Beste bi lehiakide ditu udazkenean jokatuko den Bizkaiko Bertsolari Txapelketak. Eskualdeetako finalak amaitzen ari dira, eta laster jakingo da nortzuk ariko diren udagoieneko lehiaketan kantuan. Joan den asteburuan egin zituzten Lea-Artibaiko eta Durangaldeko bertsolari txapelketetako finalak. Nerea Ibarzabal Salegi nagusitu zen lehenengoan, eta Gorka Lazkano Arrizubieta bigarrenean. Haiegaz batera ariko dira udazkeneko lehiaketan gainerako eskualdeetako ordezkariak.
Zuzenean sailkatzea lortu zuen Ibarzabal markinarrak zapatuan, ariketa guztiak egin ostean. Bederatzi puntu eta erdiko tartea atera zion Gorka Ostolaza lehiakideari. Haren kontra jokatu zuen buruz burukoa, ordura arte puntu kopurua paretsua lortu baitzuten biek. Eta kartzelako saioan atera zion Ibarzabalek zazpi puntu eta erdiren aldea Ostolazari.
Finala egin aurretik, beste bi saio izan dituzte Lea-Artibain. Berriatuko kanporaketan, Ostolaza eta Eneko Arrate sailkatu ziren finalerako, eta Aulestikoan, Joseba Artza, Ibarzabal bera, Xabat Galletebeitia eta Lander Ibarluzea.
Durangaldean ere, antzeko tartea atera dio garaileak bigarrenari; hamar puntu eta erdikoa, hain zuzen ere. Aitor Bizkarra Ruizegaz aritu zen Lazkano buruz burukoan. Kasu horretan, bakarkakoan nagusitu zitzaien guztiei Lazkano, zortzi puntugaz, eta garaile bihurtzeko bidea zabaldu zuen. Izan ere, buruz burukoan nahikoa parekatuta aritu ziren Bizkarra eta bera.
Izurtzako bigarren kanporaketan sailkatu zen Lazkano eskualdeko finalerako, Bizkarra, bera, Ander Salaberria eta Garikoitz Sarriugartegaz batera. Lehenago, Zornotzan Beñat Romero eta Ander Gerrikaetxebarria sailkatu ziren eskualdeko finalerako.
Bi finalek ikusmina sortu zuten bertsozaleen artean. Ziortza-Bolibarko frontoian 110 lagun inguru elkartu ziren Lea-Artibaiko txapelketako finala ikusteko, joan den zapatuan. Domekan, 85 bertsozale batu ziren Berrizko Kultur Etxeko aretoan, Durangaldeko finalean.
Bestalde, Eskolarteko Bertsolari Txapelketen kanporaketa saioak gaur bukatuko dira. Ekainaren 7an jokatuko da finala, Gernika-Lumon.