Jabetza eskubidearen aldeko borroka luzea

Gautegiz Arteagako Portu Errotako jabea da Jon Iturribarria, eta haren izenean dagoen marea errotaren jabetza berreskuratzeko borrokan jarraitzen du: “Espainiako Estatuan, bidegabeko lege batean oinarrituta, ustez legezkoak diren gauzak egin daitezke. Kosta Legea ere bidegabea da, baina legezkoa, eta lege horrek oinarrizko eskubideak urratzen ditu”. Harenak dira salaketa hitz horiek. Izan ere, azken denboraleek are gehiago hondatu dute aurrez ere hondatuta zegoen Gautegiz Arteagako paduretan dagoen eraikina. Baina nola hondatzen den ikusi, beste aukerarik ez du Iturribarriak gaur egun. Kosta Legeagatik.

“Etxebizitzaren egoerak okerrera egin du, baina baita errotaren uharkarenak ere”. Beharrezkoak diren arren, konponketarik ezin du egin, ordea, arteagarrak, Espainiako Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioaren Kosta Zuzendaritzak ez baitio baimenik ematen. “Errotaren gainean inolako eskumenik ez dudala dio”.

Jabetza erregistroan Iturribarriaren izenean dago errota, baina konfiskatu egin zion ministerioak. “Estatuak ez dit lurren jabetza kendu; nire jabetzakoa den eraikina konfiskatu egin du, Kosta Legean oinarrituta. Beraz, ez dut inolako kalte-ordainik jaso”. Hala ere, Iturribarriak azaldu duenez, herritar orok duen eskubidea da jabetza eskubidea. Gogorarazi duenez, hori dio Giza Eskubideen Europako Itunak, eta baita Europako Batasunaren Oinarrizko Eskubideen Gutunak ere. “Horien arabera, jabetzarik ezin da kendu kalte-ordainik eman gabe, eta Espainiak Europak ezarritako oinarrizko eskubide hori urratu egiten du, bi itun horiek onartu baditu ere”. Eta hor du esperantza orain arteagarrak.

1683. urtean eraiki zuten Ozollo auzoko errota hori, eta 1965. urtean erosi zuen Iturribarriaren familiak. Duen balio artistikoa aintzat hartuta, Eusko Jaurlaritzak ondare kultural izendatu zuen 1999. urtean, baina 1988. urtean Kosta Legea onartu zutenean, jabegoaren gainean zituzten eskubide guztiak galdu zituzten iturribarriatarrek.

Legea, “deitoragarria”

Europako Legebiltzarrera eraman du kasua Iturribarriak, eta han eztabaidatuko dute. Bidean zen prozesua, baina eten egin da tarte batez, eta berriz ere martxan jarri arte zain egon behar. “Europako legebiltzarrerako hauteskundeak egin dituzte tartean, eta legebiltzarrak berriro hartu beharko du nire eskaera esku artean”. Dioenez, Europako Parlamentuak lehenago ere eskatua dio Espainiari Kosta Legea alda dezala, jabe txikien eskubideak bermatu ahal izateko. Eta, hain zuzen, eskaera horren harira aldatu zuen Espainiak iaz Kosta Legea. “Hala ere, aldaketa horiek ez dute eskubide urraketen kontra egiten; are gehiago, interes ekonomikoek bultzatuta, jabetza publikokoak diren zenbait eraikin pribatu izendatu dituzte orain”. Kritikak ere izan dira horregatik. Europako Legebiltzarreko ikerkuntza batzordeak lege berria kritikatu du, eta “deitoragarria” dela esan du, Iturribarriak aipatu duenez.

Justizia, besterik ez

20.000 salaketa baino gehiago hartu ditu Europak gai horri buruz, eta Legebiltzarrean lau aldiz hitz egin du Iturribarriak. Azkeneraino heltzeko prest da. “Herritar legez, ezin dut onartu estatuak nire oinarrizko eskubideak urratzerik. Nire familiaren aurrean, nire seme-alaben aurrean, nola geratuko naiz ba besoak gurutzatuta, ezer egin gabe?”. Urraketak izaten direnean, haiei aurre egin ahal izateko bitarteko, denbora eta gogorik gabe egoten dira herritarrak, Iturribarriak dioenez, eta uste du Espainiak herritarrekiko nagusitasun hori bere alde baliatzen duela. Baina ez dago bakarrik. Bada bere aldarrikapenarekin bat egiten duen jende gehiago ere, eta haiekin batu da horregatik. “Ni, zorionez, Kosta Legeak Kaltetutakoen Europako Elkartearen babespean ari naiz, eta Espainiaren gehiegikeriei aurre egiteko borrokan ari gara”.

Eta borroka horretan ez duela amorerik emango dio Portu Errotako jabeak. “Errotan bakean bizitzen uzten diguten arte jarraituko dut ekinean; etorkizun batean nire bilobek errota oinordetzan hartzeko eskubidea izan arte”. Horretan dabil. Bere borrokaren atzean inolako interes ekonomikorik ez dela azaldu du Iturribarriak. Justizia besterik ez duela nahi. “Eta ondare kulturala den errota konpontzen utz diezagutela, denen onerako”.