Trukea, jai giroan

Lehenengo truke azoka egingo dute bihar, Bilboko Otxarkoaga auzoan: Merka Truekeren bitartez, “pertsonen arteko harremanak, trukea eta merkataritza sektorea bultzatu” gura dituzte antolatzaileek. Tendel elkarteak sustatu du egitasmoa, Otxartrueke denbora bankuaren bitartez. Bilboko Udalak, Otxarkoagako Jai Batzordeak eta Otxarkoagako Merkatarien Elkarteak ere babesa eman diote. Edozein gauza saldu eta trukatzeko aukera emango du azokak, eta 10:00etan zabaldu eta 14:00etan itxiko dute. BBK plazan kokatuko dituzte saltokiak eta erakustokiak.

Azoka auzoko festen egitarauaren barruan kokatu dute. “Otxarkoagako jaien barruan kalearen presentzia berreskuratzea” zuten helburu antolatzaileek, Alvaro Perez azokaren koordinatzaileak jakinarazi duenez. “Azokatxoak berreskuratu gura genituen, eta baita trukea ere. Bide batez, hemengo merkataritza sustatu gura dugu”.

Bizkai osoko saltzaileak elkartuko dira bihar BBK plazan, eta denetarik izango dute salgai. “Bereziki, bigarren eskuko produktuak” aurkitu ahal izango dituzte bertaratzen direnek: liburuak, aldizkariak, arropak, osagarriak, eskumuturrekoak, alezko apaingarriak… Baina, oro har, eskuz egindako produktuak nagusituko dira.

Otxartrueke denboraren bankuak ere erakustoki bat izango du, “herritarrek berriz ere banku horretan parte har dezaten, berriz ere aktiba daitezen. Hala ere, oraingoan bigarren eskuko produktuen salerosketa eta trukera bideratuko dugu azoka”, azaldu du Perezek.

Antolatzaileek aurreikusitakoa baino erantzun zabalagoa jaso dute azokarako. Izena emateko epea itxi gabe zegoela, hemezortzi saltoki zituzten. “Ez dakigu non sartuko ditugun. Uste nuen pozik nengokeela lauk izena emango balute, eta zortzi ditugu itxaron zerrendan. Arrakasta handia izan du”, adierazi du koordinatzaileak.

Saltoki gehiegi ere ez dituzte jarri gura lehenengo ekitaldi horretan. “Agian denentzako lekua egongo litzateke. Hala ere, lehenengo urtea izanik, nahiago dugu ondo antolatuta egotea, gutxiago jartzen baditugu ere. Datozen urteei begira, aztertuko genuke aukera hori”. Izan ere, Maiatzaren 2 kaleko azokaren antzera, Otxarkoagan ere antzeko ekitaldi bat finkatu gura dute. “Auzoko jarduerak bultzatu gura ditugu hala. Esperientzia hau ondo ateratzen bada, berriro egingo dugu”.

Auzotarren artetik erantzun “ona” espero dute antolatzaileek. “Orain artean ijitoen azoka besterik ez da egin. Gure hau alternatiboagoa da. Gogotsu dago jendea”. Herritarrak joango direla uste du: “Kontuan hartuta, gainera, barrakak daudela ondoan eta kontzertuak gorago, mugimendu handia egongo da inguruan”. Izan ere, jaietako ospakizunak aprobetxatu gura izan dituzte azoka antolatzeko.

Asteburu betea

Bestalde, hainbat ekitaldi izango dira asteburu osoan. Eskalada lehiaketa, triki-poteoa eta kontzertuak izango dira, besteak beste, gaur. Biharko, pintxo lehiaketa, herri bazkaria eta saiheski jana prestatu dituzte. Domekan, sukalki lehiaketa egingo dute. Txupinazoagaz emango dituzte bukatutzat jaiak.

Merka Trueke azoka

Bihar, 10:00etatik 14:00etara, bigarren eskuko produktuen azoka egingo dute, Otxarkoagan.