Hamalau urteren ostean zahar etxea egitea hitzartu dute Trapagaranen

Populazioa zahartzen ari da, eta Bizkaiko herri asko ere ez dira horren salbuespena. Horren lekuko da, esterako, Trapagarango populazioaren ia erdia 50 urtetik gorakoa dela, Xabier Cuellar alkateak azaldu duenez. Beraz, zahar etxe bat “beharrezko azpiegitura” gisa hartzen dute herrian. 2000. urtean abiatu zuten proiektua gauzatzeko data jarri berri dute: Batzar Nagusiek 2017. urterako egoitza eraiki dezan eskatu diote diputazioari.

Pozik hartu dute albistea herrian. Izan ere, hamalau urte dira proiektua abiatu zutenetik. Hala ere, jakin badakite ” gaur egungo egoera ekonomikoa eta garai hartakoa ez direla berdinak”. Hori dela eta, “egokiena erraztasun ekonomiko handiagoa zegoen garaietan eraiki izana” litzatekeela uste du Cuellarrek. Gogora ekarri du, gainera, “garai haietan edonon” egiten zituztela zaharren egoitzak. “Gu atzean geratu ginen, baina azpiegitura hori aurrera atera behar da”. Eta hala agindu die. “2017an inaugurazioa egin ahal izatea espero dut”.

PPk Batzar Nagusietan aurkeztutako ez arauzko proposamen batek atera du argira, berriz ere, Trapagarango egoitzaren afera. 2011n Meatzaldeko udal horrek eta Bizkaiko Foru Aldundiak sinatutako hitzarmen bat ekarri zuten gogora hala. Aho batez onartu zuten talde guztiek gehienez hiru urteren buruan egoitzaren proiektua gauzatzeko konpromisoa. Baina beharbada ez da hartan espero bezalako egoitza egingo. 88 egoiliarrentzako zentroa aurreikusita zegoen, baina Cuellarren ustez egun ezin dute zehaztu zelako ezaugarriak izango dituen. Eguneko zentroa ere hartzen zuen hasiera batean pentsatutako proiektuak, eta bi zerbitzuak bateratzea alternatiba ona izango litzatekeela ebatzi du.

Zehaztuta eta bermatuta dutena lekua da. Juan Sebastian Elcano kalean kokatuko dela badaki alkateak. “Granada errekaren ondoan dago, kiroldegitik gertu”, zehaztu du, “leku polita eta lasaia da”. Errealitatea urte guzti hauetan asko aldatu dela badaki: “Egoera asko aldatu da mendekotasun lege onartu zenez geroztik”. Egun leku libreak daude Bizkaiko hainbat egoitzatan, eta horrek guztiak egoitzak eraikitzeko proiektua baldintzatu egin duela ere badaki. Inguruko herrietan, esaterako, badaude egoiliarrak hartzeko lekua duten zenbait egoitza.

Sodupen ere gura dute

Ez da arazo hori duen herri bakarra, Gueñesko Udalak azterketa bat eskatu baitu Sodupen zaharren egoitza bat jartzea bideragarria izango ote litzatekeen ebazteko. “Herritarren aldarrikapenei” erantzunez eskatu du udalak proiektua, Koldo Artaraz alkateak jakinarazi duenez, eta egingarria dela dio azterketak. 88 egoiliarrentzako lekua izan beharko luke, gutxienez, bideragarria izateko. “45 lanpostu zuzen” ere sortuko lituzkeela aurreikusi dute. 7,2 milioi euroko inbertsioa beharko lukete azpiegitura horretarako. “Dirurik ez dugu horretarako, ordea, eta bilatu egin beharko genuke”, adierazi dute udaletik. Une honetan bide berriak bilatzen ari dira.