Gurutzetako ospitaleko larrialdi zerbitzuak “berriz ere kolapsatu” egin ziren joan den astelehenean. Hala salatu du ESK sindikatuak. Jose Inazio Martinez zaintzailearen esanetan, “ez da bidezkoa dirua aurreztea lan kargak eta arriskuak handitzearen kontura. Kontuan izan behar da, gainera, gaixoak pilatuta egoten direla. Arreta txarra eskaintzen diegu hala. Erabiltzaileak, beraz, zerbitzuaren kalitatea galtzen du”.
14:00etan lau gaixo korridoreetan zeuden, eta beste 32, ospitaleratzeko zain. Egunak aurrera egin ahala, ordea, egoerak txarrera egin zuela salatu du. Halako gertaerak “sarri” gertatzen dira, gainera, “gripe izurriterik egon ez arren. Ospitaleko ohe faltaren ondorioz, larrialdi zerbitzua kolapsatu egiten da. Langileok denbora luzea daramagu egoera honetan: gaixoak korridoreetan artatu behar ditugu”, esan du.
Egoera horretan, pazienteen “konfidentzialtasun eta pribatutasunerako eskubideak urratu” egiten direla dio. Bestalde, beharginek “estres handiko egoerak” jasaten dituzte. Ondorioz, pazienteei beharko luketen arreta ematerik ez dute. Estres horrek profesionalen “akats arriskua areagotu” egiten duela ere baderitzo zaintzaileak.
Konponbidea proposatu du Martinezek: “Zuzendaritzak ospitaleko zenbait unitate itxiak ditu. Zabaldu egin ahalko lituzke, baina ez du horrelakorik egiten. Egoera horri luze eusten dio, gainera. Dirua aurreztea beste azalpenik ez du horrek”. Unitate horiek irekita, “ohe gehiago egongo lirateke” larrialdietako gaixoak horietan kokatzeko.
“Kudeaketa neurriak” aldatu beharraz ere mintzatu da. “Senda-agiriak emateko prozesua azkartu” beharra aipatu du. “Behargin gehiago” ere behar dira.
Zuzendaritza, jakitun
Kexa horien guztien berri zuzendaritzari eman diote beharginek behin eta berriz. Izan ere, “astero” izaten dituzte era horretako kolapso egoerak egun batzuetan. Gehien harritzen ditu arduradunek “neurri egokirik ez hartzea”, konponbidea “erraza” izanik.
Hala ere, zuzendaritzak gertaera horiek “noizean behin” baino ez direla gertatzen erantzuten die, “eta egoera, apurka, bere onera etorriko dela”. Horrek ordea, larrialdietako zerbitzuan “denbora tarte luzean egoera kaskarrean lan egitera bultzatzen ditu beharginak: gaixoak pilatuta daudela eta behar baino langile gutxiagogaz. Zerbitzua, gainera, ez dago gaixoak egonaldi luze horietan artatzeko prestatuta. Izan ere, larrialdi gunea ospitaleratze unitate bihurtzen da, baina jatekoa eskaintzeko modurik gabe, edo behar bezalako bainugela barik”, salatu du.
Zerbitzu publikoen kalitatearen galera eta masifikazioa eragiten dituen politika orok, zeharka, sistema pribatua bultzatzen duela deritzo Martinezek. ESK sindikatua “osasun sistema publikoa, unibertsala, doakoa eta kalitatezkoaren aldekoa” dela aldarrikatu du. “Politikari guztiek irizpide horiek hauteskunde kanpainetan modu batean edo bestean erabiltzen dituzte; egunerokotasunean, ordea, ahaztu egiten dituzte aldarrikapen horiek”, ondorioztatu du.