1975. urtean jaio nintzen

Adinak aurrera egitean, urteak betetzeak pisu handiagoa hartzen du. Izan daiteke urteekin kiloak gora egin dutelako eta gero eta gehiago kostatzen zaigulako eskailerak igotzea. Urteak esateko orduan, etxeko solairuekin alderatzea dut gustuko. Bigarren solairuan dauden gazteek barre egiten dute, baina bosgarren solairuko azken eskaileran daudenentzat horrela kokatzea lasaitasuna da. Nik gaztetatik urteak gehitzeko ohitura izan dut, eta badira urte pare bat berrogei urteko krisia pasatu nuela, eta laster berrogeigarren urteko krisia izango dut. Horrela, iristen denerako prest nago, eta urte hori bizi izan duzun sentsazioa daukat. Kontua da hamarkadaz aldatu beharko dudala laster, eta azken boladan etengabe galdetzen didatela zein urtetan jaio nintzen. 1975. urtean jaio nintzen, bai, Arias Navarrok espainolei Francisco Franco hil zela esan zien urtean. Ikastolako kumeak gara. Bertan hasi ginen antzerkia maitatzen. Ikastolan sortu genuen Gilkitxaro antzerki taldea. Garai horietan gazte kuadrilla batek osatzen genuen taldea. Helburu nagusia antzerkia egitea genuen, euskara hutsez beti, antzerkiaz gozatu eta antzerkian ikasiz jolastea. Gogoan dut lehen antzezlana; Gabriel Arestiren Etxe aberatseko seme galdua eta Maria Magdalenaren seme santua. Hamasei urte genituen, eta Angel Zelaieta euskara eta literatura irakasleak gure antzerkirako zaletasuna eta pasioa ikusita, Gabriel Arestiren antzerkiak irakurtzeko proposatu zigun. Erronka bota ere; astean behin euskarako ordua antzezlana atontzeko erabiltzea. Ondo aprobetxatu genituen ordu haiek, eta hilabete pare batean muntatu genuen antzezlana. Agian, garai horretan ez genuen ondo ulertu testua, baina gozatu ederra hartu genuen. Ikastetxez ikastetxe ibili ginen antzezlana egiten. Urrian Gabriel Arestiren jaiotzaren 80. urteurrena izan zen. 50 urte dira aurten Gabriel Arestik Harri eta Herri argitaratu zuela, eta liburuaren etenik gabeko irakurraldia izan zen Arriaga antzokian. Asteburuan Zarautzen Literaturiaren seigarren aldia ospatuko da, euskal literaturaren plaza, eta bertan ere Gabriel Aresti protagonista izango dugu. Plazako farolan kartela zintzilik ikusi dugu; bertan da Gabriel gogora ekarriz poesia mailua dela. Urte osoan presente izan da idazlea, eta gogora ekarri dut ikastola garaietan nola ezagutu genituen haren liburuak, bizitza, antzezlanak. Argi dut zein urtetan jaio nintzen, 1975. urtean, Gabriel Aresti hil zen urtean.