Helburuak beteta, ase

Zamudioko Torrelarragoiti inguruek galdu dute Jose Mari Lejardi Gabixola markinarraren presentzia. 47 egunez garraiolarien duintasuna eta eskubideak aldarrikatu ditu, eta astelehenean bukatutzat eman zuen protestaldia. “Euskal Herriko ia hedabide guztiek egin” diote kasu, eta gidarien egoera kaskarraren berri zabaltzea lortu du. Beraz, helburuak beteta amaitu du bere protesta. Horrez gain, sindikatuen gehiengoaren ordezkariek —ELA, LAB, HIRU eta EHNE— ere birritan gerturatu zaizkio denbora horretan. “Banaka lehenengo, eta nire aferari buruz batzartu ostean, elkarregaz”. Gose greba bertan behera uzteko eskatu zioten, borroka “eredugarria” izan dela adierazita.

Hain zuzen ere, sindikatuen ustez, horixe da krisiari buelta emateko tresna nagusia: borroka. Joan den zapatuan Eskubide Sozialen Gutuna aurkeztu zuten Gune plataforma osatzen duten sindikatu eta eragile sozialek. Eta testu horrek zerikusia ere izan du Lejardik bere protesta amaitzeko garaian. Mugimendu hori hilabete batzuen bueltan “oso eraginkorra” izan daitekeela adierazi du, eta bidea zabalik geratu dela deritzo.

Lejardik 55 urte ditu, eta erretirorako adina gero eta gertuago ikusten du. Hala ere, ez du uste horregatik mobilizatu ezin denik: “Nik egin dut egin beharrekoa, eta atzetik datorrenak egin dezala bere bidea. Ez da hori nik sinesten dudan bidea”. Izan ere, “oraindik erretiroa eta bestelako xehetasunak airean ditugu, eta umeak ere ekarri ditugu mundura. Haien alde ere borroka egin behar dugu”, iritzi dio. Belaunaldi berriei egokituko zaien etorkizunagaz kezkatuta dagoela errepikatu du behin eta berriro.

Egoera orokorra aldatu gura badu ere, garraiolarien sektorean aldaketak ere eskatu ditu Gabixola-k. Beharginen “indibidualismoa” behin eta berriro salatu izan du egunotan. Baina bere protestarekin ere bat egin dute garraiolari batzuek, “benetako kontzientziadunak eta, batez ere, porrot egin dutenak”. Inguratu zaizkien lankideen artean paradoxa egoerak egokitu zaizkiola azaldu du: “Porrot egin duten guztiek onartu dute nire ahalegina. Denek esaten zidaten: ‘Hik bai indarra hik. Guk egin izan bagenu…’. Beharrean daudenek, ordea, nahiz eta egoera prekarioan egon, nire borrokagaz ez dudala ezer lortuko esan didate. Guztiak ziren gogoa kentzeko mezuak”, adierazi du.

Hala ere, era horretako protestak abiatzeko “garai aproposa” dela deritzo. “Denok gaudelako oso egoera kaskarrean, irabazteko ahalmena galtzen ari garelako”. Hala ere, gizarte osoa 30 urteetan sartu den “kontsumo sistemak herritarrengan beldurra” sortzen duela deritzo: “Hipotekatu egin gara, eta beldur gara: ‘Borroka beste batek egin dezala!’, pentsatzen dute askok”.

Hazia ereinda

Gose grebagaz “hazi bat erein” duela uste du garraiolari markinarrak. “Diruaz haratago, borrokatzeko prest norbait badagoela adierazita” jarri du hazia. “Hogei bazineten, bederen!”, esan zion batek protestan zegoela. Lejardik erantzun: “Zatoz zu, bada!”. Bere protestaren helburua ideia hori zabaltzea izan da. Baina garraiolarien sektoreko kide izan arren, beste sindikatu guztiak erakartzea ere bazuen xede. Eta baita lortu ere. Hala esan zien sindikatuko kideei, bertaratu zirenean: “Zuek orain ezin duzue gizartea geldiarazi, jendea beldur delako. Ez dute beren lanpostua galdu gura, eta badakite langile bat kaleratuz gero lankideek ez dutela protesta egingo. Beharrean geratuko dira”.

Garraiolariek, ordea, badute gizartea geldiarazteko indar hori. “Bost egunean lor genezake guk. Genero gabe utziko genuke dena: Pertsonak, itsasontziak, gasolindegiak, aireportuak… Dena”. Hala ere, sektore hori “sakabanatuta” dagoela dio, eta “elkarrenganako konfiantza eza” nagusi dela. Hori dela eta, hilabete batzuetako kanpaina bat antolatzeko deia egin du. “Sindikatuek ere parte hartu beharko lukete horretan”.

Aldaketa horiek, gainera, teknologia berriek beharginen etorkizunean izango duten eraginak ekiditeko hartu beharko direla ere uste du. Izan ere, makinek pertsonei lekua kenduko dietela deritzo —GPSak, dendetako makinak, kutxazain automatikoak… aipatu ditu, besteak beste—. Gizateriaren etorkizunagaz oso kezkatuta azaldu da, antropologian adituak direnen iritziak entzun ostean. Teknologia berriek gero eta langabe gehiago sortuko dituztela dio, eta bizirik irauteko batzuek beste batzuk hilko dituztela uste du. “Elitea teknologiak pertsonak ordezkatzeko plana mamitzen ari da”, adierazi du.

Pentsatzeko eta batzuegaz eta besteegaz berba egiteko denbora asko izan du Zamudion kanpadenda batean egin dituen egunetan. Jaialdi bategaz eman zion bukaera protestari astelehenean. Bertan, bertsolariak eta Joseba Etxebarria abeslariak egon ziren egunari jai kutsua emateko. Salda banatu zuten ostean, eta “pixka bat” besterik ez zuen hartu Lejardik, medikuak hala gomendatuta. Ia 30 kilo galdu ditu, maiatzaren 1etik ekainaren 16ra.