“Iragana ikertzea munduan zer toki duzun ulertzeko bide bat da”

Urpeko arkeologotzat eduki beharrean, itsas arkeologotzat dauka bere burua Jose Manuel Mates Luquek (Bilbo, 1969). “Itsasoko arkeologia aipatuta, edonori burura datorkio hondoratuta dagoen ontzi baten bila sartzen den urpekari bat”, azaldu du. “Lurrean itsasontzi bat aurkitzen badugu, ordea, ez dut erabili behar uretako betaurrekorik, oxigeno botilarik zein neoprenozko trajerik. Beraz, ez naiz ari urpeko arkeologia garatzen, itsasokoa baizik”, argitu du. Itsasontziez gain bestelako gauzak ere ikertzen dituela azaldu du; besteak beste, “portuetako egiturak zein kaiak”.

Mates Luquek gogorarazi du arkeologoak indusketak egin eta aurkitutakoa “dokumentatu” behar duela. Azaldu du “teledetekzio sistemak gero eta gehiago” erabiltzen direla: georradarra, ekorketa sonarra, hondoa zeharkatzeko aparatua eta protoien magnetometroa, besteak beste.

Bakion aspalditik du proiektu bat zabalik. Itsasontzi bat dago uretan, harea azpian. “Denborale batek harea kentzean, kanoi batzuk azaldu ziren 1985ean. Abisua eman zen, eta arkeologoak esku hartzen saiatu baziren ere, ez zuen emaitzarik izan”, ekarri du gogora.

1999an ekin zioten berriz ontzi hura aztertzeari. Urte hartan, Miguel Uriarte bakiotarrak, udalaren laguntzagaz, zenbait tresna atera zituen itsasotik, “tartean kanoiak”. 2004an, aldundiak uretatik kanpo zeuden material horiek ikertzeko lana eman zion Mates Luqueri. Horrez gain, hondoa aztertzeko ere eskatu zioten, bestelako materialik ote zegoen jakiteko.

Uriarteren eta udalaren laguntza izan ditu Matesek informazio guztia eskuratzeko. “Zundaketa bat egin genuen, hondoan indusketarik egin gabe. Ikusgai zegoena dokumentatu baino ez genuen egin”. Dioenez, metal detektagailu bat eraman zuen, 1.200 metro koadroko eremu hartan metalik zegoen aztertzeko. “48 anomalia metaliko” aurkitu zituzten. Beste zundaketa bat egin gura du orain. “Esaterako, 5×5 metroko eremu bat mugatu, indusketak egin ahal izateko. Ea zer aurkitzen dugun”.

Material metalikoez gain, eremu hartan beste era bateko materialak ere egon daitezke, arkeologoaren ustetan: beira eta zeramika, besteak beste. Hala ere, zehaztu du “metalikoak izan direla” orain arte ateratako pieza guztiak: “Ateratako 33 piezetatik, 32”. Horregatik uste dute era horretako material gehiago aurki dezaketela: “Aingurak, kanoi bolak, kanoi gehiago, bilurrak eta bestelakoak”.

Itsasontziaren hondakinak egon daitezkeela ere uste dutelako egin gura ditu zundaketa eta indusketa lanak: “Zur iltzeekin, gainera, ontziaren atal batzuek seguruenik egiturari eutsiko diote. Ez dakit, ordea, zein atal izango den eta zenbateraino aurkituko dugun ere; seguruenik, kroskoaren zatiren bat geratuko da, zuakerren bat, eta zorte apur bat badugu, gilaren atalen bat ere aurkitu ahalko dugu… Pieza interesgarriak, laginketa bat egin eta aztertzera bidaltzeko”.

Karbono-14 probaz gain, dendrokronologia teknika ere erabil lezakete ikerketa horietan: “Zuraren eraztunak ardatz dituen zientzia da. Arbolaren jatorrizko klimaren eta herrialdearen arabera, eraztun horiek jarrera bat edo beste hartzen dute. Dendrokronologoek esan diezazukete zein basotan moztu zen zuhaitza eta noiz. Horrek ontziaren zuraren jatorria jakiten laguntzen du, eta, beraz, ontziaren historia ezagutzen”, ondorioztatu du.

Ontzia “britainiar jatorrikoa” dela uste dute. Han aurkitu dituzten tresna esanguratsuenetako bat “txinparta moskete bat da”, short land pattern eredukoa, 1779koa. Datu horri esker, “badakit, gutxienez, garai hori baino lehen ezin izan dela hondoratu itsasontzia”.

Uste du seguruenik militarra izango zela itsasontzi britainiarra, aurkitutako material guztia militarra delako. “Zortzi kanoi daude uraren kanpoaldean, kareleko kanoi txiki bat, bost kanoi bala biribil, hiru palankatxo, bi txinparta moskete eta kortxozko tako bat”. Kalkulatu du gutxi gorabehera 20 metroko luzera duen itsasontzia dela. Haren ustez, “nabigatzen ari zela, arazoren bat izango zuen, eta, babes bila kostaldera gerturatu eta hondoa jota, Bakiora gerturatuko zen, ziurrenik itsasontzia eta, batez ere, tripulazioa salbatzeko leku bila”.

Ontziaren historia ezin dezake xehetasun osoz kontatu. “Susmoak baditut. Hala ere, ezin dezaket ziurtatu. Artxibo edo agirietara eramaten gaituen informazio gehiago dugunean, historia itxi ahal izango dugu. Esango nuke ontzia britainiarrena balitz kapitainaren eta tripulazioko kideren baten ondorengoak aurkituko genituzkeela, britaniarrak oso onak direlako genealogiak egiten”, iritzi dio. “Batek daki, dena den, “ontzia bertokoa izan eta britainiarren armak ez ote zekartzan”. Horrexegatik deritzo hain garrantzitsu zuraren analisiari.

Mates, bestalde, Bilboko kaiak lehengoratzeko lanetan ere aritutakoa da. “Iaz Arriagako kaia konpontzeko kontrol arkeologikoa nik egin nuen”, azaldu du. “Denboran atzera egitea eta aztarnategi bat dagoen lekuan zergatik dagoen ulertzea” gustatzen zaio Matesi gehien. “Iraganerako leiho bat da, eta urte askoan lehenengoz zuk duzu ikusteko aukera. Iragana ikertzea da abenturarik onena, munduan zer leku duzun ulertzeko bidea. Nondik zatozen eta nora zoazen jakiteko”.