Bilboko Zazpikaleetan dagoen Begoñako igogailua itxi egingo dute ekainaren erdialdean. Halaxe erabaki du igogailuaren jabe den Ascensores de Begoña SL enpresak, eta horretarako bi arrazoi nagusi eman ditu: batetik, Eusko Jaurlaritzako Garraio Sailarekin izandako negoziazioetan aurrerapausorik ez egitea; eta, bestetik, aspalditik nozitzen ari diren diru galerak pilatzen ari direla eta, negozioari eusteko gero eta zailtasun gehiago izatea.
Han, bost langile aritu dira beharrean egundaino, eta igaro den astean eman diete erabakiaren berri. Edonola ere, oraindik ez daukate eguna zehaztuta, eta enpresako arduradunak adierazi du igogailua hilabeteko epean itxiko duela.
Ez da Begoñako igogailua ixtea iragartzen den lehenengo aldia. Aurten ixteko asmoa zuten, otsailaren 20an, hain zuzen ere. Azkenean, Eusko Jaurlaritzako Garraio Saileko ordezkariek negoziazioetarako epemuga luzatzea erabaki zuten, eta zalantza airean geratu zen. Baina, langileen ustez, orain hartu den erabakiak ez du atzera bueltarik izango, eta behin betiko itxi behar izango dute.
Lanuzteak, bertan behera
Enpresako buruarekin batzartu ostean, langileek adierazi dute bertan behera utziko dituztela aldez aurretik iragarritako eta gaur hasiko ziren lanuzteak. Egoera konpondu ezean, greba mugagabea hasteko prest agertu ziren. Izan ere, azken hiru hilabeteetan ez dute soldatarik jaso. Egun, etorkizunera begira daude. Behin itxita Arangoiti auzoko igogailuaren bide bera jarraituko duen kezkatzen ditu langileak: 66 urtez lanean egon ostean, 2010ean itxi zuten.