“Isurketak neurtzeko kabinak eta Sader lekuz aldatzeko eskatzen dugu”

Bilbotarrek hainbat elementurengatik sufritzen duten kutsadura salatzeko elkarretaratze bi egingo dituzte datorren eguenean, Zorrotzan eta Elorrietan. Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak antolatu ditu, eta 19:00etan izango dira. Carlos Ruiz federazioko presidenteordeak (Santander, 1949) azaldu ditu deialdia egiteko argudioak.

Arnasten duzuen airearen kalitatearen alde aterako zarete kalera. Zer aldarrikatuko duzue?

Kalte handiena Sader enpresak eragindakoa da. Galbanizatuen lokatzak birziklatzen dituzte, eta Zorrotza eta Elorrieta inguruan du eragina. Ongarri mineralak ere sortzen dituzte, eta tximiniatik materia kutsagarriak botatzen dituzte. Besteak beste, metal astunak, kromo oxidoa prozesatzen dutelako. Isurketa horiek kaltegarriak dira osasunarentzat.

Enpresa horrek egunero jarduten du. Orain gutxi arte usain txarra ateratzen zela eta, Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak Usainen Mahaia eratu zuten. Haren jardunak ez du inongo ondorio praktikorik izan kutsadura mota hori desagerrarazteko orduan.

Beste enpresa batzuen jarduerak ere salatzen dituzue.

Bai. Cadagua ibaian garauak deskargatzeak sortzen dituen kalteak salatzen ditugu, adibidez. Ongarri mineralak, garia zein garagarra dakartzaten ontziek deskarga lanak egiten dituzte han. Absortzio eran egiten dutenean deskarga, hautsa sortzen da eta asko zabaltzen da, Elorrieta inguruan, bereziki.

Horrez gain, inguru horretako bizilagunek Zabalgarbiren kutsadura ere sufritu behar dute, gaine-gainean daukate eta. Beraz, afekzio handiko eremua da. Alquitranes Vizcainos ere badago Cadaguaren beste aldean. Hiru ardatz horien inguruan planteatu gura dugu airearen kalitatearen alde egitea.

Zer da, zehatz, eskatzen duzuena?

Neurketak egiteko beharra eskatu dugu. Elorrietan, Guggenheimen eta beste inguru batzuetan enpresa horien isurketak neurtzeko jarrita zeuden kabinak ez dabiltza. Kabina horiek oinarrizko sei elementu kutsagarri neurtzeko prestatuta zeuden. Baina, Europako Batasunak hamalau elementuk osatutako neurketak aurreikusi zituen geroago. Herritarrentzat oso arriskutsuak diren elementuak jasotzen ditu zerrenda horrek. Kabina horiek neurketa horiek egiteko prest ez zeudenez, euren jarduna etetea erabaki zuen Jaurlaritzak, beste barik. Bospasei urte daroate geldirik.

Eta horren inguruan zer diozue?

Gutxienez elementu kutsagarri horiek neurtzeko gaitasuna duten kabinak eskatzen ditugu. Bestalde, Saderri dagokionez, lekuz aldatzeko epe zehatz bat eman diezaioten gura dugu. Eraiki daitekeen eremu batean kokatuta dago, eta bateraezinak dira darabilen jarduera eta bizitoki gune bat. Beraz, batetik, kabinak eskatzen ditugu; bestetik, Sader lekuz aldatzea, epe zehatz batean.

Bestalde, Uribarriko errauste planta ere salatu izan du federazioak. Zertan da gai hori?

Apirilaren 22a lurraren eguna da, eta ekainaren 5a, ingurumenarena. Nazioarteko egun horiei erreparatu ere ez die egiten Bilboko Udalak. Egun sinboliko gisa baino ez ditu hartzen. Beraz, Bilbok gaur egun oraindik ingurumenagaz lotuak dituen gaitzen azterketa egitea dugu helburu.

Errauste plantari dagokionez, arauditik kanpo dago. Herritarren osasunerako kaltegarria izanik, gutxienez industrialde batean egon beharko luke. Jaurlaritzaren legediak B maila eman dio, A maila dagokion arren. B maila industrialde batean kokatutako instalazio bati dagokio. Hala ere, 26.000 herritarrengan eragina duen hirigune batean kokatuta dago.

Mobilizazioekaz jarraitzen duzue?

Hamabi urte daramagu borrokan. Auzitara jo dugu, manifestazioak egin ditugu, interpelazioak egin ditugu Legebiltzarrean, eskaerak egin dizkiogu Jaurlaritzari… Denetarik egin dugu. Lortu dugun gauza bakarra da instalazioa egin zutenean jaso behar zituen baldintzak eskatzea. Besteak beste, iragazkiak jartzea.

Hamar hilabeteko epea eman die Jaurlaritzak hori egiteko. Irailean bukatuko da epe hori. [Ana Isabel] Oregi sailburuari eskatuko diogu eguna iristen denean zein neurri zehatz hartu diren azal diezagula. Ez dugu jakin gura zer eskatu dieten, zein neurri hartu dituzten eta zein jarraipen egin zaien baizik. Baita zenbateko kutsadura maila dagoen ere.

Solokoetxeko kutsadura elektromagnetikoak ere kezkatzen ditu herritarrak; bereziki, ikastetxeetako umeen gurasoak.

Neurketak eskandalagarriak dira. Artxandan, esaterako, La2 telebista katearen antenak funikularraren geltokiaren ondoan daude. Guk dakigunez, emisioak legeak ezarritako maila baino 157 handiagoak dira. Atsedenerako gune bat da hori, eta sentiberagoak diren pertsonak ibili ohi dira handik: umeak eta adinekoak.

Bilbon foku ugari daude. Solokoetxeko ikastetxea da neurriak aldarrikatzen dituen nagusia. Paradoxa gertatzen da han. Igogailuan daude antenak; hau da, publikoa den azpiegitura batean. Eusko Jaurlaritzak enpresa kudeatzaileagaz sinatutako akordioaren arabera, jarduera ekonomiko bakarra igogailuaren erabilerari dagokio. Antena horiek han jarrita, ordea, diru sarrerak lortzen ari da enpresa kudeatzailea. Baina, gobernuak, instalazio horren jabe izanik, ez dio akordio hori betetzeko eskatzen; are gehiago, babestu egiten du, ikastetxeko leihoetan pantaila metalikoak jartzea aztertzen ari baita, kutsadura elektromagetiko horren eragina gutxitzeko.

Neurri horrek, gainera, ikastetxe barruan soilik babestuko lituzke umeak. Eta patiora ateratzen direnean zer gertatzen da? Haur eskola bat eta zahar etxe bat ere badaude inguru horretan. Galdera horiei ez diete erantzuten.

Mugak zein diren eta neurketak zelan egin eztabaidagai dago. Administrazio publikoak neurketak egin baino hamar egun lehenago ematen dio abisua telekomunikazio enpresari. Beraz, emisioak aldi baterako murrizteko aukera du. Herritarrek planto egingo dute berriz ere, ez dutelako onartuko leihoetan pantailak jartzerik. Kartzelan bezala egongo lirateke umeak.