Baxurako Gran Artibai txaluparen maketa egiten dabil egunotan Gabriel Arrizabalaga Larrinaga (Ondarroa, 1953). Haztegiak, zubia eta zutoinak dauzka alde batean, aske, amarraleku barik, eta kaskoa zentimetro gutxi batzuetara. Aurrealdea, barrutik, marra zuri-gorriz margotuta, Athletic futbol taldeari aipamena eginda, sasoi bateko txalupen ezaugarriaren isla. Mahai gainean, argazkiak, maketa ahalik eta xehetasun handienez egiteko.
Itsasoan zebileneko istorioak gordetzen dituzte argazkiek. “Gran Artibai herrian zegoen txaluparik handiena zen 60ko hamarkadan. Bost-sei urtean egon zen Ondarroan, eta, gero, saldu egin zuten”, dio Arrizabalagak.
Ondarroako Astilleru itsasontzi modelismorako elkartearen lokalean ari da lanean, arraun elkartearen eta gaztetxearen ondoan, sasoi batean ontziolak zeuden toki berean. Elkarteko lehendakaria da sorreratik. Ordutik hamabi urte pasatu dira, eta bederatzi gizonezkok osatzen dute taldea gaur egun.
Arrizabalagari betidanik gustatu izan zaio eskulanak egitea. Gaztetatik dauka zaletasun hori, eta ahal duen bezainbeste denbora eskaini izan dio beti. Baina ez du inongo arte eskolatan ikasketarik egin. “Autodidakta” izan zela azaldu du. “Itsasoan lanean nenbilenean, oporraldian, beti hartzen nuen denbora eskulanak egiteko”. Denbora ez eze, pazientzia ere behar da edozein eratako maketak egiteko; itsasontziak zirrikituz beteta daude. “Bost bat tonako pazientzia eduki behar duzu itsasontzien maketak egiteko”. Eta burua. Hori ere ezinbestekoa da, Arrizabalagak dioenez: “Burua behar da: kaskarrak esaten dizu zelan egin”.
Ontzioletan barrena
Armairuetan gordeta, liburu pilo bat, argazkiz eta planoz beteta guztiak. Planoetan, ontzien kaskoaren luzeran erreparatu behar da lehenengo eta bat: aurretik hasi eta atzera zenbat saihets hezur dauden zenbatu behar da lehenengo, eta erditik atzera zenbat dauden ostean. “Nahi duzun eskalan mozten dituzu gero piezak”. Hori da beti lehenengo egiten dena, kaskoa, oinarria, eta ondoren egiten da hortik gorakoa.
Garrantzitsua da xehetasunik txikiena ere zaintzea. Horretarako, presa bazter batean utzi beharra dago: “Lagun txarra da hori itsasontzi baten maketa egiteko”. Arrizabalaga erlaxatu egiten da maketekin; zaletasun bat baino zerbait gehiago da harentzat.
Orain dela hiru urte hartu zuen erretiroa, bizitza osoan itsasoan lanean aritu eta gero. Hark, baina, ahal izan balu, beste ogibide bat aukeratu izango zuen: ontziola batean lan egitea edo ingeniari izatea… Desio “zapuztua” atzean lagata, tamaina txikiagoan egiten ditu ontziak orain. “Eskalan, baina txalupa horiek berak dira. Uretan ipiniz gero, berdin mantenduko dira ur gainean; motorra ipiniz gero, ibili egingo dira”.
Material malguak
Material asko erabiltzen dira maketak egitean. Lehen-lehena egurra da. “Arinago ala beranduago, sitsak jaten du beti, eta, horregatik, zuloak egin eta sitsarentzako bolak sartzen ditugu ontzian”. Kobrea, letoia, alanbrea, plastikoa, zinka eta eztainua ere erabiltzen dira pieza txikiagoak egiteko. “Zinkagaz ondo lan egiten da: pisu gutxi dauka, eta malgua da. Aluminioa arinagoa da, baina ez da ondo soldatzen eztainuagaz”.
Ezker-eskumara begiratuta, kristalezko hiru kutxa daude lokalean: barruan, baxurako ontzi bana, tamaina nahiko handikoak; atzeko mahaian, tamaina txikiagokoren bat. Ia zenbakaitzak dira horiek guztiak egiteko behar izan dituzten orduak. “Zenbat eta gehiago jakin, orduan eta denbora gehiago egiten duzu maketak egiten; xehetasun gehiagogaz egiten dituzu”. Zazpiehun-zortziehun ordu behar izaten dira maiz itsasontzi bat egiteko: “Hiru-lau hilabeteko beharra”. Halako lana egin eta gero, maketa bat eskuratu nahi dutenek ordaindu egin behar dute. “Ez da benetako balioaren erdirik ere ordaintzen, baina 600 euro, 1.000 euro edo 2.000 euro ordaindu behar dira. Denda batzuetan, adibidez, trokelean egindako maketak saltzen dira. Kasko konpaktua izaten dute, egur zati bakarraz egindakoa. Gu, berriz, hasiera-hasieratik hasten gara. Estalkia kenduz gero, saihets hezurrak ikusiko genituzke”.
Batzuk saldu eta beste batzuk etxera eramaten ditu maketagileak. Goleta bat dauka etxeko sarreran, beirazko kutxa batean sartuta. Legatzontzi txiki bat, motor txiki bat… Lau bat modelo dauzka guztira han, tamainaz nahiko txikiak. Eta, aukeratzekotan, baxurakoak ditu gustukoen, haren txikitako oroitzapenei lotuta daudelako.
Baina badago etxean eta erakusketetan erakutsi ez duenik. Plastikozko poltsa batean dauzka horiek, lokal bazterrean; egiten hasi, ase ez, eta alde batera laga dituenak dira. “Ez dakit amaituko ditudan”.