Aitzol Aramaio zinemagile ondarroarra gogoratzen duen Marabilli Sormen Festibala bi urtetik behin egingo dela adierazi dute Manuelistak taldekoek, jaialdiaren antolatzaileek. Era horretan, uste dute “jaialdiaren gose handiago” edukiko dutela herritarrek. “Hasieratik, jaialdia bi urtetik behin egin nahi genuen, baina, lehen bi urteetan, jaialdia bi urte jarraian egitea erabaki genuen. Alde batetik, jaialdia bera indartzeko, eta, beste alde batetik, jaialdia urte bakoitietan egin nahi genuelako, Ondarroako Erdi Aroko jaiagaz batera ez gertatzeko. Marabilli, beraz, urte bakoitietan egingo da hemendik aurrera”, azaldu du Kirmen Uribe Manuelistak taldeko idazle ondarroarrak.
Bi urte asko izan daiteke, ordea, eta, horregatik, ekintza batzuk egitea erabaki dute Marabilli Sormen Festibalaren antolatzaileek. Tartean-tartean egingo diren ekintza horiek Marabillatxu izena edukiko dute. Jaialdia bera lau egunetan kontzentratua egoten da, eta, hemendik aurrera, urte osoan tartean tarteko “harribitxi” kulturalez gozatzeko aukera egongo da Ondarroan. “Gauza txikiak, eta gauza ezezagunak izango dira asko”. Asteon izan da lehenengoa. Martitzenen gauean, Ondarroako Beikozini kultur areto berrian New York Ska Jazz Enssemble taldearen kontzertua izan zen. “Aitzol Aramaio oso mutil alaia eta skazalea zen. Egoki iruditu zitzaigun, bada, lehenengo Marabillatxu alor horretakoa izatea. Ska, jazz eta musika beltzaren inguruan nahiko talde ezaguna da New York Ska Jazz Enssemble taldea. Euskal Herrian lehen ere ibiliak dira, eta Ondarroan lehenengo bider egon dira. Martitzen bat izan arren, udan ondo pasatzeko aukera polita izan zen”.
Manuelistek uda ostean egitea espero dute hurrengo Marabillatxu. Zein alorretakoa izango den ez du aurreratu Uribek, baina antzerkia, zinema, literatura edo bertsogintza izan daiteke.
Ondo errotutako jaialdia
Aitzol Aramaio zinemagile ondarroarra zena gogoratzeko egiten da Marabilli Sormen Festibala. Aramaioren heriotzaren ostean, manuelistek zer edo zer egin behar zela pentsatu zuten, omenaldi modura. “Ondarroan jaialdi bat egin behar zela beti esaten zuen Aitzol Aramaiok, eta, bera hil ostean, pentsatu genuen polita izango zela Aitzol modu horretara omentzea. Ondarroa oso herri sortzailea da, artista asko daude. Hala, alor askotarikoak batzen zituen jaialdi bat egitea erabaki genuen. Ez bakarrik gozatzeko izango zen jaialdi bat, eztabaidarako ere balioko zuena ere egokia zela pentsatu genuen. Aitzoli egindako omenaldi bizi bat izatea nahi genuen. Polita da heriotza bat bizitzari lotzea”.
2012ko urrian egin zen lehenengo aldiz, eta, orduz geroztik, ondo errotu eta finkatu den jaialdi bat bihurtu da. “Lehenengo urtetik erreferente bihurtu zen Marabilli. Ez bakarrik eskualde osoan, bai eta Euskal Herri osoan ere. Prentsan asko agertu zen, eta luze-zabal jorratu zen. Bigarren urterako, jaialdia finkatua zegoen, eta ekintza gehiago egin ziren. Kanpoko jende gehiago erakarri genuen, eta jaialdiak beste dimentsio bat hartu zuen, eta hori guztia oso pozgarria da guretzat”; hala adierazi du Uribek.
Ondo errotzeaz gain, Euskal Herriko zinemagileen artean ere erreferente bihurtu da Marabilli. Topaketa moduan ere funtzionatzen du, “gogoetarako edo Euskal Herriko sortzaileak elkartzeko” balio baitu.