Arrigorriaga
Arrigorriagako kaleak artez eta umorez beteko dira egunotan, gaur hasi eta domekara bitartean Clown eta Pailazoen Nazioarteko XIX. Jaialdia egingo baitute. Saio gehienak Udaletxe plazan egingo dituzte. Hala ere, ikuskizunak kiroldegian eta Joan XXIII.a aita santuaren plazan ere izango dira.
Euskarazko ikuskizun batek emango dio hasiera gaur jaialdiari. Nalua Fakir Handiak harrituta utziko ditu ikusleak. 18:30ean egingo du erakustaldia.
Bihar ere izango da euskarazko beste ikuskizun bat: Gari, Montxo eta Joselontxok Kontxo… Kontxo izeneko lana taularatuko dute. 12:30ean izango da, Arrigorriagako kiroldegian. Hiru pailazoek ateraldi umoretsuak eta ezustekoak eramango dituzte agertokira.
Bestelako aukerarik eskainiko du egitarauak. Adibidez, Monkey Stylek puxiketan oinarritutako ikuskizuna eskainiko du. Elementu hori nolabaiteko aberastasun, botere, erakarpen eta arma bihurtuko da. 19:30ean egingo dute euren erakustaldia, Udaletxe plazan.
Etziko ere ikuskizun liluragarriak prestatu dituzte antolatzaileek. Alauda Teatrok, adibidez, zirkua eroango du kiroldegira. Zirku berezia izango da; pertsonak barik txotxongiloak izango dira ikuskizuneko protagonistak. Begia zorrotz izan beharko dute ikusleek. 11:30ean hasiko dute saioa. Teatrapok itxiko du aurtengo jaialdia. Akrobazia, ikus-entzunezko teknikak eta efektu bereziak erabiliko dituzte.
EGITARAUA
Gaur. Nalua Fakir Handia, 18:30ean. Capicua taldearen Enredos, 19:45ean.
Bihar. Gari, Montxo eta Joselontxoren Kontxo… Kontxo, 12:30ean. Cartonutti-Maximiliano Stiaren Cartonutti y las 3 RRR, 17:30ean. Hnos Inconfundiblesen Qué raro, ¿verdad?, 18:30ean. Monkey Styleren Babyllon, 19:30ean. Guilem Alba & The All-in Orchestraren Marabunta, 20:30ean.
Etzi. Alauda Teatroren The Puppet Circus, 11:30ean. Adrian Schvarzsteinen Dans, 12:45ean. Sergio Plaren Todos los recuerdos, 13:45ean. Dudu & Companyiaren El Niu, 17:30ean.