Itsasadarra jarraituta Bilboren historia ezagutzea. Horixe proposatzen du Zenbat Gara elkarteak Bilbo, itsasoari begira izeneko ibilbidearekin. Itsasoak baldintzatu du hiriburuaren jarduera mendeetan, eta haren inguruan eraiki da. Hiribildu titulua ematean herri arrantzalea sortzea zen Don Diego Lopez Harokoak duela zazpi mende izan zuen helburua. Baita lortu ere: hiriaren sorreratik hiri modernoaren eraikuntzara bitarteko urteen aztarnak gordetzen ditu oraindik itsasadarraren bazterrak.
Iraia Biteri Zenbat Gara elkarteko kidea da ibilbidea egin duten kideetako bat: “Esanguratsuak diren zortzi geraleku prestatu ditugu ibilaldian zehar”. Antzinako arrantzaleen zamalanak, merkatarien joan-etorriak eta industria garaian hiriburuak izan zituen aldaketak aztertzeko aukera ematen da horietan: “Erdi Arotik Aro Modernora igarotzen den Bilbo ezagut daiteke, Ibaizabalen ertzetik oinez”.
Erdi Aroko hiribildutik abiatzen da ibilbidea, San Anton elizaren albotik. Horren azpian aurkitu baitziren hiriko lehen biztanleen aztarnak: “Hiri gutuna zergatik eman zitzaion azaltzea da helburua”, adierazi du Biterik. Hiru kale zituen Bilbok titulua jasotzean. Eta populazioak gora egin ahala eratu ziren gaur egun ezagutzen diren alde zaharreko zazpi kaleak: “Hirira sartzeko atea zuen kale bakoitzak”. Adierazi du, baita ere, Atxuritik sartzen zirela Laudio eta Urduña inguruetakoak, eta Zamudio plazatik Txorierri eskualdekoak. Ate horiek guztiek San Anton zubiko gotorlekurako bidea zabaltzen zuten.
Baina Bilbo gotortzeaz harago doan funtzioa zuen harresiak: zergak jasotzea. Horien lekukotza gordetzen dute ibaiaren bazterrean dauden eraikinek, Biteriren arabera: “Erreka bazterretik jarraituz familia aberatsen etxe dorreak ikus daitezke”. Azpimarratu du hirira sartzeko ordaindu egin behar zela: “Baita animaliak eta elikagaiak sartzeko ere. Erdi Aroan asko aberastu egin zirela erakusten dute eraikin horiek”.
Hiri modernorako jauzia
Erreka bazterretik aurrera jarraitzearekin batera, aurrera egiten da denboran ere. Aro modernoan hiriburua eraldatu zuen eragile batekin egiten baita topo: Bailen kalean dagoen Konkordiako tren geltokia, alegia. “Karlistadak pasata XVIII. mendean industrializaziorako jauzia nola ematen den ikus daiteke”. Hala azaldu du Biterik, eta nabarmendu egurrezko ontziolak nagusi zituen paisaia irauli egin zela garai hartan: “Lurrunezko makinak etorri ziren Errsuma Batutik, eta 1863an lehen trenbidea eraiki zen hiriburuan”.
Arriaga eta Areatza ikus daitezke tren geltokitik, Bilbo hiriaren hedapenaren lekukoak biak: “Areatza sortzearekin batera, bigarren portuaren eraikuntzari ekin zioten”, adierazi du Zenbat Gara elkarteko kideak. Industrializazioarekin batera burdinaren eskariak gora egin zuen Europan XIX. mendean. Eta hiriburuan berebiziko garrantzia hartu zuen horren ustiapenak: “Merkatu horretara egokitu zen Bilboko itsasadarra ere”.
Baina industriaren garapenaz gain, garai hartan izandako euskal kulturaren pizkundearen aztarna gordetzen du Areatza plazak. Balentin Enbeita bertsolariaren eskultura dago han. Eta horri ere erreparatu nahi diotela azpimarratu du Biterik: “Pizkunde kulturalak garrantzia izan zuen hiriburuan. Eta horren kontakizuna egiteko aukera paregabea ematen du Enbeitaren irudiak”. Hiriburuan euskarak eta bertsolaritzak izandako garapenari garrantzia eman nahi diote horrela. Sukaldaritza tradizioa ere azaldu nahi izan dute. Bakailaoaren pil- pil saltsa nola egiten den azaltzen dutela adierazi du Biterik, irriz: “Askok ez dute ezagutzen oraindik”.
Hiria hazi ahala Ibaizabalen alde biak elkartzeko zubiak eraiki zituzten Bilbon, eta hamahiru ditu gaur egun. Horien garrantziaz aritu da Biteri: “Udaletxeko zubiari, adibidez, perretxiko zubia deitzen zioten lehen, Abando errepublikara joateko ordaindu egin behar zelako”. Zubi Zuri azpiegitura ere aipatu du —garaikideagoa da hura—. Han ematen diote amaiera antolatu duten ibilaldiari: “San Anton zubia haitz zuri baten gainean eraiki zuten, eta hortik datorkio Atxuri izena. Polita iruditu zitzaigun ibilaldia hitz joko horrekin bukatzea”. Malmasin mendixka ikusteko aukera dago zubitik, eta “handik etortzen ziren inguruetako nekazariak errekako ura hartzeko”.
Joan den ostiralean hamaika herritarrek egin zuten ibilaldi hori, eta irriz aitortu du Biterik Gabriel Aresti euskaltegiko ikasleak izan zirela gehienak: “Horiek dira fidelenak”. Baina edozeinek du ibilbidea egiteko aukera enkargua eginez gero. Zenbat Gara elkartearen webgunean dago horretarako behar den informazioa.
Ez da Zenbat Gara elkarteak osatzen duen lehen ibilbidea, ezta azkena ere. Biterik aurreratu du hiru hilabete barru beste bat egiteko asmoa dutela: “XXI. mendeko Bilbo azaldu nahi dugu horrekin”.