“Beti amestutako lekuetara noa nire diskoa aurkeztera”

Lehenengo diskoa freskoa zen, eta bigarrena landuagoa:We Walked Home Together lana kaleratu du Aitor Etxebarria El_Txef_A gernikarrak; esentzia mantenduz baina tenpo lasaiagoekin: “Elektronika gutxiago eta pop gehiago”. Oraingoan “B aldeko elektronika” egin duela dio, eta prozesuak luze jo duen arren, pozik dago emaitzarekin.

Bederatzi abesti ditu lan berriak, eta horiek sortzeko kolaborazio ugari izan ditu. “Aniztasuna nahi nuen, gainera”. Hala, Los Angelesko (Kalifornia, AEB) Woolfy-ren laguntza izan du The Love We Lost sortzeko; baina gertuko jendea ere ondoan izan du albuma osatzeko: “Nire anaia Hibai Etxebarria pianoan; Audience taldeko Hannot Mintegia (You Left Us In This Physical World abestian); Norman taldeko Beñat Narbaiza Biskonti (Someone Is Gonna Paint You Another Sky); Meggy (Everyday Is Blue Monday) Napoka Iria taldea (Mugarrirantz)…”. Elgoibarko taldearen laguntzarekin, gainera, euskarazko lehenengo konposizioa kaleratu du El_Txef_Ak. “Gustuko ditudan artistak eta abeslariak dira; gainera, lagunak ditut, eta eroso ibili naiz haiekin lanean”.

Bi urte joan dira Slow Dancing in a Burning Room atera zuenetik, bere lehen lan luzea; baina bigarrenerako prozesuan artista legez heldutasun apur bat lortu duela uste du gernikarrak. “Gauzak pentsatuta egin ditut; banekien zer sortu nahi nuen eta nire ibilbide profesionala norantza bideratu nahi dudan. Lehenengo diskoarekin ez nuen halako hausnarketarik egin, baina bigarrenarekin gauzak serioago hartu ditut”. Definituagoa da. “Marka bat utzi nahi dut”. Eta seriotasun handiagoa erakusten duela dio. “Koherenteagoa da”. Lagunartean sortutako zigiluarekin atera du bigarren lan luzea ere: Fiakunekin. Eta salmentaz ere haiek arduratzen dira.

Slow Dancing in a Burning Room lanarekin egin bezala, bigarrena ere bi formatutan kaleratu du Etxebarriak: CDan eta biniloan. “Binilo ia guztiak saldu ditugu. Alemanian, Japonian, Ingalaterran eta AEBetan saldu da nire azken lan hau ere, gehienbat”. Posta elektronikoz eska daiteke diskoa store@fiakun.com helbidera idatzita. Lehenengo lan luzearen biniloak ere hilabetean saldu zituztela gogoan du, eta horregatik berriz editatu nahi dute orain Slow Dancing in a Burning Room lana.

Jasotako kritika onak

Bigarren lana lehenengoa baino helduago dela dio, baina malenkonia ere aipatu du El_Txef_Ak. Dioenez, bizipenek markatutako diskoa dela esan daiteke, hein batean. Dena den, nahasketak nahasketa, emaitzak ez du inor axolagabe utzi. “Diskoa atera eta aurreneko asteetan Japonian eta Txinan izan naiz, lan berriaren aurkezpena egiten”. Eta lanak harrera ona izan duela aipatu du. “Gustura ibiltzen naiz kanpoan nik egiten dudana erakusten, eta bete egiten nau han nire musika ezagutzen dutela ikusteak. Japonian izan nintzenean neska bat etorri zitzaidan esku artean orain hiru urte atera nuen lana zeramala”.

Musika elektronikoaren munduan kritika oso onak izan ditu El_Txef_Aren bigarren lan luzeak. Ezagunak diren artistak ere bere biniloak jartzen ikusi ditu El_Txef_Ak. Eta, dioenez, plazera da hori ikustea: “Nire diskoa ez da hain elektronikoa; gehienbat, lasai-lasai entzutekoa da. Hala ere, ikusi izan ditut artistak nire albumak jartzen, miretsi izan ditudan musikariak”. Underground eszenan kokatzen du bere burua musikariak, baina bere lan berria hortik kanpo ere harrera ona izaten ari dela aipatu du: “Techno eta house musikaren izarrek ere idatzi digute, lan ona atera dudala esateko”. Mundu horretan bere lekua egiten ari den seinale.

Orain, We Walked Home Together diskoak izan duen harrera ona gozatu nahi duela dio. Eta lan hori aurkezteko munduko hamaika lekura joango da. “Urte amaiera arte kanpoan ibiliko naiz: Europan eta AEBetan”. Valentziako Electrosplash jaialdian izango da, eta BBK Liven jotzeko gonbidapena egin diote. “Bestalde, niretzat erreferente izan den Miamiko The Electric Pickle Company-n joko dut ekainaren 28an. AEBetara egingo dudan bidaian, gainera, New Yorken joko dut, Brooklynen, eta baita Detroiten, Washingtonen eta Chicagon ere. Euskal Herrian saioak emateko apenas deitzen nauten, eta beti amestu izan ditudan lekuetan izango naiz”.

Fiakun taldearen laguntza

Musika elektronikoaren eszenak Euskal Herrian oraindik leku txikia duela uste du Etxebarriak. Euskal Herrira dena beranduago heltzen dela dio, etsipen apur batekin: “Adibidez, nire promoa euskal irrati kateetan baino lehenago entzun zen Espainiakoetan”. Hala ere, lan interesgarria egiten ari direla uste du. “Gernika-Lumon, esaterako, gero eta jende gehiagok du gustuko gure musika”.

Fiakun Team du buruan. Zigilua izateaz gain, musika elektronikoa lantzen duten musikarien taldea ere badelako Fiakun. Hiru urte bete dituzte, eta Bartzelonako Sonarren izan ziren atzo, 3 years of Fiakun bildumarekin. “Alemaniako hiru artista, Euskal Herriko beste hiru eta estatubatuar bat batuko gara han, Bartzelonako zabalgune batean. Euren lanak Fiakun zigiluarekin atera dituzten artistak dira denak, eta egun osoko saioa izango da: goizetik gauera”.

Oraingoz bigarren lanak eman dion aukerarekin gozatu nahi duela dio. “Bidaiatu eta saioak eskaini”. Hirugarren lan luzea ateratzerik ez du baztertzen, ordea. “Baina oraindik ez. Urtebete edo hartuko dut, eta lasai ibiliko naiz, gozatzen”. Eta horiek bukatzean gerokoak.