Lasai egoteko dio udalak

Meatzaldea Bizirik elkarteak eta herritarrek agertutako ezinegon eta kezka ikusirik, lasai egoteko esan du Muskizko Udalak. Gogorarazi du eskumena Eusko Jaurlaritzarena dela. “Oraingoz idatzizko agiririk ez badugu ere, Jaurlaritzak jakinarazi digu Petronorrek isuritako elementuak ez direla toxikoak osasunerako”, azaldu du Unai Landaburu Ingurumen zinegotziak. “Hala ere, lan hori Jaurlaritzari dagokio. Hark du eskumena azalpenok emateko; guk ez”.

Ingurumen Saileko teknikariek isurketen laginak hartu zituzten, isuria gertatu zenean. Udalak ez du alarmarik piztu gura: “Lan horretan diharduen teknikari batek esaten badigu elementuok ez direla toxikoak, administrazioak dioena sinetsi behar dugu; ez daukagu ez fidatzeko arrazoirik”.

Abanto, Muskiz eta Zierbenako alkateek batzarra egin zuten joan den astean Eusko Jaurlaritzako eta Petronor findegiko ordezkariekin, enpresaren jardueraren jarraipen batzordean. “Petronorrekoek esan ziguten beharrezko neurriak hartuko dituztela era horretako beste isurketarik gerta ez dadin”.

Zinegotziak badaki herritarrak “osasunagatik kezkatuta” daudela. “Nire ustez, kezkatu egin behar dugu zerbait kezkagarria den zantzuak daudenean. Izan ere, hitz egitea oso erraza da”. Iruditzen zaio alarma “oinarri sendorik gabe” zabaldu dela gizartean. “Sendagilearenera baldin banoa, zein gaixotasun dudan esan beharko dit. Zer dudan esan arte, kezkatuta egon naiteke, baina ez dut alarmismorik sortu behar”.

“Politikari gisa, oinarriak dituen agiriak” gura ditu Landaburuk, isurketak arriskutsuak direla sinesteko. “Ezin dezaket berba egin jendeak esaten duena oinarri hartuta; gainerakoan, zoratu egingo ginateke guztiok”.

Onartu du udalean herritar askoren abisuak jasotzen dituztela era horretako isurketak gertatzen direnean. Gogora ekarri du teknikariak lanerako prest dituztela 24 orduz. Era horretako abisu bat jaso bezain laster, larrialdietako plana jartzen dute martxan. “Dei bat badago, aurrealerta egoeran jartzen gara berehala”.

Hortik aurrera, eskumena duen organismoagaz jartzen dira harremanetan, erabaki bat hartzen lagun diezaien. “Beraz, dei guztiei erantzuten diegu eskura daukagun informazioagaz”.

Landaburuk azaldu du gomendioa egiten dutela herritarrek dei horiek udalera egiteko: “Gu eskumena duen organismoagaz harremanetan jarriko gara segidan. Han esaten digutena da guk, gero, herritarrei jakinarazten dieguna”.

Zuzenean, beraz, ez diete inongo gomendiorik ematen era horretako isurketen berri izateko kezkatuta deitzen dutenei: “Nik ezin diet esan etxean geratzeko, leiho eta pertsianak ixteko, ez ateratzeko… Alarmismoa sortuko genukeelako”.

Oregiren azalpenik gabe

Ana Oregi Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak ez du Eusko Legebiltzarrean azalpenik eman beharko ekainaren 21ean eta uztailaren 2an Petronorren gertatutakoari buruz. EH Bilduk eskaria egin bazuen ere, ez du horrelakorik egingo.

Eusko Legebiltzarreko Diputazio Iraunkorrean proposamen horren aurkako botoa eman dute, hain zuzen, EAJ, PSE-EE, PP eta UPD alderdiek. Koalizioak baino ez du babestu eskaera. Dani Maeztu legebiltzarkideak kritikatu egin du ezezkoa eman duten alderdion jarrera, eta leporatu die “Petronorren interes ekonomiko pribatuak berriz ere babestu” dituztela. “Enpresa multinazionalek nahi dutena egiteko baimena dute, kutsatzeko eta herritarren osasuna arriskuan jartzeko. Hori da EAJ, PSE-EE, PP eta UPD alderdiek eta Jaurlaritzak zabaltzen duten mezua darabilten arduragabekeria politikoagaz”.