Imanol Uribe Bizkaiko Bertsolari Txapelketan ariko da. Joan den zapatuan lortu zuen lehiaketarako sailkatzea, Uribe Kostako finalean. Norgehiagoka estuan aritu zen Uribe zapatuan bigarren lekua eskuratu zuen Arrate Illarogaz. Azkenean, dena den, hogei punturen aldea atera ahal izan zion.
Zortziko handian puntuazio bera eskuratu zuten biek. Zortziko txikian, puntu eta erdiko aldea baino ez zion atera. Puntuka hasitakoan egin zen bataren eta bestearen arteko aldea nabarmenagoa. 52,50eko puntuazioa lortu zuen irabazleak; eta 42koa, berriz, Illarok.
Bakarkako saioan zein hamarreko txikian ere aurretik jartzea lortu bazuen ere, batean eta bestean atera zion aldea ez zen nabarmena izan. Kartzelako saioan irabazi zion, berriz ere, aise. Uriak 50 puntu eskuratu zituen, eta Illarok, berriz, 45 lortu zituen. Guztira, 365 puntu eman zizkion epaimahaiak lehenengoari; eta 344, berriz, bigarrenari.
Illarok, 233 puntu
Dena den, Arrate Illarori ez zaizkio bukatu Bizkaiko Txapelketan sailkatzeko aukerak. 233 puntu dauzka horretarako.
Lehenengo eta bigarren lekuak eskuratu zituzten Uria eta Illaroz gain, Itxaso Paia, Joanes Igeregi, Josu Landeta eta Peio Arondo ere lehiatu ziren. Paia gelditu zen hirugarren; lehenengo lekuak eskuratu zituzten biekiko aldea nabarmenagoa izan zen kasu horretan.
Algortako Fadura kiroldegiko aretoan izan zen norgehiagoka. Bertsozale elkarteak azaldu duenez, “giro beroa” sortu zen. 85 bertsozale inguru bildu ziren finalean. Txapeldunari Trino Azkoitiak jantzi zion txapela. Eskualdean bertsogintzaren berpizkundearen bultzatzailea izan zen bera.