Natalia Salazar Orbe
Hainbat arazo direla tarteko, asko eta asko dira euren seme-alabak behar bezala artatu eta zaintzeko modurik ez duten sendiak. Adingabeentzako egoitzak bihur daitezke ume horien etxe. Hala ere, premia handiak izaten dituzte haurrok. Eta egoitzok ez dute familia batek eman diezaiekeen babesa ordezkatzerik. Hala, aldundiak martxan jarri du denbora batez familia biologikoarekin egon ezin duten adingabeentzako harrera familiak bilatzeko programa: hamar pertsona edo familia behar dira 3 urtetik beherako haurrak premiaz hartzeko, eta, beste 25, 3 eta 13 urte arteko adingabeen beste kasu batzuei erantzuteko, aldi baterako harreren edo harrera iraunkorren bidez.
Benetan ez zaizula sartzen sehaska bat etxean? izeneko kanpainaren bidez azaldu nahi dute ume horien errealitatea, eta haien beharrizanez kontzientziatu. Gaur egun, 314 adingabe bizi dira abegi edo harrera familia batean. Horietako 214, aitona-amona edo osaba-izebekin. Alegia, gertuko senideekin. Gainerakoak, familia biologikoarekin zerikusirik ez duten sendietan daude. “Familia horiek adingabeak artatu, zaindu, elikatu eta hezten dituzte. Eta beharrezkoa den denboran arreta integrala ematen diete, berezko familiako kide bat gehiago izango balira bezala, nahiz eta jakin berez ez direla”. Horrela azaldu du egoera Isabel Sanchez Robles Gizarte Ekintzako foru diputatuak.
Joan den ostiralean egin zuten deialdia, eta, egun gutxiren buruan, 300 informazio eskaera jaso dituzte. Erantzun horri esker ona agertu zion Elena Unzueta bozeramaileak, joan den asteartean. Hala ere, iragarri du familia gehiago behar direla. “Hau hasi besterik ez da egin. Familia gehiago espero ditugu”. Izan ere, babesik gabe dauden hainbat adingabe ditu bere kargu aldundiak. “Nahiago genuke aldundiaren kargu adingaberik ez balego, horrek esan nahi bailuke euren familiekin daudela”.
Informazioa eskatzeko bi bide daude: acogimientofamiliar@ bizkaia.net helbidera idatzita edo 94-447 07 37 telefonora deituta.
Prozesua ez da erraza. Ume horiek euren gurasoengandik banandu behar dira. Askotan, muturreko egoerak bizi izan dituzte. Eta ezezagun batzuen etxera iristen dira, eta familiako beste kide bat bihurtzen. Familiok denbora, afektua, ardura eta laguntza ematen dizkien ingurune batean hazteko aukera eskaintzen diete umeei.
Halaber, guraso biologikoekiko harremanari eustea da helburua. Horretarako, bisitak arautzen ditu aldundiak. Harrerak adingabeei laguntzen die lotura berriak ezartzen, egoera fisikoa eta emozionala hobetzen, familia eredu egoki bat ezagutzen eta beren nortasunari eta gurasoekiko harremanari eusten. Hala uste du Sanchez Roblesek: “Harrerak haien iragana eta oraina ulertzen laguntzen die, eta etorkizun hobe baten aukera eskaintzen”.
Harrera familien sarean sartu nahi duten pertsonek balorazio eta prestaketa prozesu bat egin behar dute. 2016an, 24 familia berrik hasi zuten familia harrerarako prozesua Bizkaian. Horietatik, 18 gauzatu ziren.
Prozesu hori pasatuta, adingabe bat etxera eramaten dutenek profesionalen laguntza izango dute une oro; egunero-egunero 24 orduz lan egiten duen Gizarte Ekintza saileko diziplina anitzeko talde baten laguntza integrala, hain zuzen ere.
Hiru harrera mota daude: premiazkoa, sinplea eta iraunkorra edo mugagabea. Lehenengoaren helburua haurrak egoitza batera joatea saihestea da. Bereziki 3 urtetik beherako umeentzat da. Sei hilabetera arte egon daitezke umeak egoera horretan. Epe hori amaituta, familia biologikoak haien ardura har dezaketen aztertzen da. Bi urtera arte luzatzen diren harrerak dira sinpleak. Batzuetan, ordea, etxerako itzulerak luzeago jotzen du. Horietan ez da mugarik jartzen; eta iraunkor bilaka daitezke.
Lekukotza positiboak
Denboraldi labur edo luze batez harrerako seme-alaba edo harrera familia izan direnen esperientzien lekukotzak positiboak izan ohi dira. Horren adibide da 3 urterekin harrera etxe batera iritsi zen Jon Josebaren kasua: “Oso zaila izan zen. Jakin banekien ez zirela nire gurasoak. Hasieran, harrerak beldurra ematen die umeei. Denborarekin, konfiantza har dezakezu. Niri kostatu egin zitzaidan, baina gainditu nuen, eta, benetan, niretzat, nire familia bihurtu dira”.
Larrialdiko harrera bat egiteko prest agertu ziren, bestalde, Mari Kruz eta haren familia. “Bost hilabete zituela iritsi zen Irati gurera. Iraila zen. Egoitza batetik zetorren. Maitagarria zen, baina triste sumatzen zen; hori egia da. Hamar hilabete egin zituen gurean, eta joan zenean, beste ume bat zen. Oso esperientzia atsegina da, zoragarria. Baina zaila da, gero! Garai zailak daude: iristen denean, hemen dagoela, eta joateko ordua heltzen denean. Arrasto sakona uzten duen zerbait da”.