Arautu osteko lehen lehia

Joan den larunbatetik abian da katxete motako bola jokoaren denboraldia. Enkarterrin eta Ezkerraldean soilik jokatzen den kirolaren aurtengo denboraldiak berezitasun bat dakar, ordea. Izan ere, Trueba Enkarterriko dokumentazio eta dibulgazio zentroak jaso berri du kirol mota horren araudia. Beraz, jokoa arautu denetik egingo den lehen txapelketa izango da aurtengoa.

Ricardo Santamaria dokumentazio zentroko zuzendaria da, eta jokoa bera arautzeko beharraz hitz egin du: “Jokoa garatzeko eremuaren neurriak eurak ere zenbaitetan ezberdinak izan dira”. Xehetasun horiek guztiak bateratzeko saioa egin dute, praktikotasunagatik. “Gainerakoan, zelan jo daiteke, esaterako, bola federaziora zerbait eskatzera?”, galdetu du. Araudi bateratu hori idazteko garaian, katxete jokoan dabiltzanen aktetatik atera dituzte informazio eta arauak; “kirolaren historian, garai ezberdinetan onartutakoak”, hain zuzen ere. Hori dela eta, bolarien artean oraindik ez da polemikarik sortu, Santamariaren esanetan. “Oraingoz”, zehaztu du. Halere, araudia idazten ari dira oraindik, eta aurreikusten du uztailean argitaratuko dutela.

Joko berezia da katxetea; Bizkaian eta inguruko lurraldeetan ez dago horretan jokatzeko tradiziorik. Etorkizuna ere badu, gainera, gazteak ere inguratzen hasiak baitira, Santamariak azaldu duenez. “Bai, kirolak bizirik eusten dio, harrigarria badirudi ere. Jokorako eremuak daude, baita lehiaketan aritzeko bolari eta egutegi bat ere. Txapelketa bat antolatzen den bakoitzean, 90 lagun inguruk ematen du izena”.

Bizkai osoan, Enkarterrin bakarrik jokatzen da katxetea, baina zein berezitasun du joko horrek? “Tire deritzon lekutik jaurti behar da hiru kilo inguru dituen bola”. Guaia arbolaren zuragaz egiten da bola hori, eta, Santamariak zehaztu duenez, 1910 aldera hasi ziren Euskal Herrian egur hori erabiltzen. Birlak, bestalde, arte zurezkoak dira, eta haritz zurez egindako mokor baten gainean jarri behar dira. Sei birlak hor gainean kokatzen dira, eta bolak katxete eran jaurtitzen dira, hau da, erdi alboz. Birlak jotzean, horiek lekualdatu egiten ditu, eta lerro batzuk gainditu behar dituzte. Azaletik azalduta, hori litzateke jokoaren funtzionamendua. Askoz xehetasun gehiago ditu, ordea. Besteak beste, “birlez gain, bolak berak ere lerro bat gainditu behar du. Lehenengo marra hori gainditu ezean, tiraldia hutsa izango litzateke”, azaldu du Santamariak. Birlek gainditzen dituzten marra kopuruaren araberakoa izango da, beraz, puntuazioa.

Katxete motako bola jokorako sei eremu daude martxan egun, Enkarterrin eta Ezkerraldean, eta lehiaketako egutegian parte hartzen dute denek. Barakaldoko Errekatxo auzoan dago bat, Trapagaranen —han hasi zen lehiaketa, joan den zapatuan—; Ugarte eta Durañona auzoetan ere bana; Ortuellan, Urioste auzoan; Abanton, Sanfuentes auzoan; Zierbenan, bestalde, bana dute Aldapan eta Arenan; eta, gutxi barru, Santurtzin, Cabieces auzoan, beste bolatoki bat zabalduko dute.

Irailaren 20ra arte, lehian

Denboraldia hasi berri dute, eta egunotan hiru bolatako lehiaketa dago martxan. Irailaren 20ra arte, katxete jokoak hamalau lehia izango ditu. Bestalde, eguaztenean Bizkaiko IV. Txapelketa jokatu zuten. Uztailaren 12tik 20ra bitarterako, Euskadiko XXIV. Txapelketa antolatu dute, eta, bitartean, txapeldunari desafio egiteko lehiaketa ere egin ahalko da: Herri Arteko XVII. Txapelketa eta Beteranoen Euskadiko XXXIV. Bestetik, Nene katxetelariaren omenezko partida ere egingo dute uztailean eta abuztuan.

Baina dena ez da lehia, ikastaroak ere emango baititu Trueba zentroak. Martitzen eta eguenetan, 18:00etatik 20:00etara bitartean emango dituzte, Zierbenako Aldapan. Katxeteen kirol eremuan eta kiroldegian ariko dira. Jose Angel Fernandez Cantalapiedra Kanta-k emango ditu eskola horiek. Parte hartu gura duenak izena eman eta bost euro ordaindu beharko du. Diru horregaz, beharrezko kirol materiala euren esku izango dute parte hartzaileek. Ikastaroa hilaren 31n amaituko da, ikasle denek Arenako eremuan egingo duten erakustaldiarekin. Gainera, dominak eta diplomak banatuko dituzte egun horretan.