Suhiltzaile nahikorik ez

Bizkaiko suhiltzaile etxeetan ez dagoela behargin nahikorik salatu du LAB sindikatuak. “Gaixoaldiak-edo betetzeko ez dute ordezkorik jartzen; beraz, gutxieneko txandei dagokienez, foru aldundia ez da adostutakoa betetzen ari”, azaldu du Mari Sol Portelak, langile batzordeko kideak.

Suhiltzaile etxe bakoitzean egoera bat dela azaldu du. “Derion, esaterako, sei txanda daude, eta behar baino suhiltzaile bat gutxiagorekin ari dira lanean txanda guztietan”.

Gaixoaldiak-eta betetzeko borondaterik ez izateaz gain, lan poltsetan ere ez dutela behar beste behargin ohartarazi du Portelak. “Gasteizko Udalean oposizio bat bukatzen ari dira, eta askok jo dute bertara. Gipuzkoan, bestalde, gutxienez urtebeterako izango den eta gero luzatzeko aukera duen programa kontratu bat eskaini dute. Beste askok, beraz, hara jo dute”.

Bizkaian suhiltzaile oposizioak “oso korapilatsuak” direla salatu du langile batzordeko ordezkariak. “Urte eta erdi daramate martxan hemengo oposizioek. 1.500 ordu sartu behar izan dituzte horretan. Ezagutzen diren oposiziorik konplexuenak dauzka Bizkaiko Foru Aldundiak. Lau proba egin behar dira; gero, euskara azterketa, eta, horren ostean, hiru hilabeteko praktika saioa”.

Arriskuak

Gaur egun suhiltzaileek dituzten lan baldintzek “lan karga handiagoa eta arriskua” eragiten dutela deritzo Portelak. Gainera, egoera horrek ondorioak ez ditu beharginengan bakarrik. Izan ere, larrialdi egoera batean eskain dezaketen zerbitzua txarragoa ere izan daiteke. “Balmasedako suhiltzaile etxean, esaterako, bost suhiltzaile egon beharko lirateke. Hala ere, lau baino ez daude. Bi irteera egin behar badituzte, irteerotan binaka atera behar dutenez, etxea hutsik gera daiteke. Herritarrei eskaintzen zaien zerbitzuari dagokionez ere, arazoa sortzen du egoera horrek”.

LAB sindikatuaren ustez, egoera “kezkatzekoa” da, eta konponbidea jarri behar zaio “jasangaitza bilakatu aurretik”.

Hala ere, “aldundiak oraingoz ez du arazoa konpontzeko asmorik”, sindikatuak berak jakinarazi duenez. “Funtzio Publikoko zuzendariordeak ez dio sindikatuak planteatutako arazoari Segurtasun eta Lan Osasuneko Batzordean ekin gura, haren ustez gaur egungoa ez delako segurtasun arazo bat. Nonbait lantzekotan negoziazio mahaian landu beharko litzatekeela dio”, azaldu du Portelak.

Horren harira, nabarmendu du “negoziazio mahaia etenda” dagoela. Hitzarmena egiteko orduan sortutako tirabirek eragin dute egoera hori. “Proposamen ekonomiko bat egin ziguten. Guk gutxieneko baldintza batzuk aurkeztu genituen. Eta ez geunden ados proposamenagaz, ez zituelako jasotzen pribatizazio kontuak, zerbitzu publikoaren mantentzea eta antzekoak. Azken bileran, gainera, eurek egindako proposamen ekonomikoa ere ezin zutela errespetatu esan ziguten, eta atzera bota zuten. Burla egoera bat zen hura. Eta irailera arte bertan behera geratu zen guztia”, azaldu du Portelak.

Lanpostu gehiago

Gaur egun martxan dauden oposizioetan 23 suhiltzaile berri kontratatzea aurreikusten du Bizkaiko Foru Aldundiak. Sindikatuak dio 46 lanpostu daudela hutsik. Oposizioak bukatzen direnerako, 50etik gora izango direla aurreikusi dute, “lanerako ezintasunen bat lortzeko edo erretiratzeko prozesuan daudelako batzuk”.

Egoera hori dela eta, 23 lanpostu aurreikusten dituen deialdi horrek kopurua handitzeko aukera jasotzea gura du LABek. Diputazioa horretarako gai dela esan du Portelak. Izan ere, gaur egungo oposizioak amaitu ostean beste batzuetara deitzeko beharrizana ikusiko balitz, horiek egin bitartean denbora asko igaroko litzatekeela deritzote sindikatuko ordezkariek. Eta hori “jasanezina” dela dio: “Egoera honi irtenbidea eman behar diote berehala. Suhiltzaileek ezin dute gehiago beharra baldintza horietan egin”.