Hizkuntzak, osasunerako mesedegarri

Programak helburu bi izango ditu: euskaldunak ugaritzea eta ikerketa zientifikoa laguntzea. Txorierriko Udalen Mankomunitateak eta Donostiako BCBL Basque Center on Cognition, Brain and Language zentroak hitzarmena sinatu dute, eskualdean Garuna proiektua garatzeko. 60 urtetik gorako erdaldun elebakarrei euskara irakatsiko diete, eta, horren bitartez, ikertuko dute elebidun izateak gaixotasun neurodegeneratiboei aurre egiteko benetan babesa sortzen duen edo ez.

Orain arteko azterlan batzuen arabera, hizkuntza bat baino gehiago jakiteak halako eritasunak saihesten laguntzen du. “Besteak beste, Alzheimerraren aurka lagungarri dela diote zenbait ikerlarik. Gainera, arreta fokalizatzen eta distrazioak alde batera uzten ere laguntzen du. Eta, horrekin batera, hainbat gaitasun kognitibo hobetu egiten dira”, azaldu du Jon Andoni Duñabeitia Garuna proiektuko ikerlari nagusiak. “Bi hizkuntzak luzaroan erabiltzearen ondorioz, arlo kognitiboan sor daitezke ezberdintasunak, eta zahartzaroan ager daitezke nabarmenago”. Sinetsita daude elebidunen kasuan gaixotasun kognitiboen lehen sintomak elebakarretan baino beranduago agertzen direla. Batez beste, aurretik nazioartean egin diren ikerketek ondorioztatu dute ezberdintasun hori lau eta bost urte artekoa izan daitekeela. Uste dute bi hizkuntza erabiltzeak arretan dakarren ahalegin handiaren ondorioa dela atzerapen hori. Hala, hizkuntza gehiago jakiteak atzerapen handiagoa esan nahiko luke.

Hori hala dela egiaztatzeko, BCBLko ikerlariek banakako jarraipena egingo diete parte hartzaileei. Bakoitzaren garunen osasun egoera orokorra eta hobekuntza progresiboa baloratuko dituzte. Duñabeitiagaz batera, zientzialari taldea gidatzen ibiliko dira, besteak beste, Manuel Carreiras BCBLko zuzendaria eta EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Itziar Laka.

Urrian ekingo diote, euskara ikasleen ikasturte berria hasten denean. Parte hartu gura duten adinekoek Txorierriko Mankomunitatearen egoitzara edo kide diren sei herrietako —Derio, Larrabetzu, Lezama, Loiu, Sondika eta Zamudio— udaletxeetara jo dezakete informazioa eskuratu eta izena ematera.

Biztanleriaren laurdena

“Hirugarren adinean bigarren hizkuntza ikasteak ondorio zuzena izango du euren komunikatzeko gaitasunean, erreserba kognitibo handiagoa emango dielako”. Ikastaroak urte osoa iraungo du, eta doakoa izango da. Euskara eskolak Eusko Jaurlaritzak Derion daukan Helduen Hezkuntzako Ikastetxean jasoko dituzte. Irakasleak komunikazioan eta ikaskuntza naturalistan adituak izango dira, baita adinekoen heziketan espezializatuak ere.

Lander Aiarza Txorierriko Mankomunitateko presidentearen esanetan, bestelako onurak ere ekarriko dizkie programak adinekoei. Adibidez, azaldu du ikastaroetara joateak bizitza sozial aktiboagoa izaten lagunduko diela. “Luzaroan iraun dezaketen hartu-eman eta loturak sor daitezke parte hartzaileen artean. Eta etxetik ateratzeko beste aitzakia bat ere izan daiteke”.

Adinekoentzat izateak animatu zituen mankomunitateko kideak programan parte hartzera. “Biztanleria sektore hori zaintzea gustatzen zaigu bereziki. Hain zuzen, herritarren laurdenak dira”.