“Neurri gabe hazi dira landa eremuak”

Bizkaiko landa eremuen zenbaketari buruzko lehen zalantzak duela gutxi iritsi zaizkie Bizkaiko EHNE sindikatuko kideei. Batzar Nagusietan gaia eztabaidatu zutenean, hain zuzen ere. Hori dela eta, oraingoz gaia aztertzen ari direla zehaztu du Unzalu Salterain sindikatuko koordinatzaileak. Ez hori bakarrik, zenbaketa horrek izango lukeen eragina kasu bakoitzaren araberakoa izango dela ere uste du.

Abuztutik aurrera, Bizkaian dauden landa eremuen erdiak egongo dira. Aldaketa handia da.

Hala da. Baina aldaketa honetarako sakoneko arrazoia zein den ez dugu ezagutzen. Edozelan ere, kontuan hartu beharko litzateke azken 15-20 urteetan egon dela nekazaritza gune horien hazkunde neurri gabeko bat, eta era horretan gune horietan etxeak eraikitzea errazten zen. Nolabait ere, oso lotuta egon da etxebizitzen burbuilara.

Beraz, neurri positiboa ere izan daitekeela esan daiteke?

Ikusi beharko litzateke, ezin baita esan zein guneri eragiten dioten. Herriz herri aztertu beharko litzateke, neurri berak leku bakoitzean era ezberdineko eragina izango du eta. Hala ere, landa guneak normalean baserri auzoak izaten dira, eta inguru horietarako zein aurreikuspen dauden ere ikusi beharko litzateke. Izan ere, iraganean nekazaritza guneak handitu ziren bezala, orain alderantzizko joera ere gerta daiteke. Alegia, landa eremuetan eraikitzeko muga jarriz gero, biztanleria herri guneetara ingurarazteko erabakia egon liteke neurriaren atzean.

Egungo landa eremu askok izendapen hori galdu ondoren, zein izaera izango dute?

Ez dakigu, eta hori ere ikusi beharko litzateke. Oraindik herri askotan nekazaritza gune askok ez daukate azpiegitura egokirik jarrita, eta horregatik jakin nahiko genuke zein izaera izango duten aurrerantzean. Gaur egun ere, herri bakoitzak hirigintza plangintza orokorrak egiten dituztenean ez da baserri auzoei begira benetako plangintza bat aurrera eramaten. Hori dela eta, ikusi beharko da landa gune horiekin nola jokatzen duten, arautzeke geratuko delako.

Alde horretatik, udalek zalantza edo kezkarik agertu al dizuete?

Zenbait udalek kontsultak egin dizkigute, eta ikusi beharko da benetan herrietan zein eragin izango duen. Neurri berak eskualde ezberdinetan eragin ezberdina izan dezake eta.

Esate baterako, Txorierrin. Orain arteko zenbaketarekin alderatuz, eskualde horretan apenas geratuko den landa eremurik.

Espresuki Txorierrin etxebizitza ugari eraiki ziren higiezinen burbuila izan zen garaian. Asko areagotu zen joera hori. Betitik baserriek lur asko izan dituzte eskualde horretan, eta garai horretan erabili gabe zeuden asko eta asko. Hori dela eta, lur horiek saldu egin zituzten baserritar askok, ondoren gune horietan etxebizitzak eraiki ahal izateko.

Beraz, horregatik gutxitu dira landa eremuak? Gune horietan asko eraiki zelako?

Izan daiteke, bai. Baina ikusi beharko litzateke zein eragin duen.