Iraia Garcia atletak (Galdakao, 1982) Gu be bai runners egitasmoa abiatu du Zornotzan. Astean birritan, adin guztietako emakumeak elkartzen dira kirola egiteko. Proiektuan borondatez ari da Garcia, entrenamenduak gidatzen. Eguaztenean aurkeztu zuen, emakumeen osasunaren aldeko nazioarteko ekintzaren egunean.
Zer da Gu be bai runners egitasmoa?
Atleta naiz, eta lanaren zein ikasketen ondorioz ordu ezberdinetan egin behar izan ditut entrenamenduak. Saio horietan emakumeren bat ikustean bakarrik joan ohi da. Lasterketetara joan, eta gero eta andre gutxiago ikusten dira, gainera. Beraz, gabezia bat nabaritzen nuen, eta denak elkartzea esperientzia polita izango litzatekeela pentsatu nuen. Horretarako gogoa eduki izan dut, baina denbora falta izan dut beti. Hori izan dut arazorik handiena.
Hala ere, lortu duzu.
Bai. Beti iristen da uneren bat baten batek atzetik bultzatzen zaituena, eta pentsatzen duzuna orain edo inoiz ez. Iaztik nenbilen ideiarekin bueltaka. Madrilgo San Fabio ahizpekaz topo egin nuen lasterketa batean Bilbon, eta eurek era honetako talde bat daukatela esan zidaten. Beraz, gero eta gogo handiagoa piztu zitzaidan.
Zelan jarri zenuen martxan prozesua?
Martxoan, mezu elektronikoak bidaltzeari ekin nion, eta Aste Santuaren aurreko barikuan jarri ginen martxan. Gaur egun, 55 andre inguru gaude taldean.
Talde handia osatu duzue, beraz.
Bai, eta adin oso ezberdinetakoak dira, gainera. 16 urtetik 58 urte ingurura artekoak gara. Behin, euretako baten 9 urteko alaba ere etorri zen.
Eta zer egiten duzue? Zelan antolatzen dituzue kirol jarduerak?
Runner berba aipatu arren, nire asmo nagusia zen emakumeek barneratzea geure burua zaindu behar dugula, kirola egin behar dugula. Ez polit edo lirain egoteko, osasuntsu baizik. Izan ere, adinak aurrera egin ahala arazoak sortzen dira, eta izan dezakegun arriskua murriztu egin behar dugu. Kirolean ikusi nauten askok, gainera, sarri esan didate inbidia ematen diedala, baina hastea da gauza. Emakumeak beti ari gara aitzakiak jartzen, eta hor denbora edo gogo falta aipatzen dugu.
Zenbat talde sortu dituzu?
Une honetan hiru gara, eta beharren arabera ezberdindu gara. Batzuk oinez aritzen dira, besteak oinez eta korrika, eta azken taldean korrika bakarrik. Astean birritan geratzen gara: eguaztenetan, 20:30ean, eta, zapatuetan, 10:00etan. Zornotzan, Jauregibarriako landetan egiten dugu zita. Entrenamendua jartzen diet, eta 40 minutuko ariketa egiten dugu. Ostean, luzapenak egin eta hitz egiteko tartea izaten dugu. Horretan ondo aritzen gara [barreak]. Ordu eta laurden inguru irauten du saio bakoitzak.
Emakumeei kirola egiteko denbora hartzea kostatzen zaiela diozu. Aitzakia soilik dela uste duzu edo zailtasun gehiago dituztela denbora hori hartzeko?
Tabu asko ditugula uste dut. Askok esaten dute: “Zelako lotsa ni bakarrik korrika ateratzea!”. Beste bategaz batera eginez gero, ordea, ez dugu lotsarik izaten. Begiratu egingo dituztela uste dute askok, eta nik esaten diet gizonei zein edonori begiratzen dieten bezala begiratuko dietela eurei ere. Halako saio batean ere esan nien taldeko kideei inbidia ematen dietelako begiratzen dietela.
Eta animatzen dira?
Bai. Konturatu ziren ni ikusten nindutenean eurek ere inbidia izaten zutela, eta arrazoia eman zidaten.
Gero eta emakume gehiago hasten omen dira korrika egiten. Zergatik uste duzu hala dela?
Federatu mailan ez da horrela, baina gainerakoan izan daiteke. Nik uste dut gero eta jende gehiagok pentsatu duela nik pentsatu dudana. Ikusten da hor badagoela sektore bat bultzadatxo bat behar duena, eta horretan kontzentratzen ari gara.
Emakumeak bakarkako kiroletan taldean lantzen direnetan baino gehiago ibiltzen dira?
Nik guztiz kontrakoa esango nuke. Gure arazoetako bat lotsa da. Talde kiroletan ez da izaten lotsarik. Bakarrik egin behar direnetan, ordea, bai. Edozelan ere, atletismoko alorrari buruz ari naiz ni.
Zelan hasi beharko luke kirola egiten normalean egiten ez duenak? Zer hartu beharko luke kontuan?
Nire taldean egin dudanaren esperientzia kontatuko dut. Batzuek esperientzia bazuten, eta beste batzuek, batere ez. Hasieran, ezin duzu zure ahalmenetik gorako entrenamendu handia egin. Pixkanaka hasi behar da. Guk tartekatu egiten dugu erritmo bizian ibiltzea eta minutu batez lasterka egitea; berriz ibili eta bi minutuko korrika saioagaz tartekatu. Hori lehenengo hilabetean edo bi hilabetean, norberaren ahalmenen arabera. Norberak ezagutu behar du bere gorputza: noiz arte dabilen ondo eta non egiten duen gehiegi.
Zelan antolatzen duzu zure bizia, lana eta kirola uztartzeko?
Oso sistematikoa izan behar dut, robot baten antzekoa. Egun bakoitzean dudan entrenamenduaren arabera, goizez edo arratsaldez egiten dut; edo bietan. Ikasten ere ari naiz, gainera. Bete-betean nabil, baina gustura.
Teknologia berriekaz, asko aldatu da kirola egiteko modua?
Erabiltzen dudan teknologia bakarra GPSa da. Hori abantaila handia izan da. Pultsometrorik ez dut erabiltzen. Ezin dut, urduri jartzen bainaiz. Erosi eta probatu ere egin nuen, baina etxean nengoen telebista ikusten, eta gorputzean hori jarria nuela jakinda soilik, taupadak azkartzen hasi zitzaizkidan. Ni sentsazioekaz fidatzen naiz. 9 urtegaz hasi nintzen honetan; beraz, badakit nire gorputzari zer eska diezaiokedan. GPSarena, ordea, asmakizun handia da niretzat. Izan ere, zirkuitu bat neur dezakezu, eta entrenamenduetarako ibilbide horretara mugatu behar duzu. Orain, Gandiara [Valentzia] noa oporretan. GPSagaz jakin dezaket zenbateko ibilbidea egiten dudan lekua ez ezagutu arren.