Kontsumo gela, jabe bila

Uztailaren 1erako zen epe muga, baina hilabetez gehiago egongo da zabalik. Hala ere, “malgu” jokatuko dutela argi utzi gura izan du Jagoba Zallo Munduko Medikuak gobernuz kanpoko erakundeko zuzendaritzako kideak. Bilboko Bailen kalean drogen zaintzapeko kontsumo gela kudeatzen du erakundeak, eta ixteko asmoa adierazi dute, “zerbitzu sozial hori administrazio publikoak eskaini behar duelako”. Joan den irailean hartu zuen Munduko Medikuak erakundeak erabakia, Espainian egindako batzar batean. Ordutik Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundi eta Bilboko Udalarekin negoziatzen aritu dira, baina oraingoz kontsumo gelak ez dauka etorkizuna bermatuta. Horregatik dio Zallok sala ixteko epearekin ez direla zurrunak izango, eta “erabiltzaileak bideratzen direnean” itxiko dutela lokala.

Joan den ostiralean, ordea, gobernuz kanpoko erakundeak ohar bidez adierazi zuen kontsumo gelaren erabiltzaileak “eskakizun apalagoko” zentroetara bideratuko zituztela. Hau da, drogen kontsumoa nola egin zainduko duten pertsona gutxiago izango dituzten zentroetara. “Ez daude duela hamar urte bezainbeste erabiltzaile”, beraz, zaintzak ere txikiagoa izan behar duela deritzo. Baina kontsumo gelara joan ohi diren pertsona asko kanpoan geratuko liratekeen beldur da Zallo. “Aurten, 300 erabiltzaile izan ditugu, horietatik 30 ohikoak direnak. Baina gainerakoekin, zer?”.

Galdera hori airean dago, eta administrazio publikoekin izandako elkarrizketetan kontsumo gelaren auziari irtenbide bat emateko aukera egon zen. Izan ere, Ihesaren Aurkako Bizkaiko Batzordeak zerbitzua bere gain hartzeko interesa azaldu zuen, baina erakundeek ez zuten ordezkatze hori onartu. “Finantzaketak ez lukeela jarraituko adierazi zuten”. Gaur egun, 400.000 euro inguruko aurrekontua dauka kontsumo gelak, eta diru horren %79 Jaurlaritza, aldundi eta udalaren bidez jasotzen du Munduko Medikuak erakundeak. Zallok uste du erakundeek euren barruan hartu beharko luketela zaintzapeko drogaren kontsumo hori. Besteak beste, osasun etxeetan edo gizarte zerbitzuen menpe. Baina oraindik zehaztu gabe dago erabiltzaile horiek guztiak nora bideratuko diren, eta bermatu du bitartean Bailen kaleko lokalak zabalik iraungo duela.

Edozein modutan, kontsumo gela ixtearen erabakia hartuta dago, eta horrela duela hamaika urte eskaintzen hasitako zerbitzu “aitzindaria” amaituko litzateke. Helburu jakin batekin sortu zen kontsumo gela 2003an, droga mendekoak kaletik ateratzea hain zuzen. Horretarako, drogak kontsumitzeko garaian baldintza egokiagoak eskaintzen zaizkie. Besteak beste, leku “seguru eta zaintza egokia” jasoz. Erabiltzaileek, batez ere, heroina eta kokaina hartzen dute. Hasierako helburua “beteta” dagoela dio Zallok. Uste du denborarekin “auzoan barneratu” dela auzokoek hasieran errezeloz hartutako lokala.

Auzotar eta langileak, kexu

Eta hortik iritsi zaizkio Munduko Medikuak elkarteari kexa gehienak. Batetik, bizilagunak sinadura bilketa egiten hasi dira Internet bidez, kontsumo gelaren itxierak “iraganeko egoerak ekarriko dituelako berriz kalera”. Alegia, droga mendekoek kontsumoa kalean egiten zuten garaira. Edozein modutan, Gobernuz kanpoko erakundea auzo elkarteekin hitz egiten ari dela jakinarazi du Zallok, erabakia azaltzeko.

Bizilagunez gain, kontsumo gelako langileak ere ez daude erabakiarekin ados. Igor Mera ESKko ordezkariak hau salatu du: “Beharginei ez zaie inolako informaziorik eman”. Erabakia, gainera, “larria” dela uste du, “kontsumo gela ixteko erabakia ondoren nork kudeatuko duen zehaztu gabe hartu duelako Munduko Medikuak erakundeak. Eta okerrena, administrazio publikoek zerbitzua finantzatzen jarraitzeko asmoa zeukaten”. Horregatik, ulergaitza egiten zaio sindikatuko kideari lokala itxi izana. Izan ere, hango langileen etorkizuna “airean” geratzea baino larriagoa baita erabiltzaileak “droga kontsumitzeko zaintzapeko lekurik gabe geratzea”. Alde horretatik, esan duenez, langileak “euren lanpostuaz bezain arduratuta daude droga menpekoekin”.

Kontsumo gelako langileen ordezkariak, ordea, onartzen du zerbitzuak publikoa izan beharko lukeela. Areago, “ulertzen” du gobernuz kanpoko erakundeak lokala ixteko erabakia ere. Baina, ez, zerbitzuaren geroa bermatu gabe dagoenean. “Uztailaren hasieran itxiko zela esan ziguten lehenengo, eta epea hilabete luzatuko dela ondoren. Azken albistea da itxierarekin malguak izango direla”. Merak langileak eta erabiltzaileen egoera “ezegonkorra” izatea kritikatu du. “Erakunde publikoen esku utzi behar bada, itxiera aldaketa hori nola egingo den zehaztu ondoren egin behar da”. Bitartean presioa egiten jarraituko dute.