Homeopatia, sendagaia?

Jon Legarreta

Aikor

Homeopatia, egia ala iruzurra, hori da koska. Zientziaren ikuspuntutik, gezur hutsa; eta kontsumitzaileen aldetik ere, iruzurra. Aztertu dezagun zergatik esaten dudan aurrekoa. Homeopatia hiru legetan oinarritzen da. Lehenengoa: sintomak sortzen dituen kausak sintomak sendatu ere sendatzen ditu. Bigarrena: substantzia bat zenbat eta gehiago diluitu, hainbat eta eragin handiagoa edukiko du. Eta hirugarrena: urak “oroimena” dauka. Hau guztia horrela izango balitz, esan nahiko luke, esate baterako, zianuroarekin kutsatu den pertsona bat zianuroarekin sendatuko litzatekeela; ardo-tanta bat duen ur botila bat edanez gero, arinago mozkortuko ginatekeela; eta ura garbitzen duen sistemek ez luketela hura garbituko, urak Historian zehar jasotako kutsadura guztia gogoan izango lukeelako. Beraz, argi dago zientifikoki ez daukala inongo oinarririk.

Baina argitu dezagun zelan egiten den produktu homeopatiko bat. Lehenengo eta behin, printzipio aktibo-tanta bat 99 ur-tantarekin (laktosa) diluitzen da. Hau 1CH bezala ezagutzen da. Ondoren, disoluzio berriaren tanta bat beste 99 ur-tantekin diluitzen da: 2CH. Eta horrela, etengabe.

Jakin behar dugu, kimikaren legeei jarraituz, 12CHtik gorako disoluzioetan ez dela ezta printzipio aktiboaren molekula bat ere mantentzen. Eta produktu homeopatiko batzuk 3.000 aldiz ere diluitu dira! Orduan, zer ari gara kontsumitzen? Argi dago: ura edo laktosa.

Askok “niri ondo egiten dit” esango diozue zuen buruari, eta egia izango da sendatzen garela, baina askotan gaixotasun arrunt bat, gripea adibidez, berez sendatzen da, edo askotan aipatu dudan bezala, plazebo efektuari esker egiten du. Sendagai baten eragina benetakoa izateko, plazebo efektuaren eragina gainditu behar du; osterantzean, ez da sendagaia.

Hau guzti hau aztertu ondoren, zergatik saltzen dira farmazietan homeopatiako produktuak? Erantzuna berehalakoa da: izugarrizko negozioa delako. Gainera, esan beharra dago, pilula horiek, ura edo laktosa direnez, ez digutela kalterik egingo, nahiz eta pote osoa irentsi. Hori bai, daukan azukrea dela-eta diabetikoek kontuz ibili beharko dute.