1937ko maiatzaren 19an bonbardatu zuten tropa faxistek Galdakao. Hogei pertsonatik gora hil zituzten egun hartan. Eta horiek guztiak oroitzeko ekitaldia egin zuten astelehenean Plazakoetxe plazan. Duela hiru urte monolitoa jarri zuten han, “oroitarri kolektibo” gisa. Aurtengo ekitaldirako Maxam enpresak berreskuratutako sirena hotsa erabili nahi izan zuten: “Entzundako sirena hotsek ematen zuten abiazio frankistaren berri, eta herritarrak korrika joaten ziren babeslekuetara”, adierazi zuen Ibon Uribe Galdakaoko alkateak. Nabarmendu zuen beharrezkoa dela memoria historikoa berreskuratzen lan egitea, “erakundeen esparrutik, arlo politikotik eta gizartetik”. Ekitaldian lore eskaintza egin zieten duela 77 urteko bonbardaketan herrian izandako 23 biktimen senideei.