Kultura ugari mahai berean

Bihar 11 urte beteko ditu Munduko Arrozak ospakizunak: Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala auzoetan bizi direnen integrazioa, herritarren parte hartzea eta kalearen erabilera bultzatzea ditu helburu. Milaka lagun elkartuko dira arroz plater baten inguruan. 3.500 inguru espero ditu auzo horietako taldeen koordinakundeak, eta orotariko parte hartzaileak izango dira, gainera; Bilboko txoko horietara hainbat leku eta errealitatetatik iritsitakoak. Hori da ibilbide luze horretan topaketak lortu dituen helburuetariko bat.

“Uste dugu harremanetarako lekuak sortu behar ditugula, eta betidanik bertokoak direnak zein azken hamabi urteetan iritsitakoak batuko dituen topaketa eremuak; saiatu behar dugu ez daitezen egon bi komunitate erabat desberdin, edo 22, edo dena delakoak. Izan ere, asko eta asko dira etorkinak”. Patxi Manrique jardunaldiaren antolakuntzako kideak eman du azalpena.

Kultura hori “apurka” sortu behar dela deritzo hark. Manriquek dio gero eguneroko bizimoduan lekua hartuko duen kultura txertatzen saiatzen direla Munduko Arrozak jaialdiaren bitartez. Festak iraun bitartean begi bistakoa da kultur trukaketa: “Parte hartzaile gehienek jarrera irekia dute. Asko etortzen dira mahai batera, afera bati edo beste bati buruz argibideak eskatzera”. Dena den, gehiegizkoa iruditzen zaio jaialdi horrek integrazioa lortzen duenik esatea. “Oraindik lan asko egin behar da horretarako”.

Gauzak aldatu egin dira 11 urteko ibilbidean. “Munduko Arrozak jaialdiaren lehen urteetan, parte hartzen zuten etorkin gehien-gehienak auzoan esku-hartze sozialean jarduten ziren taldeegaz lotutakoak ziren”. Apurka, ordea, seigarren jaialdi alderantz, jaialdiak “gero eta indar handiagoa hartzen zuela” jabetu ziren antolatzaileak; San Frantziskoko bizilagunen artean ere “errotzen” hasia zela. “Auzoko kuadrillak agertzen hasi ziren. Uste dut horrek erakusten duela apurka integraziorako bidea egiten ari garela”, esan du Manriquek.

Estereotipoak hautsi

Hala ere, ez daki zer egin daitekeen egun horretan nagusitzen diren jarrera irekiak gizartearen eguneroko bizimoduan txertatzeko. “San Frantziskon geure buruari egiten diogun galdera da hori. Dena den, uste dut immigrazioagaz lotutako kontuetan behar egiten duen orok zalantza bera duela: zelan lortu etorkinenganako arbuioa desagertzea?”.

Biharkoa bezalako jarduerek “aldaketarako jarrerak iradokitzen” laguntzen dutela uste du. “Egun horretan, esperientziak biltzen saiatu behar dugu”, iritzi dio. “Izan ere, estereotipoek bultzatuta funtzionatu ohi dugu. Zuk biharkoa bezalako egun batean esperientzia ona baduzu arabiarrek, latinoamerikarrek edo beste nonbaiteko etorkinek osatutako kuadrilla bategaz, zalantzan jarriko dituzu halako harremanik izan aurretik eduki zenitzakeen aurreiritzi asko, seguruenik”.

Beraz, Manriquek biharko ekitaldian parte hartzeko deia egin du horregatik; haren hitzetan, biharkoa aukera ona delako beste kultura batzuetako pertsonegaz harremanetan jartzeko eta “beldurrak” gainditzeko. Komunikabideek San Frantzisko auzoari buruz ematen duten irudi negatiboen inguruan Munduko Arrozak bezalako ekinbideen garrantzia ere azpimarratu du antolatzaileak: “Euskal Herri osoan ez dago antzekorik. Beraz, datozela, jar daitezela jendeagaz harremanetan, eta gero konta dezatela gura dutena”.

Deia erakundeei

Erakundeen arreta ere bereganatu gura dute ekitaldiagaz. Manriquek dioenez, krisi orokorraz gainera bestelako krisi bat ere badutelako Bilboko auzo horietan: “Etorkin izateagatik, paperik ez izateagatik eta bestelakoengatik sortutako krisia. Krisi askoren batuketa bat gertatzen da hemen, eta benetan egoera larrian dago jende asko”.

Eta datu sorta plazaratu du Manriquek egoera hori azaltzeko: “%40ko langabezi tasa dago San Frantzisko auzoan, eta %15 eta 17 artekoa da Bilbon. Bazterketa handia dago, gainera. Kalean bizi den pertsona asko dago, baina badakigu mila etxebizitza huts daudela San Frantziskon, Bilbo Zaharrean eta Zabalan. Abandon 35.000 euro inguruko errenta dute, batez beste; hemen, 11.000 euro ingurukoa”.

09:00etan hasiko da mugimendua, bihar, Mariaren Bihotza plazan. Umeentzako tailerrak, musika, lehiaketa gastronomikoa, dantzak eta mintzapraktikarako tailerrak egingo dituzte, besteak beste. Ezaugarri nagusi bat izango dute denek: jardueraren bat egiten dutenek doan lan egingo dute. “Jende askoren parte hartzeagaz gauzatuko dugu festa”, esan du Manriquek. Izena eman ez dutenek ere arroza jateko aukera izango dute; berrehun lagunentzako anoak egongo dira.