Pixkanaka amatatzen ari da Bilbon gaueko giroa

Itzaltzeko arriskuan. Halaxe daude Bilboko gaua argitzen duten taberna eta dantzalekuak. Izan ere, herritarren poltsikoak astindu dituen krisi ekonomikoak ez ezik, gauaz gozatzeko izandako eredu aldaketak ere gogor jo ditu Bizkaiko hiriburuko gaua girotzen saiatzen diren negozioak. Duela gutxi, Bilboko alkate Ibon Aresok aitortu du bera ez dela “Superman” horien zailtasunei aurre egiteko, baina tabernako barraren beste aldetik laguntza eskatzen dihardute aspalditik. Babesik izan ezean, nabarmendu dute, argia motelduz joango da, iluntasunera heldu arte.

Hori da Badulake tabernaren kasua. Bezero fidelak dituela azaldu du Elena Sarasolak, tabernako arduradunak. Baina beherakada nabari dute, eta aitortu du belaunaldi berrien falta sumatzen dutela. Hamahiru urte darama Sarasolak tabernarekin. Eta hainbat faktoreri egotzi dio hiriburuko gauaren beherakada. Tartean, aipatu du, Bilboko Udalak ezarritako ordutegien “arau zorrotzek” gaueko ostalaritzari kalte handia egin diola: “Taberna hartu genuenean, isun asko iritsi zitzaizkigun ordutegia luzatzeagatik, eta neurri hori zorrotz betetzera behartu gintuzten”. Adierazi du, neurri hori betetzeko udalak abiatu zuen kanpaina “oso gogorra” izan zela: “Udaltzainak bidaltzen zituzten tabernak ixtera. Zazpikaleetako tabernek asko sufritu zuten hori dela eta”. Baina urteak pasatuta presioa baretu egin dela aitortu du Sarasolak: “Iñaki Azkuna alkate ohiak, munduan ikusarazi nahi zuen Bilbo, eta momentu batean konturatu zen, hiriak ia ez zuela gaurik”.

Horren ondorioz, tabernei ordu gehiagoz zabalik egotea baimendu ziela adierazi du. Baina eguneko eta gaueko tabernetan ezarri zuen neurria. Eta Sarasolaren arabera, taberna guztietan ordutegiak luzatzean ere kaltetuek berdinak izaten jarraitzen dute: gaueko tabernek. “Eguneko tabernei ordua luzatzeak eta ixteko ordua atzeratzeko baimena emateak kaltea eragin digu. Geroago etortzen baitira gaueko tabernetara”. Aitortu du, jende askok, jai giroan jarraitu beharrean, etxera egiten duela: “Eguneko tabernak goizaldeko hiruretan ixten badituzte, jendea etxera joaten da, eta ez doa gaueko tabernetara kontsumitzera”. Eguneko ostalaritza sustatzen ari da udala, Sarasolaren arabera, eta gauekoei, berriz, aurrera egiteko zama gehiago jartzen.

2011n ezarritako tabakoaren legeak ere eragin handia izan duela adierazi du Badulakeko arduradunak. Aitortu du tabernako erdiak kanpora joaten direla erretzera: “Erretzera ateratzen den jendeak zarata egiten du kalean, eta, hori, tabernarientzat txarra izateaz gain, auzokideentzat ere gogaikarria da”. Eta kalean sor daitekeen zarataz ez ezik, barnekoaren hotsgabetzearekin ere arazoak izan dituzte lokal ugarik. Hala adierazi du Badulake tabernako arduradunak. Barruko soinua hotsgabetzeko azpiegitura lanak egin behar izan dituzte hainbat tabernak, eta horrelako neurriak ezartzeak dakartzaten gastu ekonomikoei aurre egin behar diete, gainera.

Baina gau giroari jartzen zaizkien neurriez gain, gazteen artean ohitura aldaketa ere sumatzen du Sarasolak. Adierazi du datozen belaunaldiak lokaletan edo kaleko edanean aritzen direla gaur egun. Eta festa egiten dutenean, taberna txikietara joan ordez, diskoteka handietara joateko ohitura izaten dutela gehienetan: “Taberna txikietako jai ereduaren beherakada ekarri du horrek”.

Gau Zuriari kritikak

Gaueko ostalaritzaren egoerarekin udaletxeak zeregin handia duela adierazi du Badulakeko arduradunak. Aitortu du instituzioak antolatu edo bultzatzen dituen jarduerek eragin zuzena dutela. Joan den ekainaren 14an egindako Gau Zuria, adibidez, ostalaritzarentzat urteko egunik onenetakoa izan dela adierazi du Bilboko Udalak. Baina Sarasolarentzat, ekitaldi horrekin sektore konkretu bat bultzatzen dute berriro ere. Gau Zuriaren eta makina-erremintaren azoken adibideak jarri ditu horretarako: “Nahi dutenean, luzatu egiten dute ordutegia”. Baina azpimarratu du familiari begirako ekintzak bultzatzen dituela gehienbat udalak, eta horrek zuzenean eragiten diola gaueko ostalaritzari: “Gaua hiltzen ari da”. Aurrera jarraitzen dute, hala ere, aitortu du Sarasolak, irribarretsu: “Irekita dugu, oraindik, eta gure bezeroak leialak dira”. Baina sektoreko langileen artean, arduraz begiratzen diote etorkizunari. Adierazi du gero eta gehiago direla beren lokaleko pertsiana jaitsi behar izan dutenak.

La Granjako arduradunak ere beherakada nabaritu du gaueko ostalaritzan. Eta ez dio krisiari egozten, soilik, sektoreak sufritzen ari den gainbehera. Aitortu du hiriburuan eskaintza handiegia dagoela gaur egun: “Kate multinazional askok ireki dituzte lokalak Bilbon. Eta eskari berdinari aurre egiteko gero eta taberna gehiago dago”. Baina lehiarik handiena kaleko edanean ikusten duela adierazi du tabernako arduradunak: “Gaur egun, oso hedatuta dagoen kalean edateko ohitura, eta oso berandu etortzen dira gazteak tabernara”. Aitortu du belaunaldi berrien artean gero eta gutxiago baloratzen dela, kristalean edatea, edota tabernan antolatzen diren ekintzetan egotea. Arazo hori, baina, taberna edo gaueko lokalen arteko lehiatik kanpo dagoen faktorea da, La Granjako langilearen arabera, eta kalte ikaragarria eragiten du.

Azpimarratu du udalak abiatzen dituen ekintzek lagundu egiten dutela ostalaritza bultzatzen. Eta bat dator Sarasolak esandakoarekin. Egiten diren ekintzetan, egunekoa sustatzen da gehien: “Familiarteko ekintza hori ari da gehien indartzen udala, eta horrek eguneko ostalaritza gehiago sustatzen du”. Gauekoa, berriz, bere horretan geratzen dela aitortu du: ia hutsik. Aitortu du urteetan gauekoan asko nabaritu dela jendearen joan-etorrietan izan den beherakada: “Gero eta jende gutxiago dator, eta arinago ixten dugu taberna”. Baina mezu baikorra eman nahi izan du: “Aurrera jarraitzen dugu, eta jarraituko dugu”.