Ezkerraldeko beharginen borroken testigantzak

“Ezkerraldea langile borrokak eraiki du”. Horixe dio Sestaoko Txirbilenea kultur guneak, eta horregatik II. Langile Borroka jardunaldiak egiten ari da egunotan. Etorkizuna ere beharginen eskutik iritsiko da, “motor” izateraino.

Gaur eta bihar, esaterako, Industria paisaia erakusketa ikusteko aukera izango dute kultur gunera doazenek. 18:00etatik 21:00etara egongo da zabalik bi egunotan. Bihar da ikusi ahal izateko azken eguna. Erakusketa horretan Adrian Kortadiren margolanak ageri dira. “Industria osteko paisaia dokumentatu eta arakatu nahi duen egitasmo piktorikoa” aurkeztu du artistak.

Horrez gain, Martxoak 3 elkarteko Andoni Txaskok berbaldia emango du gaur, leku berean, 19:00etatik aurrera. Martxoak 3: Borroka, errepresioa, zigorgabetasuna izango du hizpide.

Botereak “langile klasearen antolakuntza eta borrokaren kontra” izan duen jarrerari buruz egingo du berba Txaskok. “Langileen interesen aldeko borroka guztiak historikoki bortizki zapalduak” izan direla dio. Horren adibide gisa, Gasteizko gertakariak ekarriko ditu gogora. 1976ko martxoaren 3an, greban zeudela eliza batean bildu ziren langileei gertatutakoa, hain zuzen. Poliziak beharginak handik aterarazteko, gasa bota zuen, eta ostean, tiroka hasi zen. Bost behargin hil zituzten eta ehundik gora zauritu egon ziren.

Liburu azoka

Bihar, bestalde, langileen borrokak ardatz dituzten liburuen azoka egingo dute. 17:30ean zabalduko dituzte ateak. Gai hori landu duten zenbait libururen aurkezpena egiteko ere aprobetxatuko dute.

Ostean, SOS Arrazakeria elkarteak iraganeko eta egungo langile migrazioak izango ditu hizpide. Gogora ekarri dutenez, “industrializazio garaian Espainiako estatuko leku ugaritatik bertako lantegietara iritsitako herritarrakaz” eraiki dute Ezkerraldea azken hamarkadetan.

“Industrietako nagusien ikuspegitik lan indar merkea baino ez ziren pertsona haiek”, esan dute. Migrazio mugimendu horiek eta egungoak aztertuko dituzte, lan eskuaz haratago. Jardunaldiei bukaera emateko, triki-poteoa egingo dute Txabarri auzoan, 21:00etatik aurrera.