Ez da harritzekoa eta, espero zitekeen bezala, Gure Esku Dago plataformak antolatutako Giza Katearen aurkako hamaikatxo berba entzun eta irakurri behar izan ditugu bi aste eskas hauetan. Baina demokraziaren etsaien orroei entzungor eginez, gogoetara eraman behar gaituztenak dira, printzipioz, mentalitate irekia duten eta bat ez egitea erabaki zuten horien hitzek.
Horien artean, usuen irakurri ahal izan ditudanak diote XXI. mendeko Euskal Herri batek plurala behar duela izan, etnikoki, politikoki eta linguistikoki. Horrez gain, identitateen arteko talkaren arriskua ere azpimarratu dute batzuek, konfrontazioa ekidin beharreko gaitza balitz bezala. Antza, XXI. mendeko Euskal Herrian denok eskutik joan beharko dugu beti. Horra paradoxa.
Herri bat gara. Erabakitzeko eskubidea dugu. Herritarron garaia da. Horiek hirurak dira Gure Esku Dago plataformak bere filosofia laburbiltzeko erabili dituen ideiak. Hortik aurrera egindako interpretazioen arriskua errealitatetik alegiazko munduetara, konturatu barik, igarotzea da. “Alegia”, “hots” eta “esan gura dute” bezalakoek airea kutsatzen duten mundu batera.
Plataformaren hiru leloak, banan-banan hartuta, onartzen ez dituenak ez du demokraziarik gura, totalitarismoa baizik. Eta hori esate hutsa bada konfrontazioa. Konfrontazio politikoa, esan daiteke. Beraz, konfrontazioa ekidin litekeen zerbait dela sinestarazi gura diguten horiei, agian, gogoratu beharko litzaieke egunerokotasunean konfrontazio hutsean bizi dela munduko populazioaren ehuneko ehuna. Jendarteko berbaldietan ikus daiteke hori argi. Hitz trukaketak ele bakarrean egiten baitira gehientsuenetan: euskaraz, frantsesez, espainolez, ingelesez… Eta hizkuntza bat aukeratzen denean (edo aukeratzera behartzen zaituztenean) erabat alderatuta uzten dira berbalditik gainontzeko hizkuntza denak.
Lurbiratik konfrontazio etnikoa desagerrarazi daitekeenik (eta desagerrarazi beharko zenik) defendatzen duten horiei agian gogorarazi beharko litzaieke Frantziar Estatuak, egalité teorikoki eder horren izenean, frantsesa baino ez duela onartzen République orain ultraeskuindar horretako parlamentuan. Berdintasun sakratua, Rousseau-ren izenean.
Eta identitateen arteko konfrontazioaz zer esan? Norberak bere burua gura duen moduan identifikatzeko eskubiderik existitzen ez den XXI. mende honetan errealitatea bera da konfrontazioa. Eta horri egin behar zaio aurre. Ideiekin, berbekin eta, agian ere, eskuz-eskuz lotutako giza kateekin.