Gerra osteko sabel zorria

Tripak bete ahal izateko, txartelak erabili behar zituzten herritarrek duela 75 urte. Lehengai ugariren eskasia eragin zuten Francoren politika ekonomikoak, erregimenak zuen nazioarteko bakartzeak, eta 1936ko gerrak eragindako hondamenak. Gabezia horri aurre egiteko asmoz, elikagaien banaketa kontrolatzeari ekin zion gobernuak. Eta oinarrizko produktuen banaketa era kontrolatuan egiteko ezarri zituen errazionamendu txartelak. 11 urtez kupoi bidez eskuratu zituzten herritarrek bizirik irauteko oinarrizko baliabideak.

1939ko maiatzaren 14an eman zuen Francoren gobernuak errazionamendu erregimena ezartzen zuen agindua. Horretaz arduratzeko sortu zen Hornidura eta Garraioen Komisaria Nagusia. Sailaren ardura zen txartelen bidez banatzen ziren produktuen salneurria kontrolatzea eta liburuxken kontrola egitea. Baita Abasto izenarekin ezagutzen ziren lan horietan aritzen zirenak ere. Herritarrek produktuak jasotzeko dendak zeintzuk ziren ere izendatzen zituen sailak.

Bi motatako errazionamendu txartelak zeuden: batean haragia banatzen zuten, eta bestean gainontzeko produktuak —olioa, ogia, arroza eta azukrea banatzen ziren, besteak beste—. Errazionamendu erregimena ezarri zen lehen lau urteetan familia txartelen bidez kudeatu zuten banaketa. Baina elikagaien kontrol zehatzagoa egin nahian, banakakoak jarri zituzten martxan 1943an. Banakako txartel haiek ez ziren berdinak pertsona guztientzat. Gizarte mailak, osasun egoerak eta familia buruak zeukan lanak baldintzatzen zuen txarteletan banatu beharreko janariaren kopurua: herritar xume batek astean 150 gramo ogi jasotzen bazuen, 350 gramo jasotzen zituen guardia batek.

Errazionamenduaren erregimenak kontrolatzen zuen legezko bidetik lor zitezkeen elikagaiak. Hortik kanpo, merkatu beltza zen janaria eskuratzeko geratzen zen aukera bakarra. Estraperlo esaten zaio gerra osteko garaietako merkatu beltzari. Sobera zituzten produktuak saltzen zituzten merkatu hartan herritarrek, ohikoak baino salneurri handiagoetan.

Urre gorririk ez

“Gure etxetik bi kilometrora zegoen kooperatiba batera joaten ginen gu janari bila. Eta gauez ematen ziguten errazioa”. Hala azaldu du Libe Asua Zarrabeitiak. 97 urte ditu, eta Larrabetzun bizi da orain, baina Galdakaoko Elexalde auzoko baserri batean pasatu zituen gerra eta ondorengo garaiak. Memoria galdu duela dio, baina arin gogoratzen ditu gertatutakoak.

“Arroza ematen zigutela akordatzen naiz, eta gure etxean nahi beste arroz esne prestatzen zuela amak”. Janariaz gain, tabako orriak ere banatzen zituztela adierazi du Asuak irriz: “Guk ez genuen goserik pasatu. Baina asko ziren ezer ez zuten familiak”. Oiloak eta baratzea zuten eurek etxean. Eta lurrak emandakoari esker ondo jaten zuten: “Gure aitak baratzean egiten zuen lan, etxerako ezer falta ez zedin”. Erantsi du bere senarrak ere esaten ziola fabrikako burdinak ez zuela jaten ematen: “Lurrak beti eman du jatekoa. Eta horregatik bizi ginen gu horretaz”. Gaur egun, prozesu bera ikusten dio: “Lanik eta dirurik gabe dauden gazte asko hasi dira orain lurra lantzen. Ezer ez dagoenean, tripak betetzeko era bakarra da”.

Behin baino gehiagotan baratzetik patatak lapurtu zizkietela oroitu du Asuak, barrez: “Patata bila joaten nintzenean, askotan ez nuen lur azpian ezer aurkitzen”. Jarrera ulerberaz azaldu du goseagatik normala dela halakoak gertatzea. Garai hartako industrian lan egiten zutenek ere diru sarrera gutxi zuten: “Lau txakur ordaintzen zieten burdingintzan, zer beste aukera duzu?”.

Aitak estraperlora produktuak eramaten zituela ere azaldu du Asuak:”Herriko errotara joaten ginen irina egitera, eta gero estraperloan saltzen zen. Arbiak ere saltzen zituen”. Adierazi du etxera joaten zitzaizkiela asko, jateko produktu eske. “Baina dena ez zen urre gorria. Askok dirua egiten zuten estraperloarekin, eta bitartean, beste batzuk miseria gorrian bizi ziren. Aberatsak beti izan ziren aberats”. Elikagaien banaketan ere “batzuei beste batzuei baino ogi gehiago ematen” zitzaiela du gogoan.

Gosea barik, gerra garaiko giroa oroitzen du gehien. Behin eta berriz errepikatu du bonbardaketa hegazkinen berri ematen zuten sirenen hotsak gogora dakarkiona: “Deabruak ziren alemanak”. 20 urte zituela Gernika eta Galdakaoko bonbardaketak memorian iltzatuta ditu: “Ikaragarria izan zen”. Urte “oso zailak” pasatu zituela gaineratu du. Garai horietan aita Bilboko Santutxu auzoko Larrinagako kartzelan sartu zuten preso, hurbilekoek salatu ondoren. Handik bidalitako gutunak ondo gordeta ditu etxean.

Gaur egun, Larrabetzuko Mirasol baserrian lasai bizi dela dio: “Ondo bizi naiz orain”. Hainbat belaunaldik urteetan sufritutakoaren ahotsa bere barruan darama Asuak.