Begiak irekita amets egiten

Poza, ilusioa, aniztasuna, energia, indarra… horiek guztiak sentitu nituen igande goizean Atxuriko tren geltokian. Igande eguzkitsua bazen ere, bertan geunden ehunka lagunek ez genuen kostalderako bidea hartu; denok helmuga bera genuen, Durango edo Iruñea. Duela urtebete iragarritako giza katean parte hartzera gindoazen. Katea izanik, bagenekien bidea egitera gindoazela eta elkarrekin Euskal Herria zeharkatuko genuela. Niri lan egitea egokitu zitzaidan, baina banekien ez zela ezelango igandea izango. Eskuz esku bidean gertatutakoaren berri emateko elkarlanean aritu ginen Euskal Herriko hainbat herri hedabide. Guk ere urratsa egin behar genuen, gertatzera zihoana denen artean kontatu beharra zegoen, zero kilometrotik ehun eta hogeita hiru kilometrora arte. Elkarlanean irudiak jaso eta telebista saioa osatu genuen. Igandeko festak herritar asko hitzik gabe utzi zituen; mikrofonoa hurbildu, eta ia denek gauza bera adierazi ziguten: “Egun historikoa, hunkigarria, inoiz ahaztuko ez dugun eguna”. Giza katea hasi zuen Maribi Estankonak malkoak begietan zituen, eta berba barik geratu zen. Letra asko idatzi dira egun hauetan. Orokorrean, poztasuna eta arrakasta izan dira, baina bada kontra berba egin duenik ere. Ikusi dituzte irudiak, eta antza ez zaizkie benetakoak iruditu. Ondo begiratu al dute? Agian, zera horri oker so egin diote? Argi dago, goitik edo behetik ikustea oso gauza ezberdina da. Ezberdina da 150.000 inurri elkartuta zerutik ikustea erabakitzeko eskubidearen alde edo behetik albo bietara dituzun lagun biak ikustea. Askorentzat urte askotan ikusezinak izan gara, berdin zaie gau eta egun gure hizkuntzaren alde korrika bagabiltza edota eskuz esku gure lurraldea zeharkatzen badugu. Bistan da gertakariak begiratzeko modu ezberdinak daudela. Ikusezin ez garen bitartean gauzak ikusteko modua aldatu beharko dugu, denen artean. Antolatzaileek igandeko giza katea ariketa moduan planteatu zuten. Ariketaren planteamendua azaldu, herritarrak ulertu eta gero egin genuen. Emaitza jakina da; lehenengo froga gainditu dugu. Bertan egondako 150.000 herritarrak, froga gaindituta, eta hurrengo azterketarako prest gaude. Ez dugu katedradunak izan nahi, parte hartzaileak baizik. Ariketaren hitzordua denon lanarekin egin beharko dugu. Bitartean, igandean Durangotik Iruñera elkarrekin herri baten etorkizunaren nahia marraztu genuen, begiak irekita amets egiten genuen bitartean.