Urtebeteko liskar eta tirabiren ondoren, maiatzaren hondarrean eseri ziren mahai beraren bueltan lau sindikatu nagusiak —ELA, Euskadiko CCOO, LAB eta UGT-Euskadi— FVEM patronalarekin. 2013ko uztailaren 7an berritu gabe zeuden lan hitzarmenak indarrik gabe geratu ziren, urtebete lehenago sinatu zen lan erreformak hala biltzen zuelako. Eta, epemuga hori baino lehen, itun berri bat sinatzeko ahalegina egin zuten CCOOk, LABek eta UGTk patronalarekin. Eusko Jaurlaritza ere sartu zen auzian, baina akordiorik ez zen lortu.
Urtebete igarotzera doa orduz geroztik, eta epaitegiek gero eta zeresan handiagoa hartu dute hitzarmenen auzian. Baita metalekoan ere. Hain zuzen ere, sindikatu guztiek adostu zuten 2001-2003 urte arteko hitzarmenak gaur egun oraindik indarrean jarraitu behar zuela ebatzi zuen EAEko Auzitegi Nagusiak urte honetako martxoaren 18an. Bestetik, Bilboko merkataritza arloko epaitegiak esan zuen CCOOk eta UGTk hitzartutako 2008-2011 arteko itunak indarrean jarraitzen zuela. Joan den aste hasieran, ordea, EAEko Auzitegi Nagusiak patronalaren alde egin zuen. Sindikatu biek helegitea jarri diote azken ebazpenari. Edozelan ere, une honetan Bizkaian lurralde mailako bi hitzarmen daude indarrean.
Hitzarmenen gorabeherak epaitegietan bukatu beharrean, negoziazio mahaietara itzultzeko proposamena egin zuen maiatzean UGT-Euskadi sindikatuak Bizkai, Gipuzkoa eta Araban. Orain arte, bi aldiz batzartu dira Bizkaiko eragileak, baina jarrera denak ezberdinak dira. Hori bai, sindikatuak bat datoz patronalaren proposamena gehiegizkoa dela. Izan ere, enpresek langileen lanorduak aldatu ahal izateko 250 orduko bermea eskatzen du FVEMek, soldata igoerarik ez proposatzeaz gain. Horren aurrean, sindikatuek ez daukate mobilizazio agenda bateraturik, ezta proposamen bateraturik ere. Datorren asteartean bilduko dira lau sindikatuak patronalarekin, baina inor gutxik espero du aurrerapausorik negoziazioetan.
ELAko Metal Federazioko kidea
2013ko uztaileko negoziazioetan ez zuen parte hartu ELA sindikatuak, eta, orain, “sektorearen babes juridikoa aldatu delako” eseri da negoziazio mahaian. Hala ere, Unai Martinez Metal Federazioko kideak adierazi duenez, adostasunik lortuz gero hitzarmenean biltzen diren baldintzak betetzen direla “ziurtatu beharko da” aurrerantzean. Horregatik, enpresako antolaketari garrantzia eman dio, bestela “ez delako beteko”. CCOO eta UGT ere kritikatu ditu Martinezek, Espainian estatu mailako metaleko hitzarmena negoziatzen ari direlako. “Itun hori sinatzen bada, akabo hemengoa”. Horregatik, adierazi du sindikatu horiekin ez direla jarriko pankarta beraren atzean, eta LABen jarrera “harrigarria” dela dio.
CCOOko Industria idazkaria
Negoziazio mahaiko jarrerak “urrun” ikusten ditu Javier Gomez CCOOko industria idazkariak. Joan den urteko negoziazioetan LAB eta UGTrekin egin zuten proposamenetik abiatu beharko litzatekeela uste du, nahiz eta hartan 36 hilabeteko ultraaktibitatea proposatzen bazen orain UGT eta CCOOk 24koa izateko aukera aztertzen ari diren. Baina patronalaren jarrera itxiagatik itxaropen gutxi du. “Epaitegien bidearen, enpresa mailako gatazkaren edo akordioaren artean aukeratu behar du”. Eta kasurik onena azkena dela uste du. “Horretarako, behar den guztietan eseriko gara”. Hala ere, mobilizazioei ez die muzin egiten, “negoziazioarekin bateragarriak badira”. Uztailaren 3an, metaleko hitzarmenen aldeko mobilizazio bat egingo dute Arboledan.
LABeko Bizkaiko metalaren arduraduna
LABek joan den urteko negoziazioan defenditzen zuen 36 hilabeteko ultraaktibitate aldiari eusten dio egungo mahaian. Ez hori bakarrik, 2001-2003 arteko hitzarmena aldarrikatzen jarraitzen du, eta akordiorako bidea itun horretatik abiatuta egin beharko litzatekeela dio. Horrela, KPIaren araberako soldata igoera eta baldintzak betetzea bermatzeko blindajea eskatu du. “Patronalak oraindik ez digu erantzun zergatik ez den posible”, Natale Landa Bizkaiko metalaren arduradunaren arabera. Erantzuna jaso arte joango dira bileretara. Gainera, akordio hori patronalari ere komeni zaiola dio, “enpresen artean lehia desleiala ekiditeko”. Batasun sindikalaren aldeko aldarria ere zabaldu du negoziazio epe horretan, batera mobilizatzeko deia eginez. Asteazkenean kontzentrazioa egin zuten, bakarrik, FVEMen egoitzaren aurrean.
UGTko Metal Federazioko idazkaria
Joan den astean EAEko Auzitegi Nagusiak patronalaren aldeko epaia eman izanak FVEMeko ordezkariei “haizea” eman diela uste du Joserra Manso UGTko Metal Federazioko idazkariak. Hala ere, negoziazioan sinesten du, “posturak gerturatzea baita elkarrizketaren muina”. Horretarako abiapuntua joan den uztailean hiru sindikatuek adostu zuten proposamena izan beharko litzatekeela dio. Baina gaitzetsi egin ditu bileren hasieratik mobilizatzeko deia egin dutenak: “Negoziaziorako ez da onena”.