Behar eta elkartasun handiagoa

Krisi ekonomikoa hedatu zenetik, herritarren beharrak nabarmen egin du gora. Inork ez du hori dudan jartzen. Hala ere, fenomeno horrek elkartasun olatu bat eragin du gizartearen sektore guztietan. “Nork ez du bere artean ditxosozko krisi hau jasan duen lagunik, seniderik edota ezagunik?”. Galdera hori egin du aita Roman Elexpuruk, Bilboko San Felicisimo parrokian. Hura da Bizkaiko hiriburuko karitate zentro nagusienetako baten arduraduna. Bizkaiko Elikagaien Bankuaren laguntza jasotzen du horretarako. Deustu auzoko elizpean dituzten korridoreetan zehar, jakiz betetako kaxak pilatzen dira; arroz paketeak, esne kutxak, umeentzako poteko pureak… denak dira asteazkenero eta ostiralero egiten diren banaketetarako. Iaz, 180.000 kilo banatu zituzten, eta aurten marka hori gaindituko dutela uste du Elexpuruk. “Ez izan dudarik”, dio, ziur.

Bizkaia da herritarren beharra gehien hazi den euskal lurraldea. EAEko langabezia tasa altuena du Ezkerraldea eskualdeak, eta Sestao da langabe gehien duen hiria. Hala ere, elkartasunak ere gora egin duela nabarmendu dute karitate elkarteetan aritzen direnek. Bizkaiko Elikagai Bankua izan daiteke horren adibide. Izan ere, bertan lan egiten duten ehun boluntarioek 28.802 pertsona jaso zituzten 2012an. Iaz, berriz, 38.292. Hala ere, datu horiek txiki geratzen dira aurtengoekin alderatuz, aurtengo maiatzera arte 40.000 pertsonatik gora lagundu baitituzte.

Basaurin du egoitza Bizkaiko Elikagai Bankuak. MercaBilbao hain gertu izanik, egunero joaten dira bertara, saltzaileek dohainik ematen dizkieten elikagaiak jasotzeko asmoz. Horiek batu ostean, beraiekin akordioak dituzten 250 erakundeei banatzen dizkiete, inguruko herrietan bana ditzaten. Elexpuruk azaldu du prozedura: “Guk ez diegu familiei zuzenean jakirik ematen, guk erakundeekin lan egiten dugu, eta horien artean bi mota bereizten ditugu: alde batetik, banatzaileak, elikagaia banatzeaz arduratzen direnak, eta, beste aldetik, jantoki sozialak edota harrera egoitzak”. Banaketa horretaz gain, Basauriko egoitzan elikagai iraunkorrak izaten dituzte, eta horiek emateaz arduratzen dira.

Espero gabeko kasuak

Elexpuru da Bizkaiko Elikagai Bankuaren laguntasuna jasotzen duen horietariko bat. Elikagaiak ez dira berarentzat izaten, berak ordezkatzen duen elkartearentzat baizik. Asteazkenero eta ostiralero San Felicisimo elizara joaten den edonork jaso dezake horien laguntza. “Hemendik ez da inor joaten elikagairik gabe”, dio, irribarretsu. Lan horretan dihardu “gau eta egun”, duela hamabost urte Aramaiotik (Araba) Bizkaiko hiriburura iritsi zenetik. “Honetan igarotzen dut ia egun guztia. Elizaren eginkizuna da aldamenekoari jaten ematea, eta horixe egiten saiatzen naiz”.

Jendez betetzen da Deustuko elizaren ataria asteazken eta ostiral goizetan. Kalkulu arin bat eginda, 350 familia etortzen zaizkiela dio Elexpuruk: “Hasiera batean, duela hogei urte inguru, bertako jendea etortzen zen laguntza bila. Gero, etorkinen etorrerarekin, kanpoko jende asko jaso dugu gurean, eta, orain, krisi ekonomikoaren erruz, bertako jendea hasi zaigu berriz ere laguntza eskatzen”.

Kasu deigarriez galdetuta, ez du izenik eman nahi izan, baina, hala ere, aipatu ditu duela bost urte ezinezkotzat joko zituen egoerak. “Eraikuntza munduan lan egiten zuen jendea etorri izan zait. Orain badaukat langileei ordaintzeko kreditu bat eskatu behar izan zuen gizon baten kasua. Zoritxarrez, langileak ordaindu eta gero, bere enpresak porrot egin zuen, eta kreditua ordaintzeko baliabide barik geratu da. Orain, hona etortzen da laguntza eske. Nork esango zion duela urte batzuk egoera hau jasan beharko zuenik…”.

Arazoa betikotzeko arriskua

Caritas da beharra dutenei laguntzen aritzen den beste elkarteetariko bat. Joan den astean ezagutarazitako datuen arabera, iaz 12.084 pertsona lagundu zituen Bizkaian. Aurreko urteetan izandako antzeko joera izan zuen. Hala ere, datu horiek nahasten dituen xehetasun bat azaldu zuten arduradunek. Izan ere, 2013ra arte lan arloko arreta ere eskaintzen zuen Caritasek, baina ardura hori Lanbidek hartu du orain.

Gizarte ekintzako arloari dagokionez, 10.860 laguni eman zieten arreta 2013an, 2012an baino 561 gehiagori. Bertara jotzen dutenen joerei erreparatuz, orain arte sekula gertatu ez zen zerbaiti aurre egin behar izan diote aurten. Izan ere, lehenengoz handiagoa izan da bost urtez baino gehiagoz laguntza jaso dutenen ehunekoa (%31) estreinakoz izena eman dutenena baino (%30). Horrek arazoa betikotzeko arriskua sorraraz dezakeela nabarmendu dute Caritaseko ordezkariek. Azaldu dituzte datu gehiago ere, ordea. Diotenez, urteekin orekatzen joan da etorkinen eta euskal herritarren arteko kopurua, eta gaur egun ez da alde handirik sumatzen kopuru batzuen eta besteen artean.

Deustuko elizan, aita Elexpuru elizako sotora itzuli da. Basauritik bidalitako elikagai guztiak pilatzen ditu bertan, katekesia emateko erabiltzen duten geletako batean. Aurreko gauean berandu arte geratu dela aitortu du, hurrengo egunean etorriko direnek dena prest edukitzeko. Etorkizuna argituko den esperantzarekin lan egiten du Elexpuruk, baina kontziente da lan horretan gogor jarraitu beharko duela, “krisi honek ez duelako ondo bukatzeko itxurarik”. “Iaz, gauzak hobetzen joango zirela esan ziguten, eta ez da horrela izan. Eta etorkizuna ere… oraindik beltz ikusten dut geroa, nik behintzat”.

Aurrera begira, elkartasun handiagoa eskatu du Elexpuruk: “Egia da jendea saiatzen dela ez duena ere ematen, baina ahalegin berezi bat egin behar dugu”. Bizkaiko Elikagai Bankuak ere ideia hori goraipatu du: “Krisi honek zerbait ona ekarri digu: jendearen elkartasuna”.