Arrano arrantzaleak berreskuratzeko proiektuan lanean ari da Aitor Galarza (Venezuela, 1960). Biologoa da, eta espezie horri gertutik egiten dio jarraipena.
11 arrano arrantzale ekarri dituzue. Zergatik Eskoziatik?
Arlo honetan beharrean dabiltzan Eskoziako eta Finlandiako taldeekin izan ditugu harremanak, herrialde horietatik hona arrano arrantzaleen kumeak ekarri ahal izateko. Egia esateko, herrialde biek eman digute lizentzia, baina Eskoziak urtero hamabi hegazti emateko konpromisoa erakutsi zuen, eta onartu egin genuen. Bost urterako baimena eman digu, eta horrek gure lana asko errazten du.
Iaz ere arrano arrantzaleak askatu zenituzten. Zelako esperientzia izan zen?
Hala da, iaz hamabi arrano gaztetxo ekarri genituen. Eskoziako Gobernuak urtero hamabi hegazti ekartzeko baimena eman digu. Aurten ezin izan dugu dozena osoa ekarri, saiatu arren, azken bi habiak leku oso arriskutsuan jarri behar genituelako, eta eskalatzailearen bizitza arriskuan jarriko genuke. Asmoa da 2013-2017 aldian, guztira, 60 kume ekartzea. Hainbeste kume ekartzearen arrazoia da gaztetxoen hilkortasuna oso altua dela; lehenengo bi urtetan, %80 ingurukoa, hain zuzen.
Zein da iaz askatu zenituzten arranoei egiten diezuen jarraipena?
Gaur egun Afrikan dagoen arrano bakarraren seinalea baino ez dugu hartzen. Senegalgo kostaldean dago, eta ondo dago. Abenduan hara joan nintzenean ikusi ahal izan nuen. Argazkiak atera nizkion, eta filmatu ere egin nuen.
Zein da proiektu honen helburu nagusia?
Helburu nagusia galdutako espeziea inguru honetan berriro ugaltzea da. Hala ere, helburu dibulgatiboa eta hezitzailea ere badu proiektu honek. Hala, ikastetxeekin ere lan egingo dugu. Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, heziketarako programa bat eskainiko dugu hurrengo ikasturtean, eta autonomia erkidegoko eskola guztiek lan egin ahal izango dute arrano arrantzaleari buruzko programa horrekin.
Orain arteko lana nola baloratuko zenuke?
Zaila da baloratzea orain arteko lana ikuspuntu biologiko batetik erreparatuz gero. Izan ere, hiru edo lau urte barru jasoko ditugu benetako emaitzak. Baina harrera publikoa oso ona izan da orain arte, jende asko gerturatu da gaiaren inguruan egin ditugun hitzaldietara, boluntario asko parte hartzen ari dira proiektuan, eta, administrazioek, bai Bizkaiko Foru Aldundiak bai Eusko Jaurlaritzak, laguntza mantentzen dute.