Bilboko gaua kolorez josiko dute hiribilduaren sorreraren urteurrenean

Bilboko hiribildua eratu zeneko urteurrena ospatuko dute bihar gauean, eta, Gau Zuria jaialdiaren harira, argiz beteko da Bizkaiko hiriburua, 20:30etik aurrera. Argi eta kolorezko ikuskizunak baliatuko dituzte horretarako. Hain justu, Bilboko eraikin nagusi edo ospetsuenak argiztatu egingo dituzte, haiek apainduz eta proiekzioak eginez. Horien artean leudeke Arte Ederren Museoa, Euskal Museoa, Itsasadarra Itsas Museoa, Guggenheim museoa, Deustuko Unibertsitatea, Santiago katedrala, San Nikolas eliza, Olabarri jauregia, Alondegia, CRAI eraikina, Arriaga antzokia, udaletxea eta Foru Jauregia.

Eraikin horiek guztiek denetariko formak hartuko dituzte, argi eta koloreez baliatuta. Bilbao 700 fundazioak antolatu du ospakizuna, eta azaldu du helburua Bilbo osoa kaleidoskopio bihurtzea dela.

Argiek bizitasuna emango diote hiriko hainbat txokori. Santiago katedralaren fatxada argituko dute, esaterako, haren arkitekturaz gozatu ahal izateko. Unamuno plazan, bestalde, argizko uztai bat instalatuko dute. Uztai horren bidez, plazatik ateratzen diren kaleetara argia zabalduko da, eta horrek irudipen berezia sortuko du. Arriaga antzokian, bestalde, egun horretarako propio egindako instalazio bat jarriko dute: hain justu, Patrice Warrener artista frantsesak prestatutako argiztapen arkitektonikoa jarriko dute han.

Itsasadarra ere argiz josiko dute, Aether & Hemera Ingalaterrako konpainiaren instalazio artistikoagaz. Horretarako, paperez egindako 250 ontzitxo prestatu dituzte. Ontzi horietako bakoitzak argiztapena izango du, eta antolatzaileek jakinarazi dute uretan irudi ikusgarriak eratuko dituztela. Deustuko zubiaren zutabeetan, bestalde, bi akuario erraldoi proiektatuko dituzte.

Edozelan ere, Gau Zuriaren protagonista handienetakoak museoak dira. Hori dela eta, Arte Ederren Museoko sarrera nagusitik hurbilen dauden zuhaitzak kolore biziegaz argiztatuko dituzte. “Lorategien berezko edertasun naturala” gehiago nabarmendu nahi dute antolatzaileek. Arte Ederren Museoan, bestalde, fatxada gainean bertan dauden lan ezagunenen lagin bat proiektatuko dute.

Argiek soilik ez, ikuskizunek ere lekua izango dute eraikin ezagun horien barruan. Deustuko Unibertsitatean, esaterako, euskal kulturgintzako hainbat taldek proposamen artistikoak aurkeztuko dituzte. Euskal Museoan, bestalde, Angela Molina aktoreak poesia errezitala egingo du. Horretarako, Federico Garcia Lorcaren olerkiak interpretatuko ditu, gitarra eta perkusio doinuek lagunduta.

Animazioa gau osoan

Horrez gain, gau osoan animazio taldeak ibiliko dira Bilboko kaleetatik. Bandarra Street Orkestra brass band estiloko taldea Zazpikaleetan ibiliko da, 20:30etik 02:00etara bitartean, hau da, jaialdiak irauten duen bitartean. Inguru eta ordu berean, bestalde, Broken Brothers Brass Band taldeak New Orleanseko soinuak eramango dituzte Bizkaiko hiriburura. Iruñeko musikariok ipiniko diote jazz kutsua giroari.

Ukaezina da argiak pisu handia izango duela Gau Zurian. Sorkuntza horien diseinuak egin dituzten artistak eta konpainiak ugariak dira. Hauexek, hain zuzen: Patrice Warrener, De Cagna Iluminaire Italiako konpainia, Logela Multimedia, Aether & Hemera Ingalaterrako konpainia eta Nueveojos sormen estudioa.