Getxoko udal hedabideak: publikoak?

Getxoberri udal aldizkarian udal bilkuran ordezkatuta dauden alderdiei utzitako iritzi tartean EAJk hauteskunde propaganda sartu izana ez da ekintza bakan bat, udalerri horretako Informazio Arloak daraman komunikazio politikoaren beste adierazle bat baizik. Estrategia horren ondorioz, Getxoko gobernuan dagoen alderdiaren bozgorailu bihurtu dira.

Apirilaren 10eko 1/2014 hauteskunde propagandari buruzko Instrukzioak jasotzen duenez, udal hedabideetan —irratietan izan ezik— herrialdetako hauteskunde batzordeen eskuetan dago hauteskunde propagandaren banaketa, zeina egiteko orduan hedabidearen hedadura esparruan aurreko europar hauteskundeetan alderdiek izandako ordezkaritza kontuan hartu behar duten.

Getxoko Udalak bi aldiz ez du bete instrukzioa: lehenengoz, EAJren hauteskunde propaganda sartu duenean, eta, bigarrenez, “akatsa” konpontzeko, udaletxean ordezkatuta dauden gainerako alderdiei hauteskunde propaganda egiteko aukera eman dienean. Bigarren kasuan, ez ditu kontuan hartu ez ordezkaritza ezta proportzionalitate irizpideak ere banaketa egiteko orduan.

Erantzukizunak argitu, eta, eta arau-haustea izan dela ondorioztatuko balitz, hartu beharreko neurriak aplikatzeaz haratago, ekintza honen larritasuna azpimarratu behar da, gainera, kontuan hartuta badela beste bat udal hedabideen kudeaketa txarrean. Rankinetan, Getxo Estatuko udal gardenetarikoen artean agertzen bada ere, titulua emateko orduan edukietarako irisgarritasuna kontuan hartzen delako da, eta ez edukien analisian oinarritutako azterketa batek halakorik adierazten duelako. Edukiak aztertuta, oso nabarmena da udal hedabideetan informazio instituzionalak duen pisua; auzoko bizitzak, elkarteek edo jende taldeek sortzen dituzten albisteak alboratzen edo ia azaltzen ez diren aldean, ez bada erakunde bizitzarekin erlazionatutako gaietan. Hau da, udal hedabide horietan informazio funtzioa goitik behera gauzatzen da, eta gobernu funtzioaren helburu propagandistikoak lehenesten dira zerbitzu publikoen irizpideen gainetik.

Duela urte batzuk, Getxon bazegoen udal hedabideen gaineko kontrol kontseilu bat, beste komunikabide publikoetan dagoen antzekoa —zeinetan alderdiak proportzionalki ordezkatuta ziren—, eta osoko udal bilkurari zegokion zaintzeko funtzioa. Kontseilu horren desagerpenak eta zaintza bilkuratik kentzeak, berriz, aukera eman zion gobernu taldeari, eta kudeatzen duen alderdiari, hedabideak nahi bezala kudeatu eta maneiatzeko. Egia da, esaterako, 2010ko Ikus-entzunezko Lege Orokorrak udal gobernu organoen eskuetan uzten duela zerbitzu publikoaren funtzioaren kontrola, baina, era berean, jasotzen du hedabide publikoen lerro editoriala gidatu behar duten irizpideak ordezkaritza anitzeko organo batek egin beharko zuela, zeinak bere hedadura esparruan dagoen aniztasun politiko eta soziala islatuko dituen.

Halako organo batek lagundu ahalko luke udal komunikabideek, zerbitzu publiko diren heinean, dagozkien funtzioak bete ditzaten, Catalunyako COM Radio sareko irratiek azaldu legez: “Kalitatezko zerbitzu publiko bat eskatzean, non gertuko komunikazioa garrantzitsua eta beharrezkoa den, informazio eskubidea bermatzeko, aniztasun demokratikoa laguntzeko, kultura eta hizkuntza babesteko eta heldu berrien integrazioa errazteko”.