Surflari eta kirol horren zalez beteta dago Sopela egunotan: Sopela Pro Junior surf txapelketa jokatzen ari dira egunotan. Arriatara hondartzan egiten ari dira proba. Atzo abiatu zen lehiaketa, eta domekara arte iraungo du.
20 urtetik beherako 140 surflari ariko dira norgehiagoka horretan, zein hobeto moldatu. Gizonezkoen zirkuituko bost probetatik bigarrena da Sopelakoa. Emakumezkoei dagokienez, sei probetatiko bigarrena da.
Sopelako txapelketa geldiune eta erreferente garrantzitsua da ASP Europako junior zirkuituan. Izan ere, ASPk berak maila horretako ekitaldirik garrantzitsuentzat jo du.
Hemengoen aukerak
Nazioarteko lehiaketa bat izan arren, hemengoek leku ona hartzeko aukera handia dute. Vasco Riberio Portugalgo surflaria da egun maila horretan liderra. Hark adierazi du lehiakideen artean etxekoak mehatxu handitzat jotzen dituela. Besteak beste, Natxo Gonzalezegaz ari beharko du norgehiagokan. Ethan Egiguren donostiarra ere arerio izango du. Bi horiek finalista izan ziren Portugalen jokatutako aurreko proban.
Emakumeen maila ere goraipatu dute surflariek. Hain zuzen, rankingaren buruan dagoen Guadalupe irlako Tessa Thyssenek Leticia Canales sopeloztarraren maila azpimarratu du. Ez alferrik: izan ere, faboritoen kiniela guztietan ageri da. Hain zuzen ere, Sopelako surflaria hirugarren lekuan geratu zen Portugalen. Horrez gain, Europako txapeldunordea izateaz gain, mundu mailan bederatzigarrena ere bada.
Andrazkoak protagonista
Emakumezkoen probak, bada, protagonismo handiagoa du aurten, kontuan hartuta surfaren munduko bi izarrek bat egin dutela aurten. Gizonezkoetan, gorengo maila horretan ari den izar bakarra dago aurtengo lehiaketan, antolatzaileek gogorarazi dutenez.
Munduko liderrak, Sopelan
ASP Europe Pro Junior Series zirkuituan parte hartzen duten gazteetako asko munduko WQS zirkuituan ere lehiatzen dira. Munduko junior txapelketarako sarbide zuzena da Sopelakoa. Hori horrela izanik, antolatzaileek azaldu dute aukera paregabea dela etxean bertan ikusteko denbora gutxiren buruan kirol horretan munduko lider bilakatuko diren surflariak. Peñatxuri surf taldeak antolatu du txapelketa. Sopelako Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Surfing Euskadiren babesa ere badute, Euskal Herriko Surf Federazioarenaz gain.
Sopela Pro Junior surf txapelketa jokatzen ari dira egunotan Arriatara hondartzan. Gaur, bihar eta etzi egingo dituzte probak.