Orozkoko erdigunea eta, bereziki, Zubiaur plaza etorkizunean zelakoa izango den erabakitzeko prozesuan murgilduta daude herrian. Udalak herritarren parte hartzea eskatu du obrak hasi aurretik. Bihar dute hurrengo zita. “Interesgarria da udalak herritarroi ere iritzia eskatzea, geu gara-eta erabiltzaileak”, esan du Niko Astobizak. Proiektua aurrera eramateko dozena bat lagunek osatzen duten taldeko kidea da. Taldean esperientzia eta ofizio ezberdinetako pertsonak daude. Plazaren “erabiltzaileak nortzuk izango diren” hartuko dute kontuan erabakiak hartzeko.
Batzuen eta besteen iritziak jasotzen ari dira oraingoz. Bihar egingo dute beste bilera bat. 12:00etan jarri dute ordua, Zubiaur plazan. Plazako zorua “oso txarto” dagoela gogoratu du alkateak. Zerbait egiteko erabakiagaz “denak” ados daudela dio, baina “erreferentzia” denez, zerbait gehiago egiteko herritarren “kolaborazioa” eskatu du. “Herritarrek dituzten ideiak talde eragileak aztertuko ditu, eta hortik aterako dira erabakiak”. Espazio publikoaren kalitatea hobetzea dute helburu, eta nahikoa aurrekontu ez balego, aurrerago gauzatzeko utziko lukete. “Baina proiektua erabakita legoke”.
Pasealekua aztergai
Gernika-Lumon ere antzeko parte hartze prozesua darabilte, pasealekuagaz zer egin erabakitzeko. Azaroan abiatu zuten prozesua, eta maiatzean bukatu da. Jada erabaki dute zer egingo duten. Besteak beste, gaztetxoentzako txoko bat aurreikusi dute, etxabeen alternatiba gisa. Proposamenak aztertzeko tailerrak bukatu ondoren, jendaurreko aurkezpenak prestatzen ari dira arduradunak.