Esan ohi da filosofo onenak bizitza hitz gutxitan laburbiltzen dutenak direla, eta Bittor Kapanagak hirutan definitzen zuen berea: “iz, in eta il”; izan, egin eta hil. Euskal pentsalari handienetako bat zen; etorkizuna argitzeko atzera egin behar zela esaten zuen. Logikoa zen, zekienari buruz mintzatzen zen, eta bere ideiak defendatu zituen, nahiz eta askotan haize kontra joan.
Bittor Kapanaga Otxandion jaio zen, 1925ean. Gazte utzi zuen eskola, baserrian lan egin eta bere kontura hezteko. Baina horrek ez zuen atzean utzi; alderantziz, jakintza izugarria bereganatu zuen, eta autodidakta izateak askatasuna eman zion ezarritako dogma eta pentsamoldeetatik at aritzeko.
Kapanagak eredu intelektual burujabea proposatzen zuen, norbere baitatik eraikitako mundu ikuskera. Baserriarekin zuen loturak ere bere ikerketa eta lanen bi oinarriak definitu zituen: euskara eta natura. Askotan kritikatu zuen euskaran egin ziren “asmakeriak”. Patxi Alaña hizkuntzalariaren esanetan, Kapanagak hitz baten esanahia jatorrian bilatzen zuen, iraganean, sustraietan. “Bittor Kapanaga denboran atzera eginda aurrera gehien ikusi duen pertsona da”. Hitzak “indukzioz”ateratzen zituen, eta uste zuen oraindik euskarak asko zuela deskubritzeko.
Otxandioko ‘rara avis’
Zaila da Bittor Kapanaga arlo bakarrean kokatzea. Xabier Kintana euskaltzainak “rara avis” deitu zion. Kooperatibismotik euskararen jatorrira, edozertan sakondu zuen otxandiarrak. Gontzal Mendibil abeslariarentzat, pentsalari handia zen, batez ere euskararen sustraietan ibili zena eta “argitasun” handia ekarri zuena. Hurbilekoek aztia esaten zioten. “Haren jakintzak harritu egiten gintuen, eta zer pentsatu ematen zuen beti”, azaldu du Mendibilek. Harentzat idatzi zuen Kapanagak besteak beste Araban bagare abestiaren letra. Kooperatibismoan ere murgildu zen; 1936ko gerran Otxandion suntsitutako industria berriz martxan jartzeko, gerora Ulma enpresa bihurtuko zena abiatu zuen.
Euskararen alorrean lan handia egin zuen Kapanagak, baina agian haren ekarpen nagusia 1978an argitaratu zuen Euskera erro eta gara liburua da. Argitalpen horretan, euskararen jatorrira hurbilketa egiten du. Euskarak hiru iturburu izan dituela dio, hiru eremu geografikotatik jasoak: iturburu mediterraneoa, piriniotarra eta iberiarra. Hori arrazoitzeko, sinonimia hirukoitzaren kontzeptua plazaratu zuen.
Patxi Alaña hizkuntzalariak adierazi duenez, “askatasunez lan egin zuen, baina haren teoriak ez dira inora joango, unibertsitateek ez baitute hankaz gora jarriko orain arteko guztia”. Horrekin lotuta, Iruña-Veleia aipatu beharra dago. Izan ere, Kapanagak esaten zuen euskara gutxi aldatu dela, eta Alañak azaldu du Iruña-Veleian gertatutakoa batzuen interesak mantentzeko izan dela. Haren ideiak hor daudela gogoratu du Mendibilek, eta badabiltzala lanean haren ondarea argitaratzeko.
Amatasunaren garrantzia
Kapanagak garrantzi handia ematen zion gizonaren eta emakumearen mundu ikuskerari. “Aitaren eta amaren eredua oso ezberdina da, eta Kapanaga amaren semea zen”, azaldu du Mendibilek. “Gaur egungo krisia eredu patriarkalaren emaitza da; kooperatibismoa, auzolana eta beste, ordea, beste eredu baten parte dira. Eta hori defendatzen zuen Bittorrek”. Kapanagaren ikuskeran, enpresariak “amek” izan beharko lukete, eta ez “aitek”. Erabakiak guztiz ezberdinak baitira. Kapanagak ontzat hartzen zuen euskaldunok Gabriel Arestiren aitaren etxea ikuspegipean lan egin izana, baina uste zuen atzera egiteko ordua zela; hau da, amaren ikuspegira bueltatzeko ordua. Mendibilen esanetan, planteamendu hori aurrerapausoa da, guk ezagutuko ez badugu ere etorkizunean posible izango dena.
Omenaldia Otxandion
Bittor Kapanagaren heriotzaren hirugarren urteurrenaren harira, omenaldi bat antolatu dute biharko Otxandion. Egun horretan, Kapanaga ezagutu eta harekin lan egin zuten asko izango dira. Hark idatzitakoei musika jarri zioten zenbait kantarik: Gontzal Mendibil, Niko Etxart, Josu Zabala, Patxi Villamor, Txomin Bengoa eta Xeberri, besteak beste. Xabier Amuriza, Unai Iturriaga eta Igor Elortza bertsolariak ere izango dira. Kantaldiaz gain, bazkari-solasaldi bat ere antolatu dute eguerdirako Otxandioko Korostondo jatetxean, Kapanagari buruz hitz egin eta haren ekarpenaz gogoeta egiteko.