon ziren”, adierazi du. Prozesu guztia irakatsi zien denei. “Hegaluzea moztu, egosi eta zelan paketatu”.

Azaltzeaz gain, erakutsi egin die zelan egin behar den, eskola praktikoen bitartez. Prozesuaren sekretuak partekatzeko, ez du izan inongo arazorik. “Hegaluzea, hasteko, ondo garbitu behar da”. Gero, egosten jartzen da. Gatz puntua hartua dio jada; beraz, kopurua zehazterik ez du izan. Gatz ur horretan ordu eta erdiz egosi behar dira hegaluzeak. “Arraina txikiagoa bada, ordu eta laurdenez izan behar da; tomatetarako poto txikiak badira, berriz, ordubetegaz nahiko dute”.

Egosketa denbora igarota, hegaluzea atera, lehortu eta hurrengo egunera arte geldi utzi ohi du Sustaetak. “Hurrengo egunean, azalak, hezurrak eta beltzguneak kenduta, zuri-zuri utzi behar da dena”. Hegaluzea sartuko den potoaren arabera, “neurri bat hartu eta zatiak” egin behar dira. “Poteetan sartzen dira orduan; betiere kontuan hartuta hegaluzearen alde politenak kanpoalderantz uztea”.

Hurrengo pausoa poteok olioz betetzea da. “Ziurtatu egin behar da olioak dena estaltzen duela, eta tapa ondo itxi”. Aurreko urteetako potoak erabil daitezke; tapak, ordea, berria izan behar du, beti. “Ez duela airerik hartuko bermatzen du horrek”.

Potoak ondo zarratuta daudela, maria bainuan egosi behar dira, urez erabat estalita. Sutan beste ordu eta erdi izaten ditu Sustaetak. “Lehenengoz egiten duenak pentsa dezake zerbait gaizki egin duela. Izan ere, irakiten hasten denean, olioa atera egiten da. Niri, lehenengoz egin nuenean, hala gertatu zitzaidan, eta atera egin nituen poteak”. Olio apur bat ateratzea, ordea, “normala” dela dio. “Ez da ikaratu behar”.

Sua itzalita, potoak utzi egin behar dira hoztu bitartean, berotan hautsi egin daitezkeelako. Ura epeltzen denean, potoak garbitu, ondo lehortu, eta prest daude. “Komeni da poteari noiz egin den zehazten duen eguna jartzea”. Era horretako kontserbek bi urtera arte iraun dezaketela dio adituak. Dena den, azaldu du normalean hurrengo urtean poto berriak egin aurretik jaten direla.

“Kontserba enpresetan hiru orduz egosten zituzten hegaluze handiak. Maria bainuan, latetan sartuta, beste hiru orduz izaten zituzten. Horrek, beraz, bost urteko edo hortik gorako bermea ematen du”. Hegaluzea txarto dagoen jakitea erraza dela dio, “potea zabaldu eta kirats handia botatzen du eta”.

Hegaluzearen garrantziaz

Hegaluzealdiak abuztuaren 2ra arte iraungo du. Hegaluzea Lekeitioko arrantzaleen oinarri ekonomikoetako bat dela ekarri dute gogora berau antolatzen duten San Pedro Arrantzaleen Kofradiak, Lekeitioko Udalak, tabernek eta elkarteek. Sustaetak, baina, penaz gogoratu du herrian ontzi bi besterik ez dela geratzen. “Itsasontzi asko izan ziren Lekeition; orain, ordea, bi baino ez ditugu; horietako bat, geurea”. Gogoan ditu portua ontziz betetzen zireneko garaiak, “portuan lekurik ere ez zegoenekoak”.

Sustaetaren semeetako bi ari dira lanean horietako itsasontzi batean: Kalamu II izenekoan, hain zuzen. “Bata patroia da; bestea, motorista”. Lekeition geratzen den beste ontzia Ondarzabal da. Hirugarren semea Seychelleetan du, hegaluzetara joanda. Eta alabak Sustaetaren lekua hartu du, hura erretiratu ostean.

Baldintza gogorragoetan

Ezkondu zenez geroztik egon da itsasoari lotuta neskatila ohia. Senarra ontzi bateko patroia zen, eta Sustaeta ere han sartu zen beharrean. Lan handia zutela du gogoan. Gaur egun dauden baliabiderik ere ez zuten garai hartan: “Mahukak daude egun. Gu otzarekin hasi ginen hasiera hartan. Uretara botatzen genituen soka bategaz lotuta, eta gero portuan bertan atera eta garbitu egiten genituen. Gero, kutxak iritsi ziren. Ezkabia handietan garbitzen genituen… Lan handia zen; moilan denbora asko egin behar izaten genuen, arrain asko hartzen zen eta”. Gizonen ardura ere haiek hartzen zuten. “Oharkabetu eta ordua iristen zenerako portuan ez bazeuden, haien bila joaten ginen”. Sarerik ez du sekula josi Sustaetak; saregin mordoa ezagutu zuen, hala ere.

Hegaluzea engainatu eta erakartzeko aparailuetan jartzen ziren arto bizarrak landutakoa ere bada. “Gaur egun koloretako plastiko batzuk jartzen dira. Orduan, arto bizarrak lixibatan jartzen genituen. Zuri-zuri geratzen zirenean, atera eta izara gainean banan-banan lehortzen jartzen genituen. Horren ostean, lisatu egiten genituen. Gero, multzoetan jarri behar ziren, eta hala eramaten zituzten itsasora”, ekarri du gogora. Azken 50 urteetan arrantzaren munduan izan diren aldaketak izugarriak izan direla adierazi du, bide batez.