Mundakako Tropela txirrindulari taldeko kideak dira, baina itsasoaren magalean hazitakoak. Urdaibaiko itsasadarra alde batera eta Kantauri itsasoa bestera. Bizikletak gorde, eta itsasoari begira ipini dira orain. MDK Swim zeharkaldia antolatu dute lehenengoz, eta domekan egingo dute. “Gustuko dugun kirol baten lasterketa herrian antolatzea zen gure asmoa; pozgarria da guretzat”, diote Arkaitz Gorostiagak (Mundaka, 1976) eta Koldo Ruizek (Mundaka, 1975). “Itsasoa guretzat dena da, itsasoari lotuta egon baikara beti”. Eta itsasoaren magalean bizi izan dira beti.
Mota horretako proba bat antolatzen duten lehen aldia da, eta aitortu dute lan handia egin behar izan dutela. “Urrian hasi ginen proba prestatzen, eta dedikazio handia eskatzen du”. Berrehun parte hartzaileko muga jarri zuten hasieran, “baina, sare sozialetan probaren berri eman genuenean, berehala hasi zen jendea parte hartzeko izena ematen. Lehen astean, laurogei kirolarik eman zuten izena”. Azkenean, 220 igerilarik parte hartuko dute.
“Zorionez, diru arazorik ez dugu izan, babesleak izan baititugu hasieratik. Mundaka Basque Countryk, Etxebastar enpresak eta herriko hainbat ostalarik diruz lagundu dute”. Eta, egunean bertan, beste mota bateko laguntza behar izango dute: “Herritar asko izango ditugu ondoan laguntzen, eta horrek motibazioa ematen digu”. Horien denen laguntza eskertu dute biek: “Izan ere, gure asmoa ez da proba honetatik inolako etekin ekonomikorik ateratzea; itsasoko zeharkaldiak ezagutzera ematea eta mota horretako probei bultzada ematea da gure asmoa. Bertotik, orain arte, zeharkaldi gutxi egin izan dira”. Bermeon, Aritzatxu-Bermeo zeharkaldia egiten zen, eta Mundakakoa ere haiekin batera antolatzea zen hasierako asmoa: “Proposatu genien urte batean Bermeo eta Mundaka artean egitea eta hurrengo urtean Mundakatik Bermeora egitea, baina ez ginen ados jarri”.
Ezagutzera eman
Horregatik, Mundakako lehenengo zeharkaldia antolatu dute, eta, diotenez, ez da azkena izango. “Zeharkaldi hau urtero antolatzea da gure asmoa, itsasoan igeri egitea zer den erakusteko eta horretan dabiltzan kirolariak badirela ezagutzera emateko. Are gehiago, erakutsi gura dugu Mundakako uretan ere egin daitekeela horrelako probaren bat”. Mundaka herria eta Mundakako urak surfarekin lotu izan dira urte askoan. Ezker olatua ezaguna izan da, eta ezaguna da, mundu zabalean. Hala ere, Gorostiagak eta Ruizek diote domekan bertan igerilariek ez dutela izango arazorik olatuekin: “Bermeotik Mundakaraino, bi kilometro eta erdi egin beharko dute igerian, eta uste dugu itsasoa bare izango dutela. Gainera, marea gora izango dute, eta korrontea alde. Beraz, errazago igeri egin ahal izango dute”. Gorostiagak eta Ruizek ere egin dute zeharkaldiari dagokion distantzia hori, igerian. “Arratsalde batean egin genuen, eta erraz egin genuen”. Orduan ere, marea gora eta korrontea alde izan zuten: “Ordu erdi behar izan genuen zeharkaldia egiteko”. Haiek, baina, neoprenoa jantzita egin zuten igerian. “Bada aldea neoprenoarekin igeri egin edo neoprenorik gabe”.
Domekako proban ere posible izango da neoprenoarekin parte hartzea. “Are gehiago, uste dugu gehienek neoprenoa jantziko dutela”. Hala ere, zeharkaldiak neopreno barik egiten dira, eta jantzi barik igeri egiten dutenak bakarrik sarituko dituzte. “Neoprenoarekin parte hartzen uztea erabaki genuen, ez dugulako nahi MDK Swim lehia hutsa izatea. Edonork parte hartzeko moduko proba izatea nahi dugu”. Hala ere, badakite itsasoko zeharkaldietan lehiatzen diren puntako kirolariak eta triatloilari onak izango direla Mundakan: “Euskal Herriko txoko guztietatik datoz, Madrildik, Bartzelonatik…”. Esate baterako, Peru Alfaro hernaniarrak parte hartuko du, eta Irati Mendia ere Mundakan izango da. “Nesken artean parte hartzea oraindik murritzagoa da, eta ez da parekotasunik lortu; baina Mundakako zeharkaldirako 25 neskak eman dute izena, eta pozik gaude”.
Zeharkaldi osoa ikusi
Eguraldi kaskarra iragarri dute hilaren 22rako, baina antolatzaileek ez dute uste euri askorik egingo duenik: “Egingo balu ere, igerilariei ez lieke eragingo. Itsasoan igerian ari zarenean, euria ez da oztopo bat; alderantziz, posible da errazago igeri egiten laguntzea”. Oztopoa, baina, ikusleentzat izan daitekeela diote Ruizek eta Gorostiagak: “Zeharkaldiak duen beste gauza positibo bat da Bermeotik Mundakara arteko tarte osoa ikus daitekeela”. 12:00etan hasiko da proba, Bermeoko portuan, eta aurreikusi dute lehenengo igerilariak 25 minutura helduko direla: “Batzuek ordu erdi baino gutxiago behar izango dute zeharkaldia egiteko, eta beste batzuek, ia ordubete”.
Plazan banatuko dituzte sariak, eta herrian jai giroa sortzea ere badute helburu: “Jaien aurreko astea da, eta helburu horrekin egin dugu”. MDK Swim ondo joanez gero, bestelako proiektuak ere badituzte buruan: “Stand Up Paddle lehiaketa bat egitea ere bururatu zaigu; Mundakatik irten, Izaro irlari buelta eman eta Mundakara berriro. Baina hori oraindik ideia bat baino ez da”.